SOSLAIA

Albert Rivera: bere anbizioak jandako liderra

Hondoratzearen erantzukizuna hartu, eta Ciudadanosen liderrak dimisioa eman du. Gontz alderdia izateari uko eginda, ildo liberala alboratuta, espainiar nazionalistena izan nahi izateak aurrean eraman du.

Albert Rivera, gaur goizen egindako agerraldian. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Igor Susaeta.
2019ko azaroaren 11
19:33
Entzun

Duela urte erdi eskas, apirilaren 28ko hauteskundeen ondoren, Albert Riverak eskura zuen PSOErekin gobernua osatzea, edo, gutxienez, hori baldintzatzea. Baina Ciudadanosen zuzendaritzak erabakita zeukan Pedro Sanchezi betoa jartzea. 57 diputatu lortu zituen Espainiako Kongresuan, bederatzi eskasera zuen PP, eta gontz alderdiarena egitea baztertuta, oposizioko buru bilakatu nahi izan zuen. Kataluniako auzia katramilatu zenetik, geroz eta eskuinerago posizionatuta dago, eta nahiz eta zuritu egin nahi izan dituen, autonomietan itunak egin ditu bai PPrekin, baita Voxekin ere. Paradoxikoki, haiekin lehiatu da eskuinaren eta eskuin muturraren botoa bereganatzeko, nor baino nor bortitzago, eta zentroa baztertuz onartutako borroka hori belarrondoko galanta jasoz galdu du. Jarrera horrek alderdia bera astindu du —dimisioak egon dira azken hilabeteetan—, eta beste hauteskunde batzuetan bipartidismoaren alternatiba liberal gisa aurkeztu zenean erakarritako hautesleak uxatu ditu. Apirileko bozekin alderatuta, herenegungo hitzorduan bi milioi eta erdi boto galdu zituen: 47 diputatu. Horrenbestez, Rivera alderdiaren lider betierekoak dimititu egin zuen atzo goizean, bezperan, emaitzen beroan, iradokitakoa gauzatuz.

«Proiektu kolektibo bat arrakastatsua denean, liderrok jakin behar dugu arrakasta denona dela; baina porrotak liderrarenak dira», nabarmendu zuen azken hamahiru urteotan alderdi laranjaren burua izan denak. Alderdiaren zuzendaritzaren aurrean Madrilen egindako agerraldian, ia ordu laurden iraun zuen diskurtsoa eman zuen, eta ez zituen kazetarien galderak baimendu. «Ciudadanoseko presidente gisa dimititu dut, proiektu honek bere etorkizuna aukeratu dezan; oraindik existitzen baita zentro politikoa». Ciudadanosek, ordea, aspalditxo alboratu zuen zentroa. Riveraren erabakiaren ondorioz, desegin egin dute zuzendaritza, eta orain, gestora bat izendatu arte, Batzorde Orokorrak zuzenduko du alderdia, behin-behinean. Batzar ezohiko batean erabakiko dute zein bide ibili aurrerantzean.

Nazionalismoen kontra egiteko sortu zuten alderdia Katalunian, 2006an, eta, neurri batean behintzat, azken bi urteotan egin duen nazionalismo espainiarraren aldarri muturrekoak hondoratu du. «Etorkizunik ez zuen plataforma bat zen; inork ez zuen konfiantzarik harengan», gogoratu zuen Riverak, atzo, alderdiaren sorreraz mintzatu zenean. La Caixan ari zen lanean, abokatu, eta 27 urte zituen. Aitortu izan du ordura arte PPri, PSCri eta CIUri emana ziela botoa. Nuevas Generaciones PPren gazte erakundeko militantea ere izan zen.

«Zentro ezkerra» zen

Alderdiaren lehen batzar orokorraren arabera, «zentro-ezker ez-nazionalistaren espazioa» betetzeko beharra zegoen. Eratu zuten urte berean, molde efektistak baliatuz iritsi zen Kataluniako Parlamentura. Alderdiak kanpainarako erabili zuen kartelean Rivera bera azaltzen zen genitalak estaltzen: «Pertsonak bakarrik inporta zaizkigu» zen mezua.

Herritarrengana iristeko ahaleginean, mezu zuzenak lagunarteko hizkuntza moldearekin uztartu ditu, baina geroz eta nabariagoa zen jokabide zakarrez blaituz.

Eta Katalunian bezala, Espainian ere lortu zuen presentzia instituzionala —40 diputatu, 2015eko hauteskunde orokorrean—, bipartidismoaren higadura aprobetxatuz, eta Espainiako politikan «erregenerazioa» hauspotuko zuela eta gardentasuna bermatuko zuela hitz emanez. Halere, Ciudadanoseko kide izen direnek boterekeria eta alderdiko arauak haustea leporatu izan diote.

Iazko aurreneko hilabeteetan, Espainiako Auzitegi Gorena PP alderdi ustel bat zela adierazteko pronto zegoenean, eta ez zirudienean Sanchez presidente izatera helduko zitekeenik, inkesta batek adierazi zuen boto asmoari zegokionean Ciudadanos lehen indarra zela Espainian. Eta Rivera hazi egin zen, presidente izan zitekeela sinetsi zuen. Ordurako, berritutako estatutuen arabera, alderdi «liberal progresista» zen Ciudadanos; guztiz eskuinera joanda zegoela, alegia, eta pragmatismoa alboratuta. Apustu horrek galbidera eraman du. Bere igerilari garaiak gogoan, Riverak atzo adierazi zuen kiroltasunez jokatu nahi duela. «Etxean arduratsua izaten erakutsi zidaten; gauza bera egin zuten irakasleek eskolan, eta entrenatzaileek uretan».   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.