Alepon, ez aurrera, ez atzera

Siriako hiri nagusian, auzoz auzo eta kalez kale ari dira borrokan matxinoak eta armada. Borrokak odoltsuak diren arren, bi aldeen posizioak ez dira asko mugitzen.

Alepo
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Ahbab al-Rasul (Profetaren maiteak) kativa-ren operazio militarraren egitekoa Baxar al-Assaden armada xaxatzea da, etxean egindako granadak erabiliz. Erasoa amaitzen denean, hamabost matxinoek ez dakite zein kalte egin dioten etsaiari, baina garaile eta lanaz harro sentitzen dira, horietako batek «Al-Assaden sei txakur hil» dituztela ziurtatzeraino. Ezinezkoa da baieztatzea, inork ez du etsaia ikusi eta.

Jardunbidea erraza da. Matxinoak kontrolpean duten Amariya kaleko etxebizitzen eraikin batera sartu dira. Azken solairura igo, eta apartamentuetako bateko paretan dagoen zulotik erregimenaren eremuan dagoen eraikinera igaro dira. Batzuk eskailerak zaintzen geratu dira, ziurtatzeko Al-Assaden soldaduak ez direla igotzen ari; beste batzuek granadak jaurti dituzte sabaiko tranpaletik. Eskaileren zulotik, matxinoetako batek, nahigabe tiroka hasi, eta sekulako burrunba sortu du, agian urduri dagoelako, baina ez dago harreman zuzenik etsaiarekin.

Kativa-k defendatzen duen posizioa Alepoko eremu matxinoaren mendebaldean dago, Saif al-Daula, Saladino eta Sukari kaleek osatzen duten lerroan. Al-Assaden gizonek apenas erantzuten dieten operazio horiei, eta aurrez aurrekoak saihesten dituzte, nahiz eta saiatzen diren erreboltarien posizioak artilleriaz jotzen. Azkenean, emaitza eraikinen hondamena eta emaitza militar gutxi izaten da. Horrela daramatzate asteak.

Iparraldea

Eskolako jolastokian bezala, kativa-ko buruak matxino guztiak ilaran jartzen ditu, hormari itsatsita. Kalezuloen labirinto batetik oinez, horma zulatuen eta etxebizitzen ondotik, taldea arriskurik gabe heldu da ehun biltegi bat dirudien lekura, Karm al-Jabel auzoan. Han, buruzagiak azken aginduak ematen dizkie bere mutilei, arriskuak gutxitzeko logika erabil dezatela nabarmenduta. Hemendik aurrera hasiko da benetakoa. Frankotiratzaile batek zaintzen duen kalea zeharkatu behar dute beren egitekoarekin jarraitu eta base txiki egonkorrak sortzen saiatzeko. Taldeak lortu du frankotiratzailea saihestea: oinetara egiten du tiro, eta kalearen amaieran desagertu da.

Handik denbora gutxira, tiroketa batek burrunba egin du auzo osoko paretetan. Gazte matxinoak eraikineko teilatura igo dira RPGarekin (bazuka), baina ez dute tirorik egin, ez baitute Al-Assaden tankerik ikusi. Munstroak su egiten jarraitzen du, eta erreboltariek euren lekuan segitzen dute, seguru, arriskurik gabe. Ez dago erasoaldirik, eta joko makabroa aurrera doa; orain nik egiten dut tiro, eta gero, zuk.

Karm al-Jabeleko auzoa da borrokagunerik liskartsuenetako bat, Arkub, Soleiman Halaby eta Bustan al-Baxar auzoen ondoan. Matxinoek ziurtatu dute fronte horretan eremu zati bat irabazi dutela azken asteetan, baina irabazitakoari eustea konplexua da. Leku batzuetan, Siriako armadaren batailoiak inguratzen saiatzen dira; haiek tankeak dituzte defendatzeko. Borrokaren geografia irregularra da, baina gune mugiezin batean dago beti. Orain zu, orain ni.

Alde zaharra

Ekialdetik Alepoko merkatu zaharrera heltzeko, duela aste batzuetatik arima galdua duen etorbidea zeharkatu behar da. Al-Assaden frankotiratzaileek babestua dago. Matxinoak eta zibil batzuk soilik ausartzen dira zeharkatzera, jakinda ere jende asko hil dela hori egiteagatik. Beste aldera iritsita, paisaia atsekabetzeko modukoa da. Merkatu zaharreko kalexka txiki horiek denak hitsik, denda batzuk kanoikadek suntsituta, eta isiltasun erabatekoa borroka soinuak soilik hausten du.

Mendebalderago, Soleiman Farsi kativa duela aste batzuetatik saiatzen ari da armadak ziutadelarantz hornitzeko duen igarobide bakarra ixten. «Meskitatik —Omeya, hiriko handiena— ziutadelarantz saiatzen gara bidea ixten, baina haiek tankeekin egiten dute aurrera», azaldu du Abd al-Rauf Asmanek, batailoieko buruak. Borroka odoltsua da, eta Al-Assaden armada ez dago ziutadela galtzeko prest; matxinoen auzoetara tiro egiteko leku estrategikoa du, eta handik, frankotiratzaileek 360 gradu kontrolatzen dituzte.

Frankotiratzailearen etorbidearen beste aldera, hiri zaharra erreboltariena da batez ere. Bi armadak bereizten dituen lerroa oso fina da, metro gutxikoa, baina mugiezina. FSA Siriako Armada Askeak zenbait base dauzka metro gutxira, bi edo hiru matxinok zainduak. Ispiluekin kontrolatzen dituzte, baita bideokamerekin ere, etsaiak aurrera ez egiteko. Qastal Harami lerroko borrokak bitxiak dira. Posizioari besterik ez zaio eutsi behar, gertaeren zain.

Aurrera ezin eginda

Oro har, Alepo ekialdea erreboltariena da, eta mendebaldea, Al-Assaden tropena, nahiz eta matxinoak hegoaldetik sartzen ari diren eta besteak iparraldetik. Kuriosoa da hiriko iparraldeko kurduen auzoen egoera. Neutral deklaratu zuten beren burua, eta bi armaden arteko muga gisara jokatzen dute —erreboltariek ziurtatu dute Asrafiya auzoa hartu dutela aste honetan—. Aireportua ere hego-ekialdean dago, baina erregimenak kontrolatzen du, baita hiriaren hegoalderanzko kanpoko auzoak ere.

Gerra geografia horren denaren aurrean, herritarrek argi daukate nondik nora joan daitezkeen eta nondik nora duten arriskua, nahiz eta FSAk kontrolatzen dituen auzoetakoek badakiten edozein unetan mortero bat eror dakiekeela. Asteartean, Hanano auzoan, frontetik urrun, okindegi batean egindako eraso batek hogei pertsona hil zituen, gehienak langileak. Gorpuak kiskalita geratu ziren, ez ezagutzeko moduan. Zibilak dira ez aurrera ez atzera dagoen bataila honetako benetako galtzaileak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.