Garaipen Egunaren harira, maiatzaren 8rako, 9rako eta 10erako su eten batera deitu zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak, apirilaren 28an. Sobietar Batasunak naziak garaitu zituela ospatzen dute urtero Moskun, maiatzaren 9an. Biharkoa 80. urteurrena izango da, eta Kremlineko buruak ez zuen nahi Ukrainak hiriburuari egindako balizko eraso batek urtemuga zapuztea. Kievek, baina, ez zuen menia proposamena onartu, esan baitu tregoa 30 egunekoa izatea nahi duela. Hortaz, aldebakarrekoa da. Gauerdian sartu da indarrean, eta, Ukrainaren arabera, Moskuk berak urratu du.
Ukrainako Fiskaltzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Errusiak etxebizitza bloke bat bonbardatu du Sumi hirian, herrialdearen ipar-ekialdean, eta emakumezko bat hil du. Kieveko iturri militarrek Ukrainako telebista kate batean esan dutenez, Moskuk 26 bonbardaketa egin ditu gaur Ukrainaren kontra, eta «eraso ekintzei» eutsi die fronteetan. Hortaz, Andri Sibiga Atzerri ministroak zera nabarmendu du sare sozialetan, su etena «fartsa hutsa» dela.
Errusiak, ordea, ukatu egin du hori, eta esan tregoa betetzen ari dela. Armadak sare sozialetan azpimarratu duenez, «guztiz» eten ditu «borroka operazioak»; bide batez, horrek zer esan nahi duen zehaztu du: ez dela ari ez artilleria, ez misilak, ez droneak erabiltzen Ukrainari eraso egiteko. Dena den, ñabardura bat egin du. Adierazi du Ukrainako indarrak ahalegindu direla Errusiako lurretan sartzen, Kursk eskualdean, eta, orduan, «simetrikoki» erantzun diola Ukrainaren urraketari, eta aurrerantzean ere erantzungo diola.
Bien bitartean, hainbat liderrekin biltzen segitzen du Putinek Moskun, Garaipenaren Egunaren harira. Nicolas Maduro Venezuelako presidentearekin eta Miguel Diaz-Canel Kubakoaren batzartu zen atzo, eta gaur bilera egin du Xi Jinping Txinako presidentearekin. Aliatu estrategikoak dira, eta, Kremlinek zabaldutako oharrean dioenez, Putinek esan du «inoizko garairik onenean» daudela bi herrialdeen arteko harremanak, «oso gertuko posizioak» baitituzte nazioarteko auzietan. Kremlineko buruaren esanetan, biek ala biek bultzatzen dute «mundu multipolar justuago eta demokratikoago bat». Pekinek kaleratutako oharraren arabera, bi potentzien lankidetza estrategikoa indartzearen alde dago Xi, baita nazioarteko erakundeetan ere; esaterako, NBE Nazio Batuen Erakundean eta BRICS taldean.
Gainera, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hedatzeko nahia kritikatu zuten. Erresuma Batuak eta AEBek asmoa dute Indo-Pazifikoan azpiegitura militarra zabaltzeko, AUKUS aliantza militarraren bidez, eta, Pekinen eta Moskuren ustez, «armamentu lasterketa bat» ekarriko luke horrek.
Bihar, Luiz Inacio Da Silva Lula Brasilgo presidentearekin batzartuko da Putin, eta ondoren, Garaipenaren Eguneko ospakizunetan parte hartuko dute 30 bat estatuburuk eta gobernuburuk; aipatutakoak ez ezik, Moskun izango dira Aleksandr Lukaxenko (Bielorrusia), Teodoro Obiang (Ekuatore Ginea) eta Min Aung Hlaing Myanmarko junta militarreko burua.
MINERALEN ITUNA BERRETSI DU UKRAINAKO PARLAMENTUAK
Ukrainako Parlamentuak ia aho batez onartu du gaur Ukrainako mineralak ustiatzeko Kievek Washingtonekin egindako akordioa. 338 diputatuk bozkatu dute alde, eta bederatzik bakarrik kontra; are, oposizioa ere itunaren alde agertu da. Akordioan zera jaso dute, AEBen eta Ukrainaren arteko Berreraikuntzako Inbertsio Funtsa sortuko dutela bi herrialdeek, eta mineralen ustiapenaren bidez lortutako irabaziek elikatuko dute funts hori. AEBek, gainera, Ukrainako mineralak ustiatzeko lehentasuna edukiko dute.