Politikarien artean emandako opari pozoitsuen top ten bat inoiz egiten bada, horien artean legoke 2008ko maiatzean Bertie Ahernek Brian Coweni (Offaly, 1960) egindakoa. Irlandako gobernuburutza ematean, inork ikusi nahi ez zuen amildegi batera erortzekotan zegoen herrialdearen ardura eman zion. Azken bi urte eta erdian, Irlandak pott egin du, Tigre zeltaauto batek errepidean harrapatutako katua bihurtzeraino. Gidaria, «inoizko Taoiseach okerrena» Irish Independent-en hitzetan, Cowen izango da.
Cowenek, noski, badu erantzukizunaren zati bat, 1997az geroztik gobernuan izan baita, Finantza ministro gisa 2004tik 2008ra. Kargu horretan, indartu egin zuen Irlandaren azken hamarkadako politika ekonomikoaren zutabeetako bat: uharte osoa etxez eta merkataritza zentroz betetzea. Baina finantza krisiak banku ahalguztidunen diru iturria itxi zuenean, argi geratu zen etxegintza finantzatzeko atzerritik lortutako dirua itzultzeko moduan ez zeudela. Eta hor, bankuen porrota onartu beharrean, Cowenek erabaki zuen haien zor guztia estatuaren bizkar jartzea. Zama horrek berak —50.000 milioi euro iaz soilik— hondoratu du Irlanda, eta EBk nazioarteko laguntza onartzera behartu du.
Cowen saiatu da azken asteotan bere agintaldia luzatzen eta Fianna Fail alderdiaren gidaritzari eusten, baina bietan porrot egin du, agerian geratu delako harreman zuzenak zituela herrialdea porrotera eraman duen bankuetako elitearekin. Horretan zerikusia izan du liburu batek zabaldu izana Anglo Irish Bankeko buruzagi Sean Fitzpatrickekin bildu zela, banku hori nazionalizatu baino pixkat lehenago. «Golfean jokatu besterik ez genuen egin», esan du Cowenek, baina informazioak are gehiago lokaztu zion ospea.
Agintaldiaren garraztasuna goxatzeko, Europako agintarien artean gehien irabazten zuena —ia 300.000 euro, iaz soldata jaitsi arte— erretiratu pribilegiatua izango da, urtean 150.000 euro jasoko baititu. •
Soslaia. Brian Cowen
Amildegira erori zen gidaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu