Aljerian hamabi lagun hil dituzte, Buira hirian egindako bi atentatutan

Bi egunean 60 lagun hil dituzte, ustez ekintzaile islamistek, Kabiliako mendietako lurralde berberean

Erredakzioa
2008ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Azken urteetako atentatu gogorrenetik egun eskasera bi bonba-auto lehertu zituzten atzo Aljerian. Hamabost minutuko tartearekin zartarazi zituzten bi lehergailuak, Buira hirian, Aljer hiriburutik 150 kilometrotara, ekialdean. Erasoetan, gutxienez, 12 lagun hil zituzten eta42 zauritu.

Lehenengo leherketa Aljerian goizaldeko 05:45 zirenean gertatu zen; bonba-autoa armadaren kuartelaren kontra lehertu zuten, eta lau militar zauritu zituen. Hamabost minuturen buruan lehertu zuten bigarren bonba-autoa, eta horrek langilez beteriko autobus bat harrapatu zuen, nahiz eta jomuga Buira hiriko hotel ezagun bat izan. Autobusean zihoazen hamabi lagun hil zituen bigarren leherketak, eta 38 zauritu. Hildako gehienak Kanadako SNC Lavalin enpresako langile aljeriarrak dira; probintziaren ipar-mendebaldean presa bat eraikitzen ari ziren langileak, hain zuzen ere.

Atzo eta herenegun Aljerian izandako leherketetan 60 lagun hil dira guztira, 59 zibil eta jendarme bat. Eta, guztira, 89 lagun zauritu dira, horiek ia denak zibilak. Atzoko Buirako atentatuarekin eta herenegun Issers hirian izandakoarekin batera, azken bi asteetan indarkeria areagotu egin daAljerian. Pasa den igandean hamasei lagun hil ziren Skikda eskualdean egindako segada batean: zortzi polizia, hiru soldadu, ustezko lau ekintzaile islamista eta zibil bat. Abuztuaren hasieratik 66 pertsona hil dira atentatuetan eta 101 zauriturik gertatu dira.

Ustez, islamisten ekintza

Europako Batasunak Aljeriako Gobernuari eta herriari «laguntza» osoa eskaini zien atzo, eta Javier Solana EBko Atzerri Politikarako eta Segurtasunerako goi ordezkariak «terrorismo itsu eta basatiaren aurkako babesa» eskaini zion Aljeriari.

Aljeriako agintariek atentatuak gogor gaitzetsi eta esan zuten atentatuen ugaltze hau «talde terroristen ahuldadearen seinale» dela. Haatik, Aljeriako komunikabideek erasoei aurre egiteko Gobernuaren ezina nabarmendu dute eta Magreb Islamikoaren Al Kaeda erakundea benetan ahul dagoen zalantzan jarri.

Atzoko eta herenegungo hiru atentatuak ez ditu inork bere gain hartu oraingoz, baina agintariek AQMI erakundeari egotzi dizkiote, Magreb Islamikoko Al Kaeda izena duen erakundeari eta aurretik GSPC Predikazioa eta Guduarentzako Talde Salafista zeritzon erakunde armatuari.

Abuztuko atentatu hauek Kabilia berbereak nagusi diren eskualdean egin dituzte, Aljer hiriburuan eta beste hiri handietan aurkitu ez duten babesa aurkitu baitute ekintzaileek Kabiliako mendialdean. Agintarien arabera, «eskualdeko mendietan errazago dute ekintzaileek ihes egitea atentatu doilor horien ondoren». Aljeriako Gobernuak armada zabaldua du Kabilia inguruko mendietan azken egun hauetan, borrokarako artilleria eta helikopteroekin. Iturri ofizialen arabera, herenegun erakunde armatuaren hainbat babesleku suntsitu zituen armadak, baina oraindik ez dute AQMIko buru Abdelmalek Drukdel aurkitu, nahiz eta segurtasun indarren arabera eskualde berbereko mendialdean dagoen gordeta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.