Sanchezen inbestidura saioa

Amnistiaren inbestidura

Gaur hasiko dute PSOEko hautagai Pedro Sanchezen inbestidura saioa, eta, ezustekorik izan ezean, lehenengo bozketan lortuko du gehiengo osoa bihar, aldeko 179 botorekin

Amnistiaren inbestidura.
maddi iztueta olano
2023ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Hilabete pasatxo luzatu diren negoziazioak amaituta, azken kolpea ematea besterik ez zaio faltaPSOEko hautagai Pedro Sanchezi beste behin Espainiako Gobernuko presidentetza hartzeko. Gaur hasiko da haren inbestidura saioa, eta, ezustekorik izan ezean, bermatua du bihar lehenengo bozketan gehiengo osoa lortzea—aldeko 176 boto—: PSOEren 121, Sumarren 31, ERC Esquerra Republicanaren zazpi, JxC Junts per Catalunyaren zazpi, EH Bilduren sei, EAJren bost eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren boto bat eta CC Koalizio Kanariarraren beste batekin; denera, 179. Horra iritsi baino lehen, ordea, hitza hartu beharko du gaurko eztabaidan, 12:00etan. Haren atzetik hitz egingo dute Kongresuan ordezkaritza duten beste taldeetako ordezkariek ere, eta litekeena da Kataluniako indar subiranista nagusiekin —JxC eta ERC— adostutako amnistia legea izatea guztien agerraldien hizpidea.

Joan den uztailaren 23ko Gorteetarako bozetan 121 diputatu lortuta —denera 350 eserleku daude behe ganberan—, Sanchezentzat giltzarri izan dira beste talde parlamentarioen babesa lortzeko negoziazioak. Hori bai, alderdi batzuekin —ERCrekin eta JxCrekin, batez ere— besteekin baino estuago ibili da tirabiran. Euren diputatuen botoen truke, bi eskaera nagusi jarri zituzten mahai gainean katalanek: Kataluniako prozesu subiranistarekin lotutako amnistia, batetik; eta nazio auzia argitzeko erreferenduma, bestetik.

Bigarren planoan gelditu da galdeketaren afera, baina aurrera doa bestea. Francina Armengol Kongresuko presidenteak herenegun iragarri zuen Sanchezen inbestidura saioak noiz izango ziren, eta egun berean erregistratu zuen PSOEk amnistiaren lege proposamena Kongresuan; bihar Sanchezen alde bozkatzekoak diren alderdi guztien oniritziarekin, baina horien sinadurarik gabe. Neurri horrek bertan behera utziko lituzke 2012tik 2023ko azaroaren 13ra artean Kataluniako prozesu subiranistarekin lotutako prozesu judizialak. Horrek alderdi eskuindarren erabateko haserrea eragin du, eta kontrako manifestazioak egin dituzte Espainiako zenbait hiritako kaleetan.

Halere, ERC eta JxC ez dira izan PSOEren egoera euren helburuak lehenesteko baliatu duten alderdi bakarrak. Sumarrekin egin zuen PSOEk lehendabiziko akordioa. Bi alderdi progresistek 230 neurri jaso zituzten 48 orrialdeko itunean; horietan berritzaileena, 2025erako asteko lanaldia 37,5 ordura murriztea, lansarian murrizketarik egin gabe. Horren berri eman eta egun gutxira iritsi zen EH Bilduren baiezkoa. Akordioaren inguruko xehetasun handirik eman gabe, alderdiko buru Arnaldo Otegik sozialistekin legegintzaldian zehar lantzeko hiru ardatz zehaztu zituen: nazio auzia, eskubide sozialak, eta bakea eta elkarbizitza.

Azken bi asteotan, ia errenkadan iritsi dira Sanchezek inbestidura gainditzeko behar dituen botoen truke adosteko falta ziren akordioak. Hil hasieran iragarri zuten ERCrekin egindako ituna, eta joan den astean JxCrekin,BNGrekin, EAJrekin eta CCrekin hitzartutakoak. Hain justu, kanariarren babesa izan da azken unera arte argitu ez den beste botoetako bat —PPko hautagai Alberto Nuñez Feijooren alde egin zuen haren inbestidura saioan, joan den irailaren 29an—.

Inbestidurari begira, gobernuko presidentetzari eusteko egin beharrekoen zerrenda bete du Sanchezek, eta, ezustekorik izan ezean, lau urteko beste legegintzaldi bat hasiko du etzi. Dena den, orain artekoa negoziazioen lehenengo zatia baino ez da izan; zazpi alderdirekin egindako itunak betetzeko lan egin beharko baitu gero.

Berotzen ari da eskuina

Joan den irailean huts egin zuen Feijooren inbestidura saioak —ez zuen gehiengo osoa lortu lehenengo bozketan, ezta gehiengo sinplea bigarrenean—, eta horrek ateak ireki zizkion Sanchezen inbestidurari. Ez da espero abstentziorik egotea egunotako bozketan, argi baitute zer egin hautagai sozialistarekin akordiorik ez duten —ezta nahi ere— alderdiek. Biharko bozketan kontrako 171 boto jasoko ditu Sanchezek: PPkoen 137, Voxekoen 33 eta UPNren bat.

Eskuina orain zenbait hilabete hasi zen PSOEri oposizioa egiten, eta berdin egiten jarraitu du haren negoziazioek aurrera egin duten heinean. Amnistia legearen harira egin dizkiote kritika gehienak, eta, PPk hala eskatuta, horrentramitazioa atzeratzea onartu zuen atzo Senatuak —PPk gehiengo osoa du hor—. Horrela, lege proposamena onartzen dutenean, bi hilabete izango dituzte hori tramitatzeko, orain arteko hogei egun izan beharrean.

Antzeko jarrera agertu dute eskuin muturreko Voxekoek. Adibidez, atzo, Sanchezen aurkako kereila bat jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean alderdiko buru Santiago Abascalek. Horren bitartez, eskatu zuen Sanchezen inbestidura saioa behin-behinean bertan behera uzteko.

Baina Kongresuan bakarrik ez, kalean ere aurkituko du oposizioa Sanchezek. Azken bi asteotan milaka eskuindarren topaleku bilakatu da Madrilgo Ferraz kalea, eta, pixkanaka, beste hiri batzuetara ere hedatu dira PSOEren eta amnistia legearen aurkako manifestazioak. Hortaz, ikusteko dago biharko bozketaren ondoren, protesta horiek barealdia izango duten, edo areagotuko dituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.