Goizeko 08:15ak ziren Bruselako aireportuan bi leherketa (informazioa zuzenean) izan direnean, eta baieztatuta dago gutxienez hamalau direla Zaventem aireportuan hildakoak eta dozenaka zaurituak. Lekukoen arabera eztanda bat irteeren gunean izan da eta bestea, iritsieren gunean. Hondamendi plana ezarri dute Belgikako agintariek berehala, eta gero Maelbeek auzoko metro geltokian izan den leherketaren ostean, hirugarrena, alerta maila gorena ezarri dute, laugarrena. Ondoren iritsi da laugarren leherketa, hori ere metroan, Schuman geltokian. Metroko erasoetan hogei lagun hil dituzte gutxienez. Fiskaltzak jakinarazi duenez, aireportuko leherketa bat behintzat eraso suizida bat izan da. Estatu Islamikoak bere gain hartu ditu erasoak. Erakundeek Bruselako bizilagunei etxetik ez ateratzeko eskatu diete.
Erasoak gertatu diren lekuak:
Sare sozialetan argitaratutako argazkietan ikus daiteke Zaventem aireportuko leherketak gertatu eta lehen unean kea irteten aireportu barrutik eta jendea, korrika. Leherketen unean aireportuan ziren bidaiariak aireratze eta lurreratze pistetara eraman dituzte. Bruselako aireporturako garraio publikoa ere bertan behera utzi dute, eta agintariek eskatu dute ez hurbiltzeko inor aireportura, ez baitzuten baztertzen eztanda gehiago izatea. Hain zuzen, gero jakinarazi dute eztanda egin ez duen beste lehergailu bat aurkitu dutela. Lehen bi leherketen ondoren, baina, hirugarrena metroan izan da, Bruselan bertan, Maelbeek auzoan. Auzo hori hiriaren erdialdean dago, Europako Batasuneko erakundeak dauden lekuan: Europako Batzordea, Parlamentua eta Kontseilua. Hain zuzen, laugarren leherketa auzo europearrera iristeko erabiltzen den metro geltoki nagusian izan da, Schuman geltokian.
#BREAKING: Two loud explosions at #Zaventem airport in #Brusselspic.twitter.com/JFw9RGLjnh
— Anna Ahronheim (@AAhronheim) 2016(e)ko martxoak 22
Informazioa oso nahasia izan da goizeko lehen orduan, baina hirugarren eta laugarren leherketarekin ia baieztatuta geratu da eraso bat izan dela. Inork ez du bere gain hartu oraingoz, ordea. RTL irratiak lekuko anonimo bat aipatuz zabaldu duenez, "edonon" zeuden zaurituak aireportuan. Reutersen arabera, American Airlines aire konpainiaren bulego inguruan izan da leherketetako bat; une horretan dozenaka bidaiari zeuden hor euren ekipaia fakturatzeko prest. Bruselako (Belgika) Zaventem aireportua hustu egin dute leherketak gertatu ondoren. Belgikako aireportu nagusia da Zaventem, eta jendetza elkartzen da goizean goizetik. Lekukoen arabera, segundo gutxiko aldearekin izan dira bi leherketak.
Anke Franken aireportuko bozeramaileak azaldu duenez, itxi egin dute aireportua, eta beraz, bertan lurreratzekoak ziren hegazkinak beste aireportu batzuetara bideratzen ari dira. Gaur iristekoak ziren hegaldiak bertan behera utzi dituzte. Bilbotik egunera bi hegaldi joaten dira Bruselara eta beste bi etortzen dira. Goizeko hegaldian Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentaria zihoan eta Euskadi Irratian azaldu duenez, desbideratu egin dituzte beste aireportu batera. Izaskun Bilbao EAJko europarlamentaria Bruselan zegoen bulegoan leherketak gertatu direnean. Bilbotik 13:30ean ateratzen da arratsaldeko hegaldia. Gaurko Bruselako hegaldi guztiak bertan behera geratu dira.
Paristik Bruselara
Jan Jambon Belgikako Barne ministroak aitortu du espero zitezkeela horrelako erasoak Bruselan pasa den astean Salah Abdeslam atxilotu ostean. Azken hilabeteetan albiste izan da Brusela, Parisko atentatuen osteko ikerketengatik, eta pasa den astean atxilotu zuten ustez Parisko atentatuetan parte hartu zuen hori, Abdeslam, lau hilabetez haren arrastoari segika aritu ondoren; Europako pertsona bilatuenetako bat izan da, eta denbora horretan miran egon da Bruselako Molenbeek auzoa, Abdeslam hazi zen auzoa. Iazko azaroaren 13ko Parisko atentatuetako ustezko parte hartzaileetako bat da Abdeslam. Poliziak uste du Abdeslamek Parisko atentatuetako hiru erasotzaileei lagundu ziela eta atentatuen ostean Paristik Bruselara ihes egin zuela. Bruselara bidean Poliziak geratu zuen, baina ez zegoen Poliziaren artxiboetan eta joaten utzi zioten.
Iazko azaroaren 13ko atentatuetan Parisen zazpi jihadistak 130 lagun hil zituzten eta ehunka lagun zauritu, hainbat erasotan, tirokatuta edo soinean zituzten lehergaiak zartarazita. Gehienak, 87, Bataclan antzokian hil zituzten, kontzertu batean. Estatu Islamikoak bere gain hartu zituen erasoak. Azken hilabeteetan Bruselako Molenbeek auzoan hainbat zaintza eta bilaketa operazio egin dituzte bertan —Belgikan indarrean dago terrorismoaren kontrako alerta—. Abdeslam bertan atxilotu zuten azkenean. Hiru kideko familia batekin gotortu zen etxe batean eta hiru pertsona horiek atxilotu eta polizia etxe batera eraman zituzten, galdekatzeko.