Korsika

Alessandri eta Ferrandi preso korsikarrei ere kendu diete DPS estatusa

Frantziako lehen ministroak «sosegatze espiritu batekin» hartu du erabakia. Korsikan bost egunez jarraian egin dituzte protestak Colonnaren hilketa saiakeragatik.

Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi preso korsikarrak. ALTA FREQUENZA
ander perez zala
2022ko martxoaren 11
11:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Korsika haserre dago. Yvan Colonna presoaren hilketa saiakerak —koman dago oraindik— Mediterraneoko uharteko tentsioa handitu du berriz ere, eta manifestazioak etenik gabekoak izan dira azken astean, batez ere prefeturaren eta suprefeturen egoitzen aurrean. Argudioa argia da: protestariek uste dute Frantziako Estatuaren erabakien ondorio dela Colonnaren egoera, eta Parisi presidentetzarako bozetarako hilabete falta den honetan lehertu zaio egoera hori. Hori ikusita, giroa baretzeko asmoz, Jean Castex Frantziako lehen ministroak erabaki du Pierre Alessandriri eta Alain Ferrandiri ere DPS bereziki zainduriko estatusa kentzea.

Badirudi Frantziako Gobernuaren azken mugimendua Colonnaren egoerak sorturiko haserrearen eta Castexen eta Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuaren atzo gaueko elkarrizketa baten ondorio izan dela. Topaketa horretan, Simeonik Frantziako lehen ministroari esan zion egungo egoera «bloke politiko baten» ondorio dela, eta ezin dela «demokraziaren eta bakearen bidea eraiki soilik justiziatik».

Horrekin batera, Korsikako gobernuburuak hiru eskari egin zizkion Castexi: batetik, Colonnaren hilketa saiakera argitzeko, batez ere «iniziatiba parlamentarioak babestuta»; bigarrenik, Alessandriri eta Ferrandiri «hurbilketarako eskubidea aplikatzeko, DPS estatusa kentzearen bitartez»; eta, hirugarrenik, «[Frantziako] estatuaren eta Korsikaren arteko harremanetan ziklo politiko berri bat» irekitzeko.

Hortaz, oraingoz, Matignonek presoen egoeraz besterik ez ditu hartu erabakiak, «sosegatze espiritu batekin», baina Castexek gaur adierazi du prest dagoela bi gobernuen arteko elkarrizketa berriz ere bideratzen saiatzeko. Hori, ziurrenik, presidentetzarako hauteskundeen ondoren izango da.

«Uhartera lasaitasuna itzuli ostean, berriz hartu ahalko dugu Korsikako kolektibitatearen estatusaren eboluzioari buruzko elkarrizketa, baita lurraldeko dosier ekonomiko eta sozial handiak ere», ziurtatu du Frantziako lehen ministroak komunikatu baten bidez. Gerald Darmanin Barne ministroak, berriz, jakinarazi du hura izango dela Parisen eta Ajaccioren arteko solaskidea.

Presoei buruzko erabakiaz, Simeonik adierazi du mugimendua «pauso garrantzitsu bat» izan dela. «Borroka baten ondorio ere bada, baita Korsikako Asanblearen bozketa baten, gizarte osoaren babesaren eta presoen aldeko elkarteen lanaren ondorio ere. Oroitarazi nahi dut legearen aplikazioa izan dela», esan dio France3 Corse kateari.

Korsikako alderdi autonomistek, independentistek eta jakobinoek ere begi onez ikusi dute Castexen mugimendua, DPS kentzeko eskaria aho batezkoa baita Mediterraneoko uhartean. Kasurako, Laurent Marcangeli Ajaccioko auzapez eta Korsikako Asanbleako diputatuak —eta Edouard Philippe Frantziako lehen ministro ohiaren alderdikideak—esandakoa: «Hurrengo etapak Borgora hurbiltzea izan behar du».

Hilketa saiakerara arte, ezer ez

Colonna, Alessandri eta Ferrandi duela bi hamarkada inguru zigortu zituzten bizi osoko espetxealdira, Claude Erignac prefetaren hilketagatik (1998). Urte hauetan guztietan, hirurek DPS estatusa kentzeko eskatu dute, hori izateak eragotzi egiten baitzien Korsikako kartzela batera hurbiltzea, baina beti jaso dute ezezkoa, nahiz eta Alessandriren eta Ferrandiren kasuan espetxeko batzordea horren alde egon. Colonna Arlesen dago kartzelatua (Okzitania), eta beste biak, Poissyn, Paristik gertu.

Korsikako mugimendu nazionalistaren iritziz, Colonna uhartera hurbildu izan balute, ez zuen erasorik jasango, eta ez zen egun koman egongo. Horren harira izan dira egunotako protestak, baina batez ere Castexek presoari DPSa kentzeko emandako argudioagatik; Emmanuel Mercinier-Pantalacci haren abokatuari jakinarazitakoaren arabera, besteak beste, Colonnaren «osasun egoerak desagerrarazi egin du ihes egiteko arriskua».

Ikasle mugimenduak manifestazio batera deitu du etzirako, Bastian. Iragan martxoaren 6an, Corten, 10.000 eta 15.000 lagun artean irten ziren kalera manifestatzera eta presoaren familiari sostengua ematera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.