Alta, zonaldean bizi diren 24 herri indigenek ezer gutxi balio dute Brasilgo Gobernuarentzat. Orain, bederen, ez du horien deia aditzeko betarik; izan ere, Amazoniako oihanaren basogabetzearen urteko datuak ia erdiraino jaitsi dira. Pozik agertu da Gobernua datu horien aurrean, azken 21 urteetako daturik baxuenak baitira. Jaitsieraren iturburuan, baina, ez dute bat egiten alde ezberdinek: Gobernuak Ibama programaren ondorioak direla defendatzen du (zuhaitzen mozketen jarduerak kontrolatzen dituena); Greenpeace talde ekologistak, ordea, munduan indarrean den ekonomia krisiaren eraginez dela baieztatzen du.
Luiz Ignacio da Silva Lula Brasilgo presidentea harro agertu izan da komunikabideetara herrialdeak ama lurraren defentsan aurrera daraman politikarekin. Ez ditu guztiak berekin, hala ere. Eztabaida sutsuak eman dira azkenaldian herrialdean aldebiko galdera baten aurrean: zeri eman lehentasuna, basoen babesteari ala ingurumena kaltetzen ez duen erregai bat ekoizteari? Brasiliak ez du zalantzarik egin bi aukeren artean: berotegi efektua eragiten duten gasak murriztu ditu, bioerregaia ekoiztuz. Azukre kanabera bidez Etanol alkohola lortzen du eta honen ekoizpenaz, bioerregaia. Horrek ekarri du gaur egun munduko lehen etanol esportatzaile izatea Brasil.Haatik, Lularen gobernuaren ekintzek aldebiko txanpona ezkutatzen dute, azukre kanaberaren laborantza oso kaltegarria baita Amazoniako oihanarentzat. Ekonomiari lehentasuna ematea egotzi izan dio, hala,Greenpeacek gobernuari, bioerregaiak sortuz poltsikoak bete, baina ingurumena aintzat izan ez duelako. Lulak, kritika horien aurrean, erabakiak justifikatzera jo izan du, etanola merkea izateaz gain, Lurrarentzat kaltegarriak diren gasak %90 murrizten dituela esanaz. «Gure herrialdeko lurren %1a erabiltzen dugu etanolaren ekoizpenerako», azaldu izan du Kongresuan gaiaren inguruan azalpenak ematea egokitu zaionean.
Azukre kanabera, baina, ez da bioerregaiak sortzeko munduan erabiltzen den lehengai bakarra. Garia edo soja ere erabiltzen da helburu berberetarako. Soja laborantzarekin loturik, hain zuzen, txostena osatu zuen 2006an Greenpeacek; lehengai honen landaketa gauzatzeko, basogabetzean sakontzen ari zela nabarmendu zuen talde ekologistak orduko hartan.
Dekretuen baliogabetzea
Erabilerak erabilera, egintza krudelak gauzatu dira lehengai hauen landaketak azken burura eramateko; izan ere, indigenak euren jatorrizko lurretatik botatzen dituzte xede horrekin. Paraguai omen da soja landatzeko eremu egokienetarikoa ekoizle handien ustez. Kilometroak eta kilometroak dituzten lur-sailak hartzen ditu lehengai horrek. Alta, erreparo gutxi izaten dute ekoizleek aurrean dutena errespetatzeko garaian; pasa den urrian pestizidak jaurti zizkieten hegazkinetatik Ytakyry (Paraguai) herrixkako indigenei. 200 kideetatik gora kutsatuak izan ziren isuriteengatik, goragalea, sukarra eta bestelako ondorioak eraginez.Ekintza horren xedea, euren lurretatik alde egitea behartzea zen, herrixkako kideen arabera; antza, ez zen lehen aldia mehatxua jasotzen zutena.
Ytakyryn jazotakoa, baina, katebegi bat besterik ez da herri indigenen aurkako jazarpenaren kate luzean. Peruko Amazoniako lurraldeetan barneratuz gero, antzerako hamaika adibide topa daitezke. Dozenaka indigena hil edo desagerrarazi dituzte euren lurrei sustraiturik jarraitzeko hautua egin dutelako. Uztailaren 5ean, Baguan (Peru), gertaturikoa da adibide. Negar gasak jaurti eta tiro egin zieten indigenei, ehunka zauritu eraginez. Meatzaritzako multinazionalen sarrera oztopatzen ari ziren Baguako herritarrak, euren lurrak defendatzeko azken ahalegin gisa.
Izan ere, duela gutxi arte, atzerriko meatze konpainiek ustiaketa librea zuten lurraldean, Gobernuak 2008an indarrean jarritako 1064 eta 1090 dekretuak medio. Ustiaketa librerako zio izan zen herrialdea garapen ekonomiko eta modernizazioaren olatuaren puntan jarri nahi izatea. Ordutik hona, baina, protestak eguneroko ogi izan dira Perun, dekretuak baliogabetzera eraman duelarik gobernua.
Petroliontzia auzitan
Protestek fruituak ematen dituztela eta, Ekuadorko Amazoniako indigenek Chevron petrolio konpainia (lehen Texaco) auzibidean jartzea lortu dute, FEDAM Amazoniaren Defentsarako Herri Frontearen bidez; ingurumenari loturiko kalteak eragin izana leporatzen diote petrolio enpresari, kalte sozial larriak eragitearekin batera. Azkenaldian, minbizia kasuen kopurua igo egin da nabarmen zonaldean, mediku txostenen arabera. Hori dela eta, dirutza eragingo duen auzi baten aurrean aurkitzen da, Chevron petrolio enpresa. Adituen arabera, indigenen aldekoa da testuingurua. Irabaziz gero, aurrekaririk gabeko gertaera izango litzateke, Amazoniako lur eremu zabalen defentsarako eta indigenen aldezpenerako ezinbesteko baldintza.
Kolonizazioak Amazonian izandako ondorioak
Lehen europarrak Hego Amerikara heldu zirenean, XVI. mendean, ia zazpi milioi indigena bizi ziren Amazonian. Ibaietatik gertu bizi zirenak izan ziren kolonizatzaileen atzaparretan erortzen lehenak. Asko eta asko europarrek eramandako gaitzen ondorioz hil ziren. Haien immunitate sistemak ez zeuden prest Europatik eramandako birusei aurre egiteko, ez eta ere haien medikuntza tradizionala. Beste asko, berriz, esklabo gisa hartu zituzten iritsi berriek, eta euren ohitura eta sinesmenak debekatu zizkieten. Hainbat tribu indigena nomada bilakatu ziren, kolonizatzaileengandik ihes egiteko. Gaur egun, Amazonian milioi bat indigena inguru bizi direla uste da.166
Rio Madre de Dios natur erreserba. Perun Hunt konpainiak petrolioa ustiatzeko 166 eremu eraiki ditu, bakoitza bere heliportuarekin. Arazoa da lan horiek guztiak natur erreserba batean egin dituztela: Rio Madre de Diosen. 2002tik legez babestua dago eremu hori.Pestizidek emakumeengan duten eragina aztertu dute
Costa Ricako Unibertsitateak ikerketa bat egin zuen joan zen apirilean, pestizidek emakumeengan duten eragina aztertu nahian. Pestizidekin lan egiten duten emakumeek arnas aparatuko arazo gehiago izaten dituztela ondorioztatu dute; arnasa barik geratzen dira maiz, eta soinua ateratzen dute arnastean.7.000
Basogabetzea datutan. 7.000 kilometro koadro oihan suntsitu dira Brasilen 2008ko uztaila eta 2009ko abuztua bitartean. Satelite bidez ateratako argazkiek hala erakusten dute. Alta, azken datuen arabera, erdira jaitsi da basogabetzearen kopurua azken urtean.Pablo Fajardo.FEDAMeko abokatua
Chevron petrolio enpresaren aurkako epaiketaren sententziaaurki dira ematekoak. Ingurumenari kalte egin izana leporatzen dio Fedam Amazoniaren Defentsarako Herri Fronteak.
«Egindako kaltea agerian utzi dugu, Chevronenjarrera kriminala erakutsita»
A.Rodriguez.Haurtzaro gogorra bizitzea egokitu zaio Pablo Fajardori (Quito, 1973). Etxola artean bizi eta hezi behar izan du anaien kargura. Haatik, abokatutza ikasi eta Chevron (lehen Texaco) petrolio enpresa sartu du auzitan, herri indigenekiko duen jarreraren salagarri. Euskal Herrian izan da Fajardo Medicus Mundik gonbidatuta.
Petrolio enpresek indigenekiko duten jarreraren aurka egiten duzue borroka. Zertan datza borroka hori?
Jarrera txarra da petrolio enpresek dutena; gure lana, batez ere, Chevron petrolio enpresak 1964 eta 1990 bitartean ekuatoriar Amazonian izan zuen eraginean oinarritu da. Urte horietan petrolioa atera zuen Chevronek Ekuadortik, eta hondakin toxikoen oinordekotza latza utzi zigun. Arazo sozio-ekonomiko askoren iturburu izan da hori.
Zein da petrolio enpresek inguru honetan duten jarrera gaur egun?
Duela hamar urte petrolio enpresek zonaldean egin zuten lana kontuan hartzen badugu, hobekuntza nabarmena egon dela ikusi dezakegu. Ezin dugu alderatu Chevronek egindakoa gaur egungo bestelako petrolio enpresek batzuekin. Hala ere, arazoak sortzen dituzte oraindik ere herri indigenetan, ingurumenean, inguru sozialean...
Chevron-Texaco auziaren epaia epe laburrean emango dute. Iritzi guztien arabera, zuen aldekoa izango da. Zein aurreikuspen egiten duzue?
Tramitean diren frogek erakusten dute zein tamainako epaiketa den; ingurumenari egiten zaion kaltea frogatu dugu,Chevronen jarrera kriminala erakutsiz. Frogekin batera, ikerketa sozial batzuk ere erabili ditugu; adituen txostenak daude, txosten zientifikoak, non isuriek ingurumen eta osasunarengan kalte larriak dituztela baieztatzen duten. Frogak hain dira indartsuak, ez zaigula buruan sartzen epaiketa petrolio enpresak irabazi dezakeenik.
Gertu gertutik bizi izan dituzu petrolio enpresen eraginak. Nola eragiten dute osasun eta ingurumenean?
Minbizia sorrarazten duten hainbat produktu toxiko erabiltzen dituzte; nazioarteko hainbat erakundek egindako txostenek erakusten dute inguruetan dauden minbizi kasu altuak. Uretan eta lurrean pilatzen diren gai horiek dira hori sortzen dutenak, medikuen txostenen arabera.
Erasoak Amazonia osoan ematen dira. Zer nolako erasoez hitz egiten ari gara?
Egurrarekin arazo handiak daude, esaterako. Badira ezkutuan ibiltzen diren etnia indigenak, ez dutenak kontakturik nahi bestelako zibilizazioekin; hauengana gerturatzen dira ekoizle handiak, lehengaiak kendu asmoz. Euren lurretatik alde egitera behartzen dituzte.
Zein helbururekin egiten dituzte eraso hauek?
Gobernuek badute interesik guzti horretan, baita petrolio enpresek ere; ez bakarrik Ekuadorren, baita Kolonbian, Perun, Venezuelan... azkenean baliabide ekonomikoak eskuratzeko iturri dira zonalde hauek. Zonaldeak eskaintzen dituen etekin ekonomikoak begiratzen dituzte, kontuan hartu gabe zenbat bizitza, ekosistema, edo kultura apurtuko dituzten. Dirua balio duten gauzei ematen diete garrantzia, baina oinarrizko diren gauzak ahazten dituzte, ura, oxigenoa, bizitza...
Uste duzu nazioarteak behar besteko arreta eskaintzen diola auzi honi?
Egia da asko aurreratu dugula, baina are gehiago egin behar dugula uste dut. Kontzientziazioan asko dugu egiteko, guztiok lan egiten hasi eta ekosistema garbiago baten alde lan egiteko. Ulertu behar dugu hau daukagun Lur bakarra dela eta zaindu egin behar dugula. Ez gaude petrolioa ateratzearen aurka, azken finean, beharrezkoa dugu bizitzeko petrolioa. Baina egiten duten min guztia ezabatu egin behar da.