Egiptoko herritarrek boteretik kanpo nahi dituzte militarrak, eta hori gertatu arte ez daude amore emateko prest. Protestak gogortu egin dira atzo iluntzeaz geroztik, eta armadak blindatutako hiru kamioi sartu ditu Kairoko erdigunera Polizia eta Barne Ministerioa babestera. Anaia Musulamanak alderdi islamistak, berriz, ez du azken manifestazioetan parte hartu, «kaosaren beldur»; gainera, ez du botere militarra zibilengana igarotzeko oztoporik jarri nahi. Hain zuzen, hori da herritarren etengabeko eskaera, eta dagoeneko ez dituzte Mohamed Hussein Tantaui Armadaren Kontseilu Goreneko mariskalaren promesak sinesten.
Bestalde, Egiptoko zenbait alderdi politiko asteleheneko parlamenturako hauteskundeak bi aste atzeratzeko aukera eztabaidatzen ari direla aditzera eman du Al Ahram egunkariak. Atzeratuko balira, hauteskundeen lehen fasea aldatuko litzateke—orotara hiru fase izango ditu—.Herritarrek eta militarrek, baina, bozak mantendu nahi dituzte.
Egiptoko Hauteskunde Batzorde Gorenak, halaber, berretsi egin du lehen fasea hasiko dela. «Beharrezko prestaketa lanak egiten ari gara: bozkalekuak eta botopaperak behatu ditugu, eta hautesle eta ikuskatzaileen segurtasuna bermatzeko neurriak hartu ditugu», azaldu du Abdelmuiz Ibrahim batzordeko buruak. Istiluak izan arren prozesua «normal-normal» gauzatzen saiatuko direla hitzeman du.
Bost goi kargudunen salaketa
Erasoetan zauritutako lagunen kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta gutxienez 35 pertsona hil dira, Egiptoko Osasun Ministerioaren arabera. Navi Pillay Giza Eskubideetarako NBEko Batzarreko goi laguntzaileak «gehiegizko indarkeria» amaitzeko eskatu dio Poliziari.
Egiptoko Giza Eskubideen aldeko bost erakundek ere bost goi kargudunen aurka salaketa jarriko dutela iragarri dute, indarkeria basatia erabiltzeagatik eta eragindako hildakoengatik. «Egiptoko auzitegiek epaitzen ez badituzte, nazioartekoek egingo dute».
Aldaketak azkar egiteko bozak astelehenean mantentzea nahi du Egiptok
Herritarrek «normal-normal» bozkatzeko neurriak hartu ditu Hauteskunde Batzordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu