1981. urtean heriotzara kondenatu zuten Stanley Williams Tookie, eta atzo goizaldean exekutatu zuten, Kalifornian, Arnold Schwarzenegger gobernadoreak hiltzeko gaztigua bizi arteko espetxe zigor bihurtzea ukatu ondoren. AEBetako Auzitegi Gorenak Williamsen abokatuen azken helegitea arbuiatu ondoren, 51 urteko gizonezkoa pozoiarekin hil zuten, San Quentin espetxean, eta haren heriotza 00:35ean (09:35 Euskal Herrian) baieztatu zuen medikuak.
Presondegi aurrean, heriotza zigorrari arbuio dioten 2.000 lagunetik gora bilduta zeuden hainbat ordu lehenago, Jesse Jackson apaiza eta Joan Baez kantaria tartean. Williams hil zuten berria zabaltzeak haserrea piztu zuen protesta egileen artean. Haurrentzako zortzi liburu idazten Williams lagundu zuen Barbara Becnel editoreak hauxe adierazi zuen: «Eginbehar bat badaukat orain; Stanley errugabea zela frogatuko dut, baita Schwarzenegger gobernadorea odol hotzeko hiltzaile bat dela ere». Kaliforniako estatuburuak, aldiz, honela azaldu zuen Williamsi heriotza zigorra ez kentzea: «Barkatze kontu hauek beti zailak dira eta kasu hau ere horrelakoa da; alabaina, kondenatuaren aurkako frogak aztertu, defendatzaileen argudioak aditu, gertakariei begiratu eta erabaki baten ondorioak neurtu ondoren, ez dut justifikazio onargarririk antzeman barkatze baterako». Bost orriko argumentazio oharra honela amaitu zuen, berriz, Kaliforniako gobernadoreak: «Stanley Williamsek errugabea dela dio eta, beraz, ez duela inolako damu egiterik azaldu du (...); damutzerik gabe, ordea, ezin da erredentziorik izan». Jesse Jacksonek gogor salatu zuen Schwarzeneggerren jarrera: «Errukiari mendekatzea hobetsi dio».
Arrazakeria susmoko auzia
1979an lau lagun hiltzeaz erruduntzat jo zuten Williams, eta heriotza zigorra ezarri zioten 1981ean. Bazen 24 urte, beraz, gaztigu hori jasotzen dutenen espetxe atalean zegoela. Creeps kale gaizkile taldeko sortzaile eta buru izan zela aitortu bazuen ere, hilketekin ez zuela zerikusirik aldarrikatu du beti.
Poliziak bildutako lekukotasunetan soilik oinarritzen zirela haren aurkako frogak eta kondenatu zuten epaimahaiak arrazakeriaz jokatu zuela azaldu du behin eta berriro haren defentsak. Ez zezaten hil eskatu zuten 50.000tik gora lagunek.
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK . Stanley Williams pozoituta exekutatu dute, heriotzara kondenatu zutenetik 24 urtera
Kaliforniako San Quentin espetxe aurrean 2.000 lagun bildu dira, heriotza zigorra gaitzesteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu