Alemaniak marihuana legeztatu du, muga batzuekin

Helduek gehienez ere 25 gramo eraman ahal izanen dituzte, eta etxean hiru kalamu landare eduki; 18 eta 21 urte artekoek ezin dute 30 gramo baino gehiago erosi hilean, eta gehienez %10 THC izan beharko du. Oposizioa legea onartzearen kontra dago.

Marihuana
Kalamu landareen berotegi bat, artxiboko irudi batean. KIM LUDBROOK / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 23a
15:50
Entzun

Malta, Luxenburgo eta Alemania. Hiru herrialde horietan legezkoa da marihuana kontsumitzea. Alemania izan da zerrendara gehitu den azkena, gaur arratsaldean bertan onartu baitute hori erregulatuko duen legea. Arauak, baina, baditu mugak: helduek ezin izanen dituzte 25 gramo baino gehiago eraman, eta etxean gehienez ere hiru kalamu landare eduki ahal izanen dituzte; 18 eta 21 urte bitarte dituztenek ezin dute 30 gramo baino gehiago erosi hilabetean, eta gehienez %10 THC —kalamuaren gai psikotropikoa, alegia— izan beharko du; eta 18 urtetik beherakoen kontsumoa debekatuta dago. SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata, Berdeak eta FDP Alderdi Demokratiko Liberala elkartu dira lege proiektua aurkezteko —koalizioan gobernatzeko dute—, eta aldeko 407 boto jaso ditu —637tik—; apirilaren 1ean sartuko da indarrean.

Adinari lotutako neurriez gain, marihuana zer klubetan salerosi ahal izanen den ere biltzen da legean –estatuak kontrolatuko du salerosketa–. Klub horiek baimena izanen dute kalamua landatzeko, eta bazkideei saltzeko. Irabazi-asmorik gabekoak izanen dira, eta gehienez 500 pertsonak eman ahal izanen dute izena. Herritarrek ezin izanen dute klub batean baino gehiagotan izena eman. 

Karl Lauterbach Osasun ministroak —SPDkoa da— adierazi duenez, neurriaren bidez marihuanaren merkatua «berreskuratu» egin nahi dute droga trafikatzaileen eskuetatik. Izan ere, gaur egun zazpi milioi alemaniar inguruk maiz kontsumitzen dute marihuana, osasun arrazoiak direla medio. Kontsumitzaile horietako anitz gazteak direla jakinda, arauaren bertze helburuetarako kontsumitutako produktuaren kalitatea hobetzea da. «Haurrak eta gazteak babestea da lege honen helburua», adierazi du Lautercachek.

Osasuna, kezka iturri

Denak, baina, ez dira iritzi berekoak. Mediku batzuen erranetan, marihuana legeztatzeak arriskuan jarriko du gazteen osasuna, produktua errazago lortzen ahalko dutelako eta adikzio arriskua handiagoa izanen delako.

Oposizioa ere bide beretik doa: kontserbadoreak izan dira marihuana legeztatzearen kontra agertu diren lehenbizikoak. Zehazki, Bavariako CSU Batasun Sozial Kristauak gobernuari eskatu dio berriz ere pentsatu dezala zer onartu duen. Tino Sorge CDU Batasun Kristau-Demokrata alderdiko diputatuak, berriz, uste du legea ez dela garai egokian iritsi, eta ez duela mezu egokia transmititzen. «Ikasten edo lan batean hasi beharrean marihuana erre dezakezula iradokita, koalizio gobernuak seinale oker bat bidaltzen dio gure gizarteari, eta estatuko droga trafikatzaile gisa jokatzen du. Gobernua gure gazteen osasunarekin jolasten ari da», borobildu du.

Polizia ere ez dago ados arauarekin, uste baitute lan anitz izanen dutela ezarritako neurriak betearazten. Osasun ministroak, baina, gogoratu die merkatu beltza kontrolatzen ere lan handia dagoela. Oposizioa ez ezik, Lauterbach ministroaren alderdikideetako batzuk ere mesfidati agertu dira, batez ere ikastetxe eta haurtzaindegi inguruetan kontsumitzearen ideiarekin. Ministroak, baina, argitu du legean horri buruzko zehaztapenak jaso direla: ezin izanen da marihuanarik kontsumitu hezkuntza arloko eraikinetatik 100 metro baino gutxiagora.

Harrabotsa eragin badu ere, gaur onartutako araua urrun dago hasieran planteatutako ideiatik. Izan ere, Alemania osoan lizentziadun dendetan marihuana saltzea baimendu nahi zuten, baina, Europako Batzordearekin elkartu ondoren, atzera bota zuten asmo hori. «Proiektu bat egin nahi dugu, marihuanaren Europako politika prebentzioan oinarritzeko, eta ez kontsumoaren kriminalizazioan», erran zuen Lauterbachek.

Uruguai, aitzindari

Alemania aintzat hartuta, Europako Batasunean hiru dira marihuana kontsumitzea legez baimentzen duten herrialdeak. Malta izan zen lehenbizikoa, eta 2021ean onartu zuten, neurri batzuekin: norbanakoek ezin dituzte zazpi gramo baino gehiago eraman, eta etxean gehienez ere lau kalamu landare edukitzen ahal dituzte. Horrez gain, debekatuta dago jendaurrean eta haurren aitzinean erretzea.

Luxenburgon, berriz, iaz onartu zuten marihuanaren kontsumoa legez arautzea, baldintza batzuekin: norbanakoek ezin izanen dituzte hiru gramo baino gehiago eraman, eta etxean gehienez ere lau kalamu landare izaten ahalko dira, eta adinez nagusia izan beharko da horretarako. Herbehereetan, ordea, legez kanpokoa da, baina despenalizatu egin zuten kontsumo pertsonala, eta aisiarako kontsumizioa onartu egiten dute.

Nazioartean ere badira kasu gehiago: Hegoafrika, Mexiko, Jamaika eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako hainbat estatu, erraterako. Uruguai izan zen kalamuaren kontsumoa legeztatu zuen lehen herrialdea mundu osoan: 2013an egin zuen. Txekian, Alemanian aurkeztutakoaren gisako lege bat lantzen ari dira. Danimarkan, berriz, marihuana legeztatzeko proposamena bertan behera utzi zuten parlamentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.