Kolonizazioa

Alemaniak ofizialki aitortu du bere armadak Namibian egin zuena genozidioa izan zela

Herero eta Nama etnietako milaka pertsona hil zituen armada inperialak XX. mendearen hasieran. Alemaniak barkamena eskatuko du, baina biktimen ondorengoei ez die kalte ordainik emango; 1.100 milio euroko garapen programa bat finantzatuko du.

Namibiarren ordezkaritza bat, 2018. urtean, Berlinen, herero eta namen genozidioari buruz egin zen erakusketa batean hainbat burezurren aurrean. HAYOUNG JEON, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko maiatzaren 28a
12:14
Entzun

Alemaniako Gobernuak lehen aldiz aitortu du ofizialki herero eta nama etniak suntsitu egin zituela XX. mendearen hasieran, Namibian. «Genozidio» hitza erabili du Heiko Maas Atzerri ministroak. «Gizatalde baten suntsiketa sistematiko eta berariazkoa, erlijio-, arraza- edo politika-arrazoiengatik egiten dena», dio Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak genozidioa zer den azaltzean.
Bost urteko lan baten ondorio da aitortza.

Ehun urte baino gehiago pasatu badira ere, Namibian zauriak irekita daude. Namibiako lurralde horiek garai horretan Hego Mendebaldeko Afrika Alemaniarra ziren, Alemaniaren kolonia bat. XX. mendeko lehen genozidioa izan zen herero eta namen kontra 1904. eta 1908. urteen artean gertatu zena. Alemaniako Inperioko soldatuek 65.000 herero (80.000 ziren guztira) eta 10.000 nama inguru (20.000 ziren) hil zituzten bost urte horietan matxinadei aurre egiteko, eta beste milaka asko kontzentrazio esparruetan sartu zituzten edo basamortuan hil arte ibiltzera behartu zituzten.

Herero eta nama horien ondorengoek ez dute inoiz ahaztu gertatutakoa. AEBetako epaitegietara jo izan dute, baina ez dute aldeko ebazpenik jaso. Alemaniak duela bost urtera arte saihestu egin du ofizialki barkamena eskatzea, hildakoen ondorengoei kalte ordainik ordaindu behar ez izateko. Duela bi urte, ordea, Gerd Mueller Alemaniako Garapen ministroak aitortu zuen genozidioa izan zela hura, eta bide bat ireki zuen. Urte berean, uztailean, Daniel Gunther Parlamentuko presidenteak ere esan zuen hura genozidioa izan zela. Orain, aitortza ofiziala iritsi da.

«Pozik eta eskertuta nago gure historia komunaren atalik ilunenetako baten gainean akordio batera iritsi ahal izan dugulako», esan du Maasek, gaur egin duten ekitaldian. Akordioaren ataletako bat da, hain zuzen, herero eta namen kontrakoa genozidioa izan zela aitortzea. «Alemaniaren erantzukizun historiko eta morala ikusirik, barkamena eskatuko diegu Namibiari eta biktimen ondorengoei», iragarri du gero. Bere hitzetan, bi aitortza horiek urrats garrantzitsu bat dira, baina onartu du benetako adiskidetzea ezingo dutela dekretuz ezarri.

Kalte ordainik ez

Herero eta namen ordezkariek biktimen ondorengoei kalte ordaina emateko eskatzen zioten Alemaniari, baina Berlinek uko egin dio beti aukera horri, eta, azkenean, ez du egingo, genozidioa eta erantzukizuna aitortuta ere. Akordioan adostu dutenaren arabera, 1.100 milioi euroko garapen programa bat finantzatuko du Namibian.

Hereroak eta namak bizi ziren lurraldeak sekula ez zion buelta eman bost urte horietan gertatu zenari. Hereroak bizi ziren lurralde horri Hereroland esaten zioten kolonizatzaileek aurretik. Alemaniak 1884an ezarri zuen ofizialki bere kolonia han. Alemaniarrek lurrak eta ganadua bereganatu zituzten, eta hereroak eta namak esklabo gisa hartu zituzten. Hereroak eta namak horren kontra altxatu ziren, eta Alemaniak inperioko armada bidali zuen matxinadari aurre egiteko. Guztira 20.000 soldadu bidali zituen Alemaniak eskualde horretara.

Alemaniak ez zuen gerran garaipena erabakigarria lortu, eta, ondorioz, gizonezko guztiak fusilatzea agindu zuen. Emakumeak eta haurrak bota egin zituzten. Lothar von Trota jeneralak hala erabaki zuen: «Herero nazioak herrialdea utzi behar du, eta, egiten ez badu, indarrez behartuko dugu. Alemaniako lurraldean dagoen herero oro, armak izan edo ez, ganaduarekin edo gabe, fusilatu egingo dugu. Emakume eta haurrei ez zaie utziko lurraldean geratzen, eta bota egingo ditugu bat egin dezaten euren herriarekin [Botswuanan ere bizi ziren etnia horiek, Erresuma Batuaren menpeko Bechuanalandia Protektoratuan], edo hil egingo ditugu. Hauek dira Herero nazioari zuzenduko dizkiodan azken hitzak».

Kalahari basamortura bota zituzten hereroak eta namak. Askoren gorpuak 25 metroko zuloen inguruan aurkitu zituzten; ur bila, egarriz hil ziren. Gainera, beren lurretan zeuden putzuak pozoitu egin zituzten. 1904. eta 1908. urteen artean, kontzentrazio esparru bat ere sortu zuen Alemaniak hereroak eta namak biltzeko. Hainbaten ustez, historiako lehen kontzentrazio esparrua izan zen: Shark Island. Nora zihoazen jakin gabe eraman zituzten hereroak eta namak, eta ikertzaile alemaniarrek esperimentuak egin zituzten haiekin, azpiko arraza bat zirela frogatu nahian. Nazioartean kexak izan baziren ere, Alemaniako Gobernuak argudiatzen zuen Genevako Lehen Konbentzioak ez zituztela etnia horietako pertsonak babesten, ez zirelako gizakiak,«azpi-gizakiak baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.