Alemaniako Defentsa ministroak kargua utzi du plagio eskandaluagatik

Guttenberg gabe, Merkelen alderdiak are aukera gutxiago ditu datozen hauteskunde federalak irabazteko

Samara Velte.
2011ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Presioak garaitu du Karl-Theodor zu Guttenberg Alemaniako Defentsa ministroa. Bi aste plagio akusazioak gezurtatzen eta bere doktore tesiaren alde egiten pasatu ondoren, kargua utzi du: «Beti egon naiz borrokatzeko prest, baina indarrak amaitu zaizkit». Alemaniako Gobernuko pertsonarik karismatikoentzat jotzen dute askok, eta urrutira iristeko itxura osoa zuen. Ikusteko dago politikagintza guztiz utziko duen; askoren ustez, gazteegia da horretarako —39 urte ditu—.

Bere dimisioak arriskuan jar dezake Angela Merkel kantzilerraren eta CDU alderdiaren garaipena aurten hainbat estatu federaletan egingo dituzten hauteskundeetan. Guttenberg CSU alderdikoa da, CDUren baliokidea Bavariako estatu federalean eta haren koaliziokidea Alemaniako legebiltzarrean.

Hedabideek egindako presioa gehiegizkoa izan dela onartu du: «Komunikabideak suntsitzaileak izan daitezke». Izan ere, lehenengo plagio salaketak argitara atera zirenetik, Alemaniako panorama politikoko protagonista izan da, eta ez onerako. Oposizioak aukera baliatu du Defentsa ministroari behin eta berriz leporatzeko «politikagintzan mesfidantza» eragin duela. Erasoak pertsonalak izan dira, politikoak baino gehiago, eta hori da ministro ohiak saihestu nahi duena: «Ezin dut onartu soldaduen kontura nitaz baino ez hitz egitea».

Oso denbora gutxian, Alemaniako politikaririk maitatuena izatera iritsi da Guttenberg, eta are gutxiagoan, kritikatuena. Esapide bitxiek, hizkera argi eta ziurrak eta antiheroi plantek karisma handia ematen zioten. 2009an sartu zen Alemaniako Legebiltzarrera, kristaudemokraten eta sozialdemokraten arteko Koalizio Handian; Ekonomia ministro izendatu zuten. Ospea ondo baliatzen jakin du: Defentsa Ministerioan sartu zenetik aldaketa garrantzitsuak egitera bultzatu ditu alderdi kontserbadoreak; azkena, derrigorrezko soldadutza bertan behera uztea eta armada profesionalizatzea.

2007an aurkeztu zuen doktore tesia, eta duela bi aste inguru hasi ziren Interneten haren egiazkotasunari buruzko zalantzak zabaltzen. Iturria adierazi gabe kopiatutako geroz eta pasarte gehiago topatu zituzten Interneteko erabiltzaileek, eta azkenean ministroak berak onartu egin zuen leporatzen ziotena, baina «akats akademikoa» zela esanda.

Bayreutheko Unibertsitateak atzera bota zion doktore titulua, eta arlo akademikoko eragile ugari kontra jarri zitzaizkion. Milatik gora izan ziren bere aurkako gutun bat sinatu zuten unibertsitateko irakasleak, «zientziaren izen ona arriskuan» ikusten zutelako.

Merkelen txanda da orain

Alderdikide zein oposizioko buruek gogor kritikatu dute Guttenberg. Bere alde egin duten bakanetariko bat Angela Merkel kantzilerra izan da: esan du politikari ona izateagatik eman ziola kargua, eta ez bere ekarpen akademikoengatik. Guttenbergen dimisioa espero ez zuela eta «kolpe gogorra» izan dela adierazi du. Merkelen ministro kutuna zen. Bere gobernuaren etorkizuna Guttenbergen karismaren menpe dago, eta Merkelek badaki hori. Haren ibilbide politikoa ez dela amaitu eta etorkizunean ere lankide izan nahi duela esan du; CDUrentzat komenigarriena ere horixe da.

Guttenbergen aldeko adierazpenek, ordea, Merkel bera jarri dute orain kritiken jomugan. SPD alderdiko bozeramaile Thomas Oppermannek esan du «irrigarri» gelditu dela: «Bere sinesgarritasunari kalte egin dio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.