Alderdi bakarrak egindako Konstituzioa izenpetu dute Hungarian

Ezkerreko oposizioak ez ezik, EBko herrialde batzuek ere kritikatu dute, alderdikoia eta atzerakoia delakoan

Erredakzioa
2011ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Hungariaren barruan ez ezik, Europako Batasunean ere eztabaida bizia eragin du atzo Pal Schmitt herrialde hartako presidenteak izenpetu zuen konstituzio berriak. Alderdikoia, nazionalista eta atzerakoia izatea leporatu diote haren aurkakoek, baina «hungariarra, nazionala, modernoa eta europarra» dela ziurtatu du Schmittek, Budapesten. Datorren urteko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.

Konstituzio berriari egiten zaion kritika nagusietako bat da alderdi bakarrak egin duela —eskuineko Fideszek— eta boterea galduta ere haren eragina ziurtatzeko egina dela. Izan ere, lege asko —aurrekontuak, familia politikari buruzkoak, zerga eta pentsioei buruzkoak...— onartzeko bi hereneko gehiengoa exijitzen du, Fideszek urte luzez kontratatuko dituen erakunde independente ugari sortzen ditu, eta Auzitegi Konstituzionalaren boterea gutxitzen du.

Viktor Orbanen Fidesz alderdi kontserbadoreak botoen %50 eta legebiltzarkideen bi heren lortu zituen iazko hauteskundeetan, aurreko gobernu sozialistaren irudi ustela baliatuta. Garaipen hori «iraultza nazionala» zela argudiatuta, Orbanek ez du konstituzioaren idazketa oposizioarekin negoziatu, eta herritarrei ere ez die galdetu. Konstituzio berria egiteko justifikazioa izan da aurrekoa, 1949koa, aginte sozialistaren garaian egindakoa zela, nahiz eta 1989an erregimen hura erori zenetik aldaketa andana egin dizkioten.

Hungariarren babesle

Auzoko herrialdeak ere kezkatuta daude, konstituzio berriak hungariar etnia osoaren babesletzat jotzen baitu Hungariako Errepublika, eta herritartasuna eskatzeko eskubidea ematen baitie leinu horretako guztiei. Errumanian 1,4 milioi hungariar bizi dira, 500.000 Eslovakian, 300.000 Serbian, eta 150.000 Ukrainan.

Kontserbadorea ere bada. «Jaio gabeko haurra» babestu beharraz hitz egiteak abortatzeko eskubidea mugatzeko aukera ematen du. Hungaria «herrialde kristaua» dela esaten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.