Egunez isiltasuna da nagusi, tentsioa iragartzen duen lasaitasuna, baina ilunabarrerako tiro hotsen eta harrien dantza hasten da, ke artean. Joan den asteartetik giro hori dago Aljeriako hainbat hiritan, gazteek kalera ateratzea erabaki dutenetik, euren egoeraz nazkatuta eta etorkizun ilunaz kezkatuta. Hiru hildakoz mintzo zen atzo goizean El Watan egunkaria, polizien balek eta argitu gabeko zauriek hildakoz. Gobernuak ere baieztatu zuen arratsaldean hirugarrena hil zela, eta 320 polizia eta 100 bat gazte zauritu direla ereesan du.
Dozenaka lagun atxilotzen ari dira, matxinoak geldiarazteko formularik eraginkorrena delakoan —zenbatekoaren gutxi gorabeherakorik ere ez dute jakinarazi—. Eta momentuz, segurtasun indarrek manifestazioak itotzeko erabakiak zirrikituren bat uzten duen bitartean, ez dirudi giroak baretzeko itxurarik duenik.
«Ekintza kriminalek» ez dutelako besterik merezi: errepresioa. Dahu Uld Kablia Barne ministroak iritzi hori plazaratu du, gobernuaren izenean. Protestek ez dutela zerikusirik egoera ekonomikoarekin, «indarkerian aspaldi zaletuak diren gazteen mendeku gogoarekin» baizik. Horregatik, atxilotutako asko ez dituzte aske utzi identifikatu ondoren: lehenagotiko delitu batzuengatik ordainaren zain dituztelako.
Lahdjel Ain gaztea tiroka hil zuten, Msilan polizia etxean sartzen saiatu zelako, betiere gobernuaren bertsioaren arabera. Busmail Aljeriatik 50 kilometrora jaso zuten anbulantzian beste gazte bat, eta ospitalean hil zen, buruko zaurien ondorioz. «Heriotzaren zergatiak ez daude argi». Mediku batek, ordea, granada baten inpaktuak hil duela esan du, duda izpirik azaldu gabe, baina izenik ere ez du eman, arazorik ezduelako nahi Poliziarekin. Hirugarren gaztearen kasua hasieran ukatu egin badu ere, baieztatu egin zuen atzo. Asteazkenean Ain El Hedjalen tiro bat jaso zuen, eta Aljerko ospitale batean hil zen atzo.
Borroka espontaneoak
Bat-batekoak izan dira hasieran behintzat ekintzok, espero ez zirenak, Tunisia auzo herrian lehenago hasitako borroken antzera —joan den abenduaren 17an hasi ziren han iskanbilak—. Bi herriak ezberdinak badira ere, gazteek arazo bertsuak dituzte. Eskasiaren frustrazioa, langabezia eta gobernuen ustelkeriaren inpunitatea. Bi herrialdeetan biztanle gehienak 30 urtetik beherakoak dira, baina etorkizunean izan ditzaketen aukerak, oso eskasak, emigratzen ez badute.
Aljerian premiazko gaien prezioen igoera izan da krisiaren lehergarria:ogi, azukre, olio eta esnearena. FAOk Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak azaroan ohartarazi zuen premiazko elikagaien prezioa %34 igo dela oro har, eta hori oso gertu dago 2008ko marka historikotik, ogiaren matxinadak deitutakoak lehertu zirenetik. Aljerian irinaren eta olioaren prezioa bikoiztu egin da, eta kilo bat azukrek 1,5 euro balio du —lehen, 70 zentimo—.
Baina prezioen igoeraz harago, gobernuak agindutakoa ez betetzeak sortutako frustrazioak ere berea egin du liskarrak pizteko orduan.Abdelaziz Buteflikak etorkizun laburrerako proposamenak egin zituen 2009an, hirugarren aldiz aukeratu zutenean. Gobernuak milioi bat etxebizitza berri agindu zituen, demografiaren hazkunde izugarriari aurre egiteko eta 2003an lurrikarak suntsitutako etxeak ordezkatzeko. Hainbat erakunderen arabera, 10.000 etxebizitza egin dituzte orain arte. Lau urtean 219.000 milioi euro inbertituko zituela ere esan zuen lana sortzeko eta bizi-baldintzak hobetzeko, baina urtebetean ez da langabeen kopurua jaitsi, eta oso hedatua dago azkenaldian Polizia lizentziarik gabe jarduten diren saltzaileen postuak kaletik erretiratzen hasiko delako ustea. Gazte askok topatu dute kalean ogibidea.
Buteflikak, berriz, ez du txintik esan liskarrak hasi direnez gero, eta horren isilik dago, non oposizioa esaten hasi baita gobernuan bertan botere borroka dagoela. Oposizioak, ordea, bere alde jarri nahi ditu borrokak, gobernuaren kontra egiteko. Aljeria horren aberatsa izanik —petrolio asko dauka—, herritarrek ez diotela etekinik ateratzen salatu dute, gero eta pobre gehiago dagoela.
Elementu horien batuketak adituak duela 23 urteko egoera gogoraraztera eraman ditu. 1988an, diktaduran, herritarren atsekabea matxinada bilakatu zen ekonomiak behera egin zuenean, eta erregimenak erabili zuen errepresio gogorrak herritarren erantzuna indartu zuen.
Tunisian jarraitzen dute
Tunisian joan den abenduaren 17tik inoiz ez bezalako egoerak gertatzen ari dira, ez egunero, baina apenas etenik gabe. Han hiru astean lau gazte hil dira, bi polizien balez, eta beste bik bere buruaz beste egindute.Mohamed Buazizi gaztea ostegunean hil zen, ospitalean, erreduren eraginez. Gobernuaren eraikin baten aurrean gasolinaz bere gorputza zipriztindu eta su eman zion, «gehiegikeria administratiboa» iruditzen zitzaionaren kontra protesta egiteko. Gaztea diplomaduna baina langabea zen, eta fruituak saltzen zuen kalean, bere familiari laguntzeko. Fruituen orga irauli zion Poliziak, baimenik ez zuelako.
Gertaera hark herri osoa hunkitu zuen, eta, batez ere, gazteak haserretu. Zin el Abdin Benali 23 urte boterean daramatzan presidentearen aurka altxatu ziren, gazteei haren gobernuak ematen dien aukera eskasen aurka, informazio zentsuraren kontra.
Abenduaren 24an jo zuten gailurra protestok, eta 29an presidenteak agerraldia egin zuen telebistan, esateko hiru gobernadore kendu eta gobernua aldatuko zuela. Manifestariei lasaitasuna eskatu zien, eta agindu zuen lana sortzeko mekanismoak indartuko dituela.
Hala ere, oposizioarentzat ez da nahikoa izan esandakoa. Herritarren Aliantza eta Elkartasuna alderdiak biltzen du oposizioa, eta proposatu du eztabaida zabaltzea gizarte eragileen artean «trantsizioari bide egiteko». AI Amnesty Internationalek segurtasun indarren errepresioa salatu du.
Aljeriako Poliziak gogor ekin dio gazteen protestak isilarazteari
Hiru gazte hil dituzte balaz segurtasun indarrek, eta 400 bat zauritu daude, poliziak gehienak, Gobernuaren araberaPrezioen igoerak eta langabeen egoerak piztu dituzte liskarrak hainbat hiritan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu