Venezuelako tribu batean sarraskia egin dutela salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek. Horiek zabaldutako informazioen arabera, Amazoniako Yannomami tribuko 80 kide hil dituzte, ustez, urre bilatzaileek uztailaren 5ean airez egindako eraso baten ondorioz.
Brasilekin muga egiten duen Momoi eremuko lekukoek adierazi dute erasoa izan zen egun berean "erretako gorputz eta hezurrak" aurkitu zituztela tribua bizi zen Irotaheri komunitean. Lehendabiziko datuen arabera, 80 lagun izan litezke hildakoak, baina kopurua zehaztea ezinezkoa dela adierazi dute gobernuz kanpoko erakundeek. Yannomami tribuko hiru kide bakarrik atera dira bizirik.
Hiru lekuko horiek azaldu dutenez, uztailaren 5ean helikoptero batetik misil bat jaurti zuten eta 80 indigena inguru bizi ziren etxea —shabono— lehertarazi zuten. Erasoa inguru horretan urre bila ibiltzen diren legez kanpoko meatzariei egotzi diete indigenek. Indigenak bizi diren eremura iristea ez da erraza eta "erretako gorpuak" topatu zituzten indigenek hainbat aste behar izan dituzten oinez herri hurbilenera iristeko. Bizirik topatu dituzten indigenak ehizan omen ziren, eta leherketa entzutean ihes egin omen zuten. Gobernuko ordezkariek eta indigenen elkarteetako ordezkariek ezin izan dute oraingoz erasoa gertatutako eremura bertaratu.
Luis Shatiwe, Horonami elkarte indigenako bozeramailearen esanetan, "uste asko daramatzagu egoera salatzen. Urre bilatzaile ugari daude oihanean".
Sarraski handiena, baina ez lehendabizikoa
Ez da Yannomami tribuko indigenak erasotzen dituzten lehendabiziko aldia. 1993an, Brasilgo legez kanpoko urre bilatzaileek 16 indigena hil zituzten Amazoniako Haximu eremuan. 2008an, 5 indigena hil ziren Momoi eremuan, urre bilatzaileek erabiltzen duten merkurioz pozoituta.