ERRUSIA

Aleksei Navalni hil da, Putinen kontrako ekintzailea

Errusiako oposizioko kidea kartzelatuta zegoen, zirkulu polar artikotik hirurogei bat kilometrora dagoen espetxe batean. Nazioarteak eta senideek Kremlin egin dute heriotzaren erantzule.

ALEKSEI NAVALNI. ERRUSIA.
Aleksei Navalni, iazko maiatzeko argazki batean. EFE
Igor Susaeta.
2024ko otsailaren 16a
13:10
Entzun

Aleksei Navalni Errusiako oposizioko kidea eta aktibista hil da, gaur, Yamalo-Nenets barrutiko kartzela batean (Errusia), zirkulu polar artikotik hirurogei bat kilometrora. Hala jakinarazi dute Errusiako iturri ofizialek. Hainbat delitu egotzita, —besteak beste «estremismoa eta iruzurra»—, 30 urteko kartzela zigorra betetzen ari zen, eta espetxe horretan zegoen abendutik. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek adierazi du ez dakitela zerk eragin duen haren heriotza, eta gertatu dena ikertzen hasi direla. 47 urte zituen 2021eko Sakharov saridunak, eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurkako ekintzaile nagusia zen.

Navalniren senideek heriotzaren inguruko susmoak plazaratu dituzte. «Ez dakit albiste izugarri hau sinetsi behar ote genukeen...Ezin diegu sinetsi Putini eta haren gobernuari, une oro gezurretan ari baitira», adierazi du Yulia emazteak, Municheko Segurtasun Konferentzian. Iturri ofizialek adierazi dute, ohar batean, Navalnik paseo bat eman duela gaur goizean kartzelan, eta gero, «gaizki» sentitu ondoren, kordea galdu duela. «Suspertze ahaleginek ez dute emaitzarik eman», gehitu dute oharrean. Navalniren emaztearentzat, Kremlineko burua da, «pertsonalki», Errusiari egindako «gauza izugarri guztien erantzulea».

Mendebaldeko potentzientzat ere, oro har, Navalni hil egin dute. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearentzat «argi» dago hil egin dutela. «Bere posizioari eusten dion bitartean, [Putini] berdin zaio nor hiltzen den». AEBen ustez, gertatu denaren «erantzulea» da Errusia. «Errusiako Gobernuak eta Putinek Navalni, epaitu, pozoitu eta kartzelatu dute azken hamarkadan, eta orain haren heriotza iragarri dute», nabarmendu du Antony Blinken Estatu idazkariak.

Joan den abendura arte, Moskutik 200 kilometro ingurura dagoen espetxe batean zegoen Navalni. Baina kanpaina bat hasia zuen eskatuz Putinen alde ez bozkatzeko Errusian martxoaren 17an egitekoak diren presidentetzarako bozetan —«Vladimir, pozoitzailea», deitzen zion— eta agintariek erabaki zuten lekuz aldatzea. AEBek, EB Europako Batasunak eta Amnesty Internationalek, besteak beste, kezka agertu zuten.

Errusiako presidentearen kritiko nagusietako bat izan da Navalni azken urteotan. 2011n eta 2012an Putinen aurka egindako protesten sustatzaileetako bat izan zen, eta presidenteari egotzi zion hauteskundeetan iruzurra egitea eta gobernuan ustelkeria sustatzea. Navalnik egindako salaketa bideoak milioika errusiarrek ikusi zituzten.

Pozoitu egin zuten

Urtebete geroago, Moskuko alkatetzarako hauteskundeetan, botoen %27 jaso zituen, nahiz eta Putinekin kritiko agertu zirenek salatu zuten bozak orduan ere ez zirela askeak izan eta iruzurra egon zela. Hurrengo urteetan, Navalnik jarraitu zuen Kremlinen kontra egiten. Esaterako, kaleratu zuen Putinek agindu zuela berentzako jauregi bat eraikitzeko Itsaso Beltzean, eta Dmitri Medvedev presidente izandakoa ere jopuntuan jarri zuen, jakinarazi baitzuen hainbat jauregi eta yate zituela.

2020an koman egon zen, Errusiako espioiek novitxok gasarekin pozoitu zutelako ustez. Alemanian tratamendua jaso zuen, osatu zen, eta 2021eko urtarrilean Errusiara itzuli zen. Atxilotu egin zuten, ordea, baldintzapeko askatasuna urratzea leporatuta. Orduz geroztik espetxeratuta egon da, eta hainbat zigor ezarri dizkiote auzitegiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.