Amets amerikarraren prototipo

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
AEBetan dena dela posible pentsatzea, inor izan ez eta presidentetzara irits zaitezkeela uste izatea bat dator estatubatuar gehienen nortasunarekin. John Boehnerrek(Ohio, 1949) harrotasunez begiratzen dio bere ibilbideari sinesmen hori bere kasuan bete dela ikusita -Barack Obamak ere gauza bera nabarmendu zuen-. Familia katoliko batean jaio zen, eta 11 anai-arreba dauzka; politikan behar dituen trikimailu guztiak aitari tabernan laguntzen zion bitartean ikasi zituela esaten du beti. Senideetan lehena izan zen unibertsitatera joaten, eta herritar xumea ondo asko eta gertutik ezagutzen duela esaten du, haiek bezalakoa dela, nahiz eta bizimodu oparoa izan kritikatzen dioten gauzetako bat, klub aberatsetako kideak egiten duen bizimodu eskuzabala.

Kongresuan hamar legealdiko esperientziarekin, misterio bat izaten jarraitzen du Boehnerrek. 1991. urtetik lan egin du Kongresuan, eta 2007tik oposizioko taldearen buruzagi izan da. Ez da askorik nabarmendu, eta orain gutxi arte ezezaguna zen, baina demokratek George Bush presidente ohiarekin egin bezala Boehnerri lekua jarri diote, errepublikanoek nahiko ez luketena. The New York Times-ek orain gutxi argitaratu dulobby-ek haren hautagaitzaren alde jarritako dirutzari buruzko lan dokumentatua. Errepublikanoetan egun botere gehien duenak, ordea, segurtasunez erantzun die eraso guztiei, lasai, kontraesanak bere bizitzaren parte direlako.

Boehner politika tradizionalaren ordezkaria da, eraginen eta interesen politikarena. Ibilbide politikoaren hastapenean Hezkuntza Departamentua amaitzearen aldeko apustua egin bazuen ere, gutxira batzorde horretako presidente izan zen. Legebiltzarkideek jasotzen zuten gehiegizko ordainsarien kontra borrokatu bazen ere, geroago tabako industrien txekeak inork ez bezala banatu zituen.

Demokratekin egindako hainbat hitzarmenengatik babesa eta sinesgarritasuna du, baina era berean, Obamaren erreforma politikaren ezezkoaren bultzatzaile amorratua izan da. Osasun erreforma zapuzten saiatu da etengabe, eta horretan jardungo dela esan du Virginian Amerikari Promesa testua aurkeztu duenean berriki.

Errenta altuenak dituztenei zergak murriztea da bere asmoetako bat, eta enpresa handiei gobernuak kontrol gutxiago jarriko dizkiela agindu du, baita segurtasun nazional handiagoari buruzko programak ere. Tea Partyren alderago jarriko dela diote adituek hainbat erabakitan, eskuinerago.

Deborah Gunlackekin urteak daramatza ezkonduta, eta bi alaba dauzka.A. M.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.