Mauricio Santoyo Velasco jeneral ohia AEBetako Justiziaren esku dago, eta gaur deklaratuko du Virginia estatuko auzitegi baten aurrean. Alvaro Uribe Kolonbiako presidente izandakoaren segurtasun arduraduna izan zen 2002tik 2010era bitartean, eta Washingtonek egozten dio narkotrafikatzaileei eta paramilitarrei laguntzea. Virginiako auzitegiak duela astebete egin zuen Santoyoren estradizio eskakizuna, eta jeneral ohiak bere burua aurkeztu zuen herenegun DEA Drogen kontrako AEBetako Zuzendaritzan. Estraditatu duten lehenengo jenerala da Kolonbiaren historian.
Virginiako fiskaltzak azaldu duenez, 2000tik 2008ra bitartean Santoyok lau milioi euro jaso zituen narkotrafikatzaileei eta paramilitarrei laguntzeagatik.Hain zuzen ere, Pablo Escobarrek 1980ko hamarkadan sortutako Oficina de Envigado-ko sikarioentzat eta AUC Kolonbiako Autodefentsa Batuak erakunde paramilitarrarentzat ibili zen eroskerian. Garai horretan, zuen karguagatik, lehen eskuko informazioa zeukan, eta, ustez, Kolonbiako, Erresuma Batuko eta AEBetako zerbitzu sekretuen gaineko informazioa saltzen zien.
Uriberen gomendioa
2008az geroztik, AEBen eskuetan daude Juan Carlos Sierra El Tuso narkotrafikatzailea eta Carlos Mario Jimenez Macaco Kolonbiako polizia ohia, eta haien testigantzetan oinarritu da Washington Santoyo salatzeko. Akusazioaren berri izan bezain laster Uribek agente ohiaren «lan ona» nabarmendu bazuen ere, gero DEAn aurkezteko gomendatu zion Santoyori, sare sozialetan egindako adierazpen baten bidez.
Juan Manuel Santos Kolonbiako egungo presidenteak, berriz, kritikatu egin du Uribe, Caracol Noticias telebista katean egindako elkarrizketa batean. «Munduan Kolonbiari buruz entzuten diren albiste txar gehienak FARCi eta Uriberi lotuta daude», esan du presidenteak. Halere, Santosekuste du bien arteko eztabaida ez dela ona herrialdearentzat.
Alvaro Uriberen segurtasun buru ohia AEBen esku dago, narkoekin aritzea egotzita
Juan Manuel Santosek esan du FARCi eta Uriberi lotuta daudela Kolonbiako «albiste txar gehienak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu