Aldaketarako zalantza

Obamak hitzeman du Newtownen bere «botere guztia» erabiliko duela ortziraleko bezalako «sarraskiak eragozteko»AEBetako presidenteak Armen Legea ez du ukitu azken lau urteotako tiroketen ondotik

mikel rodriguez
2012ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
«Hau jada ezin dugu jasan», erran du Barack Obama AEBetako presidenteak Newtownera egin duen bisitan. Joan den ortziralean 20 urteko gazte batek 27 lagun hil zituen hango eskola batean, horietako hogei haurrak, eta ondoren bere buruaz bertze egin zuen. «Tragedia hauek bukatu behar dute, eta bukatzeko aldatu egin behar dugu». Aldatzeko beharra izan du ahotan Obamak, inoiz baino argiago, eta jakinarazi du, gainera, hurrengo asteetan presidente gisa duen «botere guztia» erabiliko duela «horrelako tragediak ekiditeko asmoz». Hala ere, asmo zehatzik ez du agertu, eta armei buruz ez da mintzatu. Oroitarazi du presidente denetik (2008tik) laugarren aldiz bisitatu duela suzko armekin egindako sarraski bat jasan duen hiri bat, eta horrek sortzen du hain zuzen zalantza, ea bertze kasuetan bezala, Newtowngoak ere ez ote duen mugarririk ezarriko AEBetako armen legedian.

Toki publikoetan gertatutako tiroketak urteroko kontua dira AEBetan. Hildakoen zifrek nazioartean mintzagai izateko kopurua hartzen dutenean, armen jabetzari buruzko eztabaida piztu ohi da, baina, orain artean, etorri bezala itzali dira beti. Horrelako azken kasua iragan uztailean gertatu zen, Aurora hiriko (Colorado) zinemetan gertatutako tiroketan —24 urteko gazte batek hamabi lagun hil zituen—.

Demokraten proposamena

Armen inguruan debekuak edo mugak ezarri nahi dituztenek, ordea, bi faktore dituzte alde oraingoan. Alde batetik, biktima gehienak haurrak izan dira, eta horrek zirrara areagotu du herritarrengan. Bertzetik, Aurorako sarraskia gertatu zenean, Obama eta Mitt Romney hautagai errepublikanoa presidentetzarako lehian zeuden, eta ez zuten gaia ukitu nahi izan, hauteskundeetan eduki zezakeen ordainagatik. Bozak Obamak irabazi zituen iragan azaroan, eta orain legegintzaldi osoa du aitzinetik. Alderdi Demokrataren kide batzuek Kongresuan suzko arma batzuk debekatu eta bertze batzuei mugak paratzeko neurriak proposatuko dituztela jakinarazi dute. Horrek itxaropena eman die armen jabetza eta salerosketa mugatzearen alde dauden sektoreei.

Eztabaidagai diren arma motak nagusiki erasorakoak dira, hau da, herrialde gehienetan soilik armadaren eta Poliziaren esku daudenak. Arma erdi-automatikoak eta automatikoak dira, bala kopuru handiak jaurti ditzaketenak. AEBen antzera horien jabetzarako eta salmentarako lege malguak zituzten hainbat herrialdetan, sarraski bakar bat mugarria izan zen legeak gogortzeko. Erresuma Batuan, adibidez, 1988an arma erdi-automatikoak debekatu zituzten, 27 urteko gazte batek Ingalaterrako Hungerford herrian hamasei lagun hil ondotik, legez eskuratutako armekin. Handik bederatzi urtera, Eskoziako Dunblane herrian 43 urteko gizon batek irakasle bat eta 5 eta 6 urte arteko hamasei haur hil zituen eskola batean, pistolekin tiro eginda. Hurrengo urtean, parlamentuak pistolak edukitzea debekatu zuen.

Australian ere gauza bera gertatu zen Tasmania uharteko Port Arthur herriko sarraskiaren ondoren, 1996an —28 urteko gazte batek 35 lagun hil zituen—. Tasmaniako Estatuak armen jabetzarako lege malguak zituen, baina Port Arthurreko hilketen ondoren Australiako Gobernuak arma erdi-automatikoak debekatu zituen herrialde osoan.

AEBetan, ordea, aldaketarako erresistentzia handiagoa da, armen jabetza herritarren sektore handi baten idiosinkrasiarekin bat doalako. 1791ko konstituzioaren bigarren emendakinak babesten du «herriak armak izateko eta aldean eramateko» duen eskubidea. Independentzia babestearekin eta Europako monarkien antzeko gobernu absolutistei aurre egitearekin lotuta ezarri zen ideia hori AEBetan. Denborarekin, faktore gehiagok indartu zuten: jabetza pribatuaren defentsak, herrialdea mendebalderantz hedatu zen heinean mugaren defentsak, armagintzako negozio handien sorrerak, eta horiek NRA Erriflearen Elkarte Nazionalarekin batera politikan duten eraginak.

Michigan, armen alde

Sarraskiek ez dute aldaketarik eragin, eta emandako erantzun nagusia armen aldeko joera areagotzea izan da anitzetan, erasoen aitzinean defendatzeko beharra argudiatuta. Michiganeko Estatuak, adibidez, lizentzia dutenei armak gainean eta ezkutatuta dituztela eskoletan eta bertze toki publikoetan sartzeko baimena eman die. Newtowngo sarraskiaren egun berean onartu zuten legea. «Pistolarik gabeko guneak badituzu, masa hiltzaileak nagusitzeko guneak bilakatzen dira», adierazi du Steve Dulan legea bultzatu duen Michiganeko armen aldeko elkarte baten abokatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.