Ali Abdala Sale Yemengo presidenteak dimisioa eman du

Golkoko Lankidetzarako Kontseiluak iragan apirilean egin zuen plana izenpetu ostean, boterea Hadi presidenteordeari utziko dioBi hilabetean hauteskundeetara deituko dute Yemenen, gobernu berria osatzeko

2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Zazpi hilabetean imintzioka ibili ostean, Ali Abala Sale Yemengo presidenteak boterea uzteko lehen urratsa egin du. GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluko hitzarmena sinatu du Saudi Arabian, eta bere dimisioa onartu. Horrela, iragan urtarrilaren 27ko protesten ondorioz lehertu zen Yemengo krisiari amaiera emateko bidea ireki du; hala ere, akordio horrek epaileen aurreko immunitatea ziurtatu dio Saleri. Haren erregimenaren errepresioak gutxienez 200 pertsona hil eta milaka zauritu ditu iragan urtarrilaz geroztik.

Azken unera arte akordioa izenpetuko zuen ala ez ziurra ez bazen ere, Mohamed Salem Basandau Yemengo Oposizioko Kontseilu Nazionaleko buruak azaldu du lehengo astean adostasuna lortu zuela Salerekin gai horren inguruan, eta plana sinatzeko behin betiko erabakia hartu zuela hark. Yemengo herritarrek zuzenean jarraitu dute izenpetzea, eta pozik hartu dute presidentearen botere eskualdaketa.

GCC osatzen duten PersiakoGolkoko herrialdeek apiril bukaeran egin zuten plana —Saudi Arabia, Oman, Katar, Kuwait, Arabiar Emirerri Batuak eta Bahrain dira kontseiluko kideak—. Yemengo istiluak, dena den, urtarrilean hasi ziren, eta otsailean Salek herritarren babesa eskatu zuen. Hussein Abdala al Ahmarrek, Hashid tribuko buruzagi eta Saleren aliatu ohiak, haren aurka egiteko deia zabaldu zuen orduan. Izan ere, Sale 1978tik izan da Yemengo presidente. Martxoan manifestazio jendetsuak antolatu ziren buruzagia boteretik kentzeko, eta lehen borroketan gutxienez 45 lagun hil ziren. Horrek herritarren ezinegona areagotu zuen.

Salek Yemengo Gobernua desegin zuen orduan, eta demokrazia parlamentario baten aldeko neurri konstituzionalak hartuko zituela iragarri. Baina protesten indarra geraezina zen ordurako, eta herritarrek presidenteak kargua uzteko eskatu zuten. Egoerari konponbide baketsu bat emateko asmoz, GCCk beste ekimen bat proposatu zion Saleri: batasun nazionaleko gobernua osatzeko eta hilabete baten buruan boterea Abdrabu Mansur Hadi presidenteordeari emateko eskatzen zitzaion bertan. Egun bat geroago, Salek onartu egin zuen plana, baina ez du orain arte izenpetu.

Ordutik, milizianoen eta Poliziaren arteko borrokek ez dute etenik izan. Hain zuzen, ekainaren 3an Saleren Sanako jauregiari eraso zioten, eta haren zazpi eskolta hil ziren. Gobernuko kideek erredura larriak jasan zituzten, horien artean Salek berak. Saudi Arabiara joan zen erredurak sendatzera, eta zortzi ebakuntza egin ostean, irailaren 23an itzuli zen Yemenera. «Egun gutxian» dimisioa aurkeztuko zuela iragarri zuen orduan, baina ez zuen egin.

Hain zuzen ere, Salek hainbatetan adierazi du boterea eskualdatzeko borondatea, baina behin eta berriro atzera egin du azken unean. Horregatik, Saudi Arabiara hitzarmena izenpetzera joango zelako albistea tentuz hartu dute herritarrek azken unera arte; atzo bertan protestak egin zituzten bileraren aurretik, behingoz erabakia hartu zezan eskatzeko.

Hilabeteetako protestak

«Bermerik eta immunitaterik ez», oihukatu dute Yemengo herritarrek Saleren behin betiko erabakiaren aurretik. Egindako delituengatik epaitua izan dadin eta GCCren hitzarmena sinatu izanak zigorretatik kanpo utzi ez dezala eskatu dute oposizioaren aldekoek. Halaber, atzo goizean manifestariak kalera atera ziren Sana eta Taiz hirietan, eta liskarrak izan ziren milizianoen eta armadaren artean.

Herritarrek zuhurtziaz hartu dute Saleren lehen urratsa, oraindik mesfidati badira eta. Boterea era baketsuan eskualdatzeko helburua izan du hasieratik GCCren planak, eta hala izango dela espero dute. Hitzarmenean adierazitakoa egiten bada, 30 egunean Hadi presidenteordeak eskuratuko du Yemenen agintaritza, eta 90 egun izango ditu hauteskundeetara deitzeko.

Salek, dena den, batasunnazionaleko gobernu berriarekin elkarlanean aritzeko eskaria egin du hitzarmena sinatzeko orduan, baita oposizioarekin ere. Yemengo herritarrei, gainera, herrialdeko barne gatazka konpontzen laguntzeko eskatu die. «Nik beti izan dut boterea era baketsuan eskualdatzeko borondatea, baina alderdi politikoek ez didate halakorik egiten utzi, eta oposizioan bildu dira ni estu hartzeko», azaldu du. Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak adierazi duenez, hauteskundeen ondorengo bi urteetan osatuko da gobernu berria.

Bileraren ostean New Yorkera joan da Sale, erasoaz geroztik sendatzeko dituen erredurak artatzera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.