Ansar al Jihad (Gerra Sainduaren Jarraitzaileak) izeneko talde islamistak hartu zuen bere gain bahiketa webgune batean. Bertan okupazio indarrek Falujaren aurkako erasoa bertan behera uzten ez badute bahituak hilko dituztela ohartarazi zuten: «Bere burua saldu duen Gobernu honek gure eskaerak onartu eta betetzen ez baditu, 48 ordu igarota burua moztuko diegu».
Bien bitartean, soldadu irakiar eta estatubatuarrek aurrera jarraitzen dute Falujaren kontrola eskuratu nahian. Atzo, hegazkin estatubatuarrak hiria bonbardatzen aritu ziren goizalde osoan. Lurreko soldaduei bidea erraztea zen helburua. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Armadaren arabera, dagoeneko, hiriaren %70a dute kontrolpean baina erreboltariek aurre egiten jarraitzen dute noizbehinkako borrokekin. Thomas Meltz jeneralak, ildo horretan, «borroken amaiera» tokitan dagoela iritzi zion: «Azkar aurreratzen ari gara baina arinegi joan gabe. Kontu handiz gabiltza biktima zibilak eta hiriari egindako kalteak ahalik eta gutxien izan daitezen».
AEBetako 11 soldadu hil dira
Tropak hiri sunitaren iparraldetik sartu eta udaletxeraino iritsi ziren atzo. Soldadu irakiarrek ustez erresistentziak atzerritarrak bahitu eta hiltzeko erabiltzen zituzten zuloak topatu zituzten. Al Jolan auzoan izaten ari dira erresistentzia eta soldaduen arteko borroka gogorrenak. Hainbat informazio iturriren arabera, zortzi soldadu estatubatuarren gorpuak zeuden lurrean, baita hainbat erreboltariren gorpuak ere. Erreboltariak kalez kale aritu ziren soldaduei aurre egiten eta zalantzan jarri zuten okupazio indarrek hiriaren %70a kontrolpean zutenik.
AEBetako aginte militarrak atzo plazaratutako azken datuen arabera, Falujako operazioan hamaika soldadu estatubatuar eta bi soldadu irakiar hil ziren. Al Jazeera telebista katearen arabera, bestetik, talde armatu batek Irakeko Guardia Nazionaleko hogei kide bahitu zituztela jakinarazi zuten.Falujan bizi den egoeraren aurrean Al Kaeda erakundeko adar batek okupazio indarren aurkako «gurutzada» prestatzera deitu zituen musulmanak. Gobernuak, bestalde, amore ematen duten erreboltariei amnistia emango zaiela iragarri zuen baldin eta delitu larrien errudun ez badira.
Bagdaden hamar pertsona hil dira
Falujan ez ezik, hainbat borroka izan ziren atzo herrialdean. Bagdaden polizia kontrol baten alboan lehergailu bat eztandarazi eta hamar pertsona hil ziren, tartean lau polizia irakiar eta kuwaitiar bat. Irakeko lehen ministro Iad Alauik hogeita lau ordu gehiago luzatu zuen Bagdadeko aireportuaren itxiera.
Baijin herrian zortzi zibil hil eta hogeita bost zauritu ziren borroken ondorioz. Guardia Nazionalaren aurka aritu ziren erresistentziako kideak hiriaren erdigunean soldadu estatubatuarrei morteroekin eraso egin ondoren. Erasoetan hiru etxe, bost auto eta hiru kamioi suntsitu zituzten. Kirkuken, aldiz, gutxienez sei guardia nazional irakiar hil ziren bi konboiren aurkako eraso banatan. Samarran beste lau pertsona hil ziren hainbat erasotan, tartean haur bat. Bakuban ere lehergailu batek eztanda egin ondoren soldadu estatubatuar bat hil eta beste bat zauritu zuten. Kerbalan, polizi etxe baten aurka egindako erasoan gutxienez polizia bat hil eta bost zauritu zituzten. Mosulen borrokak izan dira soldadu eta erreboltarien artean. Erreboltariek base bati eraso egin eta bi soldadu estatubatuar hil zituzten. Borroka horien ondorioz, Mosulen ere etxeratze agindua ezarri zuten.Irakeko Alderdi Islamikoak, bestetik, Hachim Hasani Industria ministroa alderditik bota zuen atzo dimisioa eman ez zuelako. Alderdi sunitak gobernu taldean zuen ordezkari bakarra zen Hasani, eta herenegun iragarri zutenez, agintea utziko zuen baldin eta Falujako erasoa bertan behera gelditu izan ez balitz.
-
Datua
200.000
Nazio Batuen Erakundearen arabera, azken egunotan 200.000 pertsona ihes egin dute Falujatik okupazio indarrek egiten ari diren erasoaldiaren eraginez. Hiriaren kanpoaldean dagoen Al Anbar eskualdean hiru errefuxiatu gune ezarri dituzte eta handienean 100.000 pertsona daude. Giza laguntzarako erakundeek jakinarazi dutenez 3.000 familia daude hirian harrapatuta.