Amaitu da itxaronaldia

ERCrekin akordioa lortu edo ez, Masek aurreratu du heldu den astean argituko dituela Kataluniako prozesu subiranistaren hurrengo urratsak

Artur Mas Kataluniako presidentea, hizlari, atzo, Bartzelonako Udalarekin hitzarmen bat izenpetu berritan. MARTA PEREZ / EFE.
Oihan Vitoria.
2015eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Katramilatuta segitzen du oraindik Kataluniako independentziarako bideak. Generalitateko presidente Artur Mas eta ERCko buru Oriol Junquerasen arteko hizketaldiek fruiturik eman ez, eta egoera ez aurrera ez atzera dago. Astiro eta mardul joan dira indar politiko subiranista nagusien arteko negoziazioak; hartu-emanak zertxobait hurreratzea erdietsi dute. Dena den, ekintzetan baino hitzetan eduki dituzte aurrerapenak, eta jarrerak urrutiegi daude. Hala, itxaronaldia gehiegi luzatzea kaltegarria izan daitekeelakoan, Masek hurrengo astean emango du prozesuaren bide orriaren argibideen berri, eta ez du kontuan hartuko ERCrekin ados jartzea lortu duen. Honela iragarri du: «Hilabete bateko negoziazio luzeen ondoren, erabakiak hartzen hasteko istantea da. Itxaronaldia ezin daiteke askoz gehiago luzatu, gaizki-ulertuak egon baitaitezke».

Hasierako asmoa leunduta, zerrenda bereizien aukera aztertzeko «prest» agertu da Mas asteon, baldintza bakarra ezarrita: gizarte zibilaren ordezkariak soilik haren zerrendan biltzea; orain arte independentziaren aldeko indarrak zerrenda bakarrean elkartzea hobetsi du. ERC, edonola ere, ez dator bat. Masen proposamenak ez ditu ERCren eskaerak ase. Junquerasek ez deritzo «justua» haren hautagaitza alderdiko kideekin bakarrik osatzeari. Ez du nahi ordezkari erreferenteak CiUrekin joatea, eta uste du, halaber, independentziaren aldeko boto gehiago pila ditzakeela gizarte zibilaren ordezkariak zerrendan txertatuz. Horrela, hilabeteko elkarrizketen ondotik, desadostasunean trabaturik daude oraindik; bata ez da besteaz fio, eta susmo txarrak dira nagusi. Izoztua dago prozesua.

Urte berriarekin batera hasi da hauteskundeetara deitzeko atzerako kontua, duda-mudaz betea. Baita desadostasunen korapiloa askatzeko ahaleginak ere. Justuki, jomuga hori du Masek, akordioa ahalik eta bizkorren lortzea. Generalitateko presidenteak asteartean egingo du horretarako agerraldia. Azken urteko balantzeaz gain, aurrera begirako urratsak ere xehatuko ditu. Litekeena da elkarrengana gerturatzeko bileraren bat egitea lehenago Masek eta Junquerasek, akordioa ixteko. Tempoa neurtzen ibili dira oraino, baina aurrerantzean ez dute astirik izango luzamendu handitan jarduteko, gainean baitituzte maiatzeko udal hauteskundeak. Independentziaren inguruko bozak aurreratzekotan, martxoaren amaieran egitea espero da, kanpaina batek ez dezan bestea irentsi. Deialdia egiteko azken eguna hilaren 27a du Masek; ultimatuma emana diote ERCk eta ANCk.

Kataluniaren independentziaren bide orrira «hobeto» egokitzen den plangintza hitzartzen ari dela berretsi du Masek. Nolanahi ere, iradoki du Junqueras ez dela «batere malgua» izaten ari. Haren arabera, baina, aukera ezberdinak daude oraindik mahai gainean: «Erabaki zail, eta ez arriskurik gabeak hartzeko unea da».

«Zur eta lur» agertu da Kataluniako Gobernuko burua Junquerasen ezetzaren karietara. «Pixka bat harrituta geratu naiz, bai. Barne zailtasun gutxiago egon beharko lirateke». Masek paradoxikotzat jo du A-9ko «arrakastaren» ondorengo une erabakigarrienetan alderdi subiranisten batasuna «zartatuta» egotea, eta azaldu duprozesua aurrera eramateko trabak inoiz baino agerikoagoak direla: «Sinesgaitza dirudien arren, gaur-gaurkoz, horixe da egoera».

ERCren itxikeria, kritikagai

Bestelako ikuspuntua dauka Junquerasek. Twitter sare sozialean erantzun dio Masi: «ERCk ez die baldintzarik jarriko zerrendetara batzeko hautua egiten duten herritarrei, ez eta gizarte zibileko ordezkariei ere». ERCko buruak ez du itunerako zailtasunik ikusten, eta uste du «laster» adostuko dutela «ahalik eta independentista gehien» elkartuko duen formula.

Kritiko agertu da ERCren jarrerarekin Joana Ortega, Generalitateko presidenteordea. Masen proposamen guztiei «ezetz» esatea egotzi dio Junquerasi, eta ohartarazi «itxikeria etengabeak» ondorio latzak ekar ditzakeela: independentziarako prozesua etetea. Hartara, akordioa lortzeko «eskuzabaltasuna» eta «erantzukizuna» galdegin dizkio ERCri: «Ba al dauka borondaterik behin betiko galdeketa egiteko? Generalitateak, behinik-behin, bai, badu».

ICV-EUiA koalizioaren koordinatzaile nagusi Joan Herrera, ordea, ERCren alde agertu da. «Beren bidetik» joan daitezela eskatu die, «Masekin eta CiUrekin hitzarmena lortzeko zama astunean» erori gabe. «Ez zaigu batere gustatzen egunotan ikusten ari garen antzerkia». PSCko Esther Niubok ere «espektakulutzat» jo ditu Mas eta Junquerasen arteko negoziazioak, eta «hauteskunde kalkuluarekin» aritzea egotzi die. «Ez da denbora galtzen egoteko unea. Bai arazoei heldu, gobernatu eta aurrera egitekoa», esan du Niubok. PPCko presidente Alicia Sanchez Camachok, berriz, salatu du negoziazioek kataluniarren etorkizuna baldintzatzen dutela.

Orotara, bost alditan bildu dira Mas eta Junqueras A-9ko galdeketaz geroztik. Isilpean egiten ari dira; aipatutako alderdiek ez ezik, burujabetzaren aldeko erakunde eta mugimenduek ere hartu dute parte. Printzipioz, begi onez hartu dute Masen proposamena. «Modua bainoago, akordioa axola zaigu, korapiloa askatu eta aurrera egiteko», argitu du Omnium Culturaleko buru Muriel Casalsek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.