Schleswig-Holsteingo Alemaniako auzitegiko epaileak ez du heldulekurik ikusten Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia matxinada delituagatik auzipetzeko. Alemaniako Fiskaltzak matxinadagatik eta desordena publikoagatik atxilotzeko eta estraditatzeko galdegin dio Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiari. Auzitegiak, baina, baztertu egin du matxinada delitua. Fiskaltzak ondoren azaldu du bihar aztertuko duela erantzuna.
Schleswig-Holsteingo auzitegiak apirilaren 5ean hartu zuen erabakiari eutsi dio, beraz. Apirilaren 5ean aske geratu zen behin behienan Puigdemont, 75.000 euroko bermea ordainduta, bere kontrako estradizio prozesua aztertzen duten bitartean. Dirua bidegabe erabiltzea eta matxinada delituak leporatzen dizkio Fiskaltzak, baina auzitegiak esan du "onartezina" dela Fiskaltzaren eskaera, eta ezin direla Espaniako matxinada delitua eta Alemaniako goi-traizio delitua. Desordena publikoak eragiteko delitua ere ezin dakiokela leporatu esan du auzitegiak, ezin zaizkiolako berari pertsonalki leporatu. Ondorioz, ustez independentziari buruzko galdeketara diru publikoa bideratzeagatik soilik dago prozesatuta presidente ohia.
Espero zuten Fiskaltzaren eskaria
Jaume Alonso-Cuevillas Puigdemonten abokatuak adierazi duenez, fiskaltzaren eskaria aurreikusteko modukoa zen. "Fiskaltzak estatu eskatzailearen posizioa bere egitea da ohikoa. Fiskaltzak eskatu egiten du eta auzitegiak erabaki". Belgikako epaitegiek Toni Cominen, Lluis Puigen eta Meritxell Serreten auzian hartutako erabakiaren antzeko ebazpena espero du Alonso-Cuevillasek Alemanian.
Keep calm !
— J. Alonso-Cuevillas (@JaumeAlonsoCuev) 22 de mayo de 2018
Que la Fiscalia assumeixi la posició de l’Estat requirent és l’habitual
La Fiscalia demana i el Tribunal decideix
Ara iniciarem procediment contradictori, igual que va passar a Bèlgica
I esperem que amb resultats similars
Matxinada delitua baztertu aurretik, auzitegiak Puigdemont berriz espetxeratzeari ere uko egin dio. Presidente ohia kartzelatzeko eskatu dio fiskaltzak, baina auzitegiak ez du horretarako arrazoirik ikusi, Puigdemontek ihes egiteko arriskurik ez duela iritzita. Auzitegiak berretsi egin ditu Kataluniako presidente ohiari ezarri zizkion kautelazko neurriak: ezin izango da Alemaniatik irten, eta astean behin agertu beharko du Poliziaren aurrera.
Espainiak bidalitako informazio osagarria aztertu ondoren hartu du erabakia auzitegiak.
Joan den maiatzaren 11n jakin zen Espainiako Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileak Alemaniako magistratuei eskatu ziela Puigdemonti leporatzen zaizkion ekintzak azter zitzatela, "izendapen juridikoak" aztertu beharrean. Alemaniako Justiziara informazio osagarria bidaltzeko unea baliatu zuen Llarenak eskaria egiteko. Goreneko epaileak atea ireki zion Puigdemont sedizio delituarengatik estraditatzeko aukerari, Alemaniako Justiziak Puigdemonten ekintzetan indarkeriarik ikusiko ez balu.