Irlanda. Hauteskunde orokorrak (III). Eoin O'Broin. Sinn Feineko hautagaia

«Alderdi nagusien adostasuna ikusita, Sinn Fein da alternatiba bakarra»

Errepublikanoek zentro-ezkerreko koalizioa osatzea eskaini diete laboristei, baina ezezkoa jaso dute. Irlandako bankuek pilatutako zorra estatuak pagatu behar izatea onartezintzat jotzen du SFk.

Belfast
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Inkesten arabera, Sinn Feinek Dailen (Irlanda hegoaldeko parlamentua) dituen parlamentarien kopurua hirukoiztuko du. Krisi ekonomikoa dela eta, herritar askok betiko politikaz aspertuta ezkerrera joko dute. Hala ere, ez dirudi ezker-zentroko gobernua osatzeko SFk egindako deiek arrakasta handirik izanen dutenik. Alderdi Laboristak argi utzi du ez duela errepublikanoekin gobernua osatzeko asmorik. Hauteskundeen garrantzi historikoa azpimarratu du Eoin O Broin (Dublin, 1972) Clondalkingo SFko hautagai eta alderdiko zuzendaritzako kideak. Hurbildik ezagutzen ditu krisiak sorturiko egoera larriak, etxerik gabekoen aldeko erakunde batean lan egiten baitu. Clondalkinen, gainera, Irlandako hegoaldeko langabezia tasa handienetan bigarrena dago.

Irlanda hegoaldea estatu independente bihurtu zenetik krisi politiko eta ekonomikorik larrienean murgilduta dago. Zer dago jokoan hauteskunde hauetan?

Bi auzi garrantzitsu daude. Lehenik, gure subiranotasuna dugu jokoan. Aurreko gobernuak Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) eta Europako Batasunarekin (EB) akordioa sinatu zuenean gure burujabetasuna saldu egin zien. Hauteskundeen emaitzen arabera, erabaki hori borrokatzerik dagoen ikusiko da. Inkestek Fine Gaelek eskuin-zentroko gobernua osatuko duela diote, bakarrik edo laboristekin, baina oraindik bestelako gobernu bat hautatzeko, bestelako politika alternatiboak ezartzeko aukera badagoela erakutsi behar diogu herriari.

Bigarren auzia etorkizuneko norabide ekonomiko, politiko eta soziala da. Alde batetik, alderdi nagusiek eskaaintzen duten bide bertsua dago, eta, bestetik, Sinn Feinek proposatzen duen alternatiba dago. Hauteslegoak hartuko duen erabakiak ez du soilik hurrengo hamarkada moldatuko, baizik eta hurrengo belaunaldia.

Fianna Failen buru Micheal Martinek dio Irlanda hegoaldeak ezin duela alboratu NDFk emandako mailegua. Sinn Fein NDFrekin sinatutako hitzarmenaren aurka azaldu den alderdi bakarra da. Zein da zuen alternatiba?

Hasteko, Irlanda hegoaldeak ezin du ordaindu NDF eta EBren bankuen erreskatea. Eskaini duten 85.000 milioi euroren maileguak urtero 10.000 milioiko interesa ordaintzea ekarriko du. Hau da, osasun sistema osoaren aurrekontuaren parekoa. Maileguaren diru gehiena bankuetara joanen da. Kontua da estatuak espekulatzeagatik porrot egin duten banku horietan dagoeneko milioiak sartu dituela. Sinn Feinek uste du onartezina dela bankarien zorrak estatuak ordaintzea. Sinesgarria den alternatiba bat daukagu. Lehenik eta behin, zor publiko eta pribatuaren arteko banaketa ikusi nahi dugu. Sektore pribatuak dituen 100.000 milioi euroren zorrak bankuetara itzuli behar dira. Ez da zuzena herritarrek zergen bidez hori ordaintzea. Bigarrenik, defizita gutxitzeko 2011-2016 bitarteko plan zehaztua dugu. Gure plana, beste alderdienak ez bezala, ez dago soldaten murrizketetan edo sektore publikoko langileen kaleratzean oinarriturik. Lanpostuen sorkuntzan oinarritzen da. Hiru urteko epean, pentsio funtsetatik hartutako zazpi miloi euro lanpostuak sortzeko erabiliko genituzke. Jendea langabeziatik atera behar dugu, eta, horrela, diru gutxiago gastatuko dugu langabezia sarietan. Gainera, zenbat eta jende gehiago lanean egon orduan eta diru gehiago jasoko du estatuak kotizazioetan. Ezin da diru gutxien dutenen gainean krisitik ateratzeko zama jarri.

Alderdi Laboristari zuekin batera zentro-ezkerreko gobernua osatzeko deia egin diozue. Muzin egin dio, baina...

Hauteskundeen aurretik, gure aurrean botoak galtzearen beldur horixe esaten zuten, baina oinarrietako laborista askok gurekin osatu nahi dute gobernua. Bion artean gauza komun gehiago dugu beste alderdiekin baino. Orain dela hilabete batzuetako inkesten arabera, bi alderdien artean botoen %45 genituen, baina Fine Gaelekin hitzarmena sinatu zutenetik maldan behera joan da haien sostengua. Alderdi ezberdinak gara, baina garrantzitsua da ezkerreko beste alderdi txikiekin batera sozialki justuago izanen den Irlandaren alternatiba eztabaidatzea eta osatzea. Horren gose dira gazteak, langabeak...

2007an botoen %7an geratu zineten, lau parlamentarirekin. Oraingoan 11 eta 12 eserleku lortuko dituzuela dirudi. Zer eragin izan dezakezue Dailen?

Azkenean oposizioan geratuko bagina, gobernu berriari aurre egiteko lan zorrotza eginen genuke, baina Sinn Feinek hobekien egiten duena egiten jarraituko genuke, hau da, herriarekin lanean eskuineko politikak salatzen eta alternatiba sinesgarria lantzen.

Bake prozesua hasi zenetik hauteskundeetako emaitzak, hego eta ipar, etengabean hobetu dituzue. Maiatzean hauteskundeak egonen dira iparraldean. Zer-nolako garrantzia dute hauteskundeek egoera politiko orokorrean?

Maiatzean, Sinn Fein uharte osoan dagoen alderdirik handiena bihurtuko da, eta hori gauza ona da berriro baturik eta erabat independente izateko helburu errepublikanoentzat. Gakoa da gero eta jende gehiago erakartzea nazio demokrazia eta berdintasun ekonomiko eta politikoa osatzen duten proiektu errepublikanoetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.