Alderdi bitasunari xake Hondurasen

Liberalei eta kontserbadoreei aurre egiteko moduan ageri da Manuel Zelayaren Libre, haren emazte Xiomara Castro buru duelaZortzi alderdi aurkeztu dira presidentetza hauteskundeetara, historian lehen aldiz

Tegucigalpa
2013ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ez da kale bat propagandarik gabe. Hautagaien potretak nonahi daude itsatsirik, markatu beharreko laukiaren zenbakia ondoan dutela. Astelehenean bukatu zen Hondurasko hauteskunde kanpaina ofizialki, bost milioi hautesleri bost eguneko gogoeta epea emanez. Orain, iragarpen guziak libre. Militarren itzala eta komunismoaren mamua gotor dauden herrian, nork eta nola demontre kudeatuko du hondamenean dagoen lurralde hau?

«Aberriari traizio egiten diotenei ez diegu lekurik utziko. Jainkoari esker, bakea eta lasaitasuna itzularaziko ditugu Hondurasera, Polizia Militar sortu berriaren laguntzarekin». Juan Orlando Hernandez Alderdi Nazionaleko lehendakarigaiak hitz horiekin itxi zuen igandean kanpaina, milaka jarraitzaileren aurrean. Alderdi urdinak, halaber, kongresuan eta udaletxeetan lehen lekua eskuratu nahi luke. Mauricio Villedaren Alderdi Liberala du parean, betiko lehiakide. «Gaur egun, nahiz eta Librekoak azpikerietan ibili eta gugandik aldendu, alderdiak indarra berreskuratu du. Gure aitzinekoek martxan ezarri estatus progresista eta eraldatzailea bultzatuko dugu, herriaren ongizaterako», dio hautagai zuri-gorriak.

Hitzak hitz, herritarrek grinaz begiratzen diote norgehiagokari. Aburu ikerketen arabera, gobernu berriaren agendan lehentasunez segurtasun eza, enplegu falta eta korrupzioa garaitzea nahi lukete. Egunean indarkeriaren ondorioz hogei hildako izaten dira, eta biztanleriaren %70 pobrezian daudelarik, gutxieneko zerbitzuak eraginkortasun gabekoak direla diote aho batez, kargudunen inpunitatea eta Poliziaren depurazio ezarekin batera. Porfirio Loboren de facto-ko gobernua bukatzea begi onez dakusate hautesle gehienek, sinbolikoki bederen, nahiz krisitik ateratzeko hautagaien aterabide proposamenak oso kontrakoak izan. Bake prozesua bultzatuko dutela agintzen dute alderdi guztiek, nazioartea zelatan dutela jabeturik.

Eliza katolikoa ere ez da isilik gelditu. Carlos Rubio Tegucigalpako artzapezpikuak Hondurasek «zerbitzari gardenak, zintzoak eta zuzenak» behar dituela predikatu zuen joan den igandean : «Bozka dezagun politika zikindu duten demagogia eta korrupzioa bukatzeko, demokrazia parte hartzaileak irabaz dezan». Pisuzko hitzak hiru biztanletik bi fededun diren lurraldean.

Alderdi sortu berrien helduera

Romeo Vasquez Alianza Patrioticako buruak erreparo gutxi jartzen dio zuhurtziari. 2009ko ekaineko estatu kolpean zuzenki inplikatu zen, eta herriak boza ematen badio «segurtasun ezaren arazoa sei hilabetean konponduta» edukiko duela segurtatzen du jeneralak. «Gurea bihotzez defenditzen irakatsi ziguten indar armatuetan, eta aberria arriskuan dagoelarik, defenditu behar da». Militarraren aburuz, hautagai nagusiek «ez dakite zertaz mintzo diren eta krisia profitatzen dute gauza ezinezkoak hitzemateko». Alderdi bitasunari leporatzen dio Vasquezek bidegabekeria: «Hiruki bat daukagu hauteskunde hauetan, bitan zatitu zen alderdi bat eta gobernu txarra egiten ari den beste bat. Gobernatzeko aukera jada ukan dute, eta herria zatitu dute».

Libretik, zeina Alderdi Liberaletik jalgia den, bestelako mezuak heldu dira. Erresistentziaren kolore gorri eta beltzak armairura sartu eta ukitu leunagoekin dator Xiomara Castro hautagai emakume bakarra, Manuel Zelayaren emaztea. Urte eta erdi eskas duen alderdi horrek garaipenean fermuki sinesten du, kolpe militarrak errotik moztu zion konstituzio berriaren egitasmoa gauzatzen segitzeko gogoz. Liberalismoaren zerbitzariak gogorki laidoztatuko zituela uste zen korronteak «konfiantza eta adiskidetzea» berreskuratu nahi ditu, «Chavezen eta Fidelen lagun» soilik ez dela erakutsi nahian. Sektore zigortuenen bozeramaileak etorkizunean hartuko diren erabaki inportanteak herriaren oniritziarekin gauzatuko direla hitzematen du. Mugimendu sozialen bozgorailu izateaz gain, Eliza ebanjelikoarekin, enpresaburuen ordezkariekin eta AEBen enbaxadarekin bildu dela argiturik, Xiomara Castrok erreformara jotzen du iraultza erradikalera baino gehiago.

Kanpaina hasi zenetik Libreko kide batzuk hil dituzte, eta batek erbestera joan behar izan du. Baina baikortasuna da Libreko militanteen aurpegietan nabari, kolpistei ostikoa eman eta alderdi bitasuna iraganera pasatu nahian.

Ingurumari horretan, Poliziak eta armadak ezagutzera eman dute istiluen kontrako iganderako estrategia. Hauteskunde Batzordeak puntako materiala ezarriko du kontaketa molde eraginkor eta garbienean egiteko. Demokraziara hurbiltzeko ahaleginak eginik ere, herritar askok ohiko hauteskunde iruzurra izanen dela uste dute oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.