Amriren senideen amesgaiztoa

Italiako Poliziak tiroka hil du Berlingo atentatuaren ustezko egilea, ohiko kontrol batean. Nahiz eta Estatu Islamikoaren bideo batean borrokarako prest agertu, senideek ezin dute sinetsi gertatutakoa

Anis Amriren ama Nour Huda, semearen argazkia eskuan duela, etxean; atzean, seme-alabak. MOHAMED MESSARA / EFE.
Ricard Gonzalez.
Ueslatia
2016ko abenduaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Anis Amri bilatu eta atxilotzeko agindua emana zuten Europa osoan, astelehenean Berlingo merkatu batean ustez egindako atentatuaren egiletzat zutelako, eta laster lortu zuten helburua: kasualitatez harrapatu zuten, ordea. Amri, 24 urteko tunisiarra—duela urtebete heldu zen Alemaniara—, Italiako Poliziak tirokatuta hil zen, atzo goizaldeko hiruretan, Milango erdigunean. Bi poliziak nortasun agiria eskatu zioten, ohiko kontrol batean, eta Amrik, bizkar zorrotik pistola atera, eta polizia bati sorbaldan egin zion tiro, beste poliziak bera tiroz josi aurretik.

Europako agintariek arnasa hartu dute Amriren hilketari eskerrak, batez ere alemaniarrek, bai baitzekiten armaturik zegoela, eta atentatu bat egin zezakeela. Haren irudia erakutsi du Estatu Islamikoak bideo batean, Abu Bakr al-Baghdadi liderrari leialtasuna erakutsiz, eta «zerri gurutzatuen kontra» borrokatuko duela aginduz. Baina zalantza asko daude argitzeko: zein ziren bere konplizeak, eta norekin zegoen harremanetan. Non eta zergatik erradikalizaztu zen. Oraingoz, ez alemaniarrek eta ezta italiarrek ere, ez dute azaldu nola zeharkatu dituen Amrik hainbat muga, Europako pertsonarik bilatuena izanik ere. Azaldu dutenez, ezin dute informazio gehiago eman, ikerketa bideak zabalduta daudelako oraindik.

Dena den, azken orduetan, Amriri buruzko informazioa plazaratu dute, eta aukera ematen du jakiteko nolakoa zen, hamabi lagunen hiltzailetzat ia ziurtasun osoz jotzen dena, kamioiarekin jendetza harrapatu ostean. Izan ere, Alemaniako Poliziak zalantza gutxi dauzka.

Europan izua zabaldu duten EI Estatu Islamikoko beste hainbat jihadisten antzera, Amrik iragan gorabeheratsua zeukan, pobrea zen, eta delitu txikiak zituen bere gain. Oso sinisduna ez den familia batetik zetorren, eta langile baten semea zen. Ueslatian jaio zen, 1992an, asfaltorik gabeko kaleak dituen herrian, non zereginik ez duten gazteek betetzen dituzten kafetegiak. Tunisia erdialdeko paisaia sozial atsekabegarrian da herria. Bere anaia Walidek, nahigabeturik baina adeitsu hartu zuen BERRIA bere etxean, herenegun, Anis hil baino ordu batzuk lehenago.

Familiako hainbat kideren arabera, gazteak ez zuen inoiz erakutsi fundamentalismo islamikorako joerarik. «Hemen bizi zela, ez zuen errezatzen, alkohola edaten zuen, eta musika asko gustatzen zitzaion. Italiako espetxean sartu zutenean hasi zen errezoan. Agian han erradikalizatu zen», du gogoan Saidak, bere bost arrebetako batek. Lau bat urte igaro zituen Siziliako espetxean, bandalismoagatik, lapurretagatik eta eraikin bat erretzeagatik kondenatu ondoren.

Hain zuzen, Italiako komunikabideek emandako informazioaren arabera, preso komun asko erradikalizatu dira Palermoko espetxean. «Oso maiz hitz egiten zuen jihaba eramaten ez duen arrebarekin, eta ez zen inoiz konbentzitzen saiatu, jar zezan. Gainera bere lagunekin harremanean jarraitzen zuen, eta horietako asko poliziak edo soldaduak dira», gaineratu du Walidek. Baina, hainbat grabazio aipatuta, Alemaniako Poliziak dioenaren arabera, Abu Walaarekin harremana zeukan, Estatu Islamikoarentzat gazteak errekrutatzen dituen imamarekin. Alemaniako Fiskaltzaren arabera, Amrik erakutsi zuen atentatu bat egiteko asmoa, baina ez da ulertzekoa, hori horrela balitz, zergatik ez zuten atxilotzeko agindurik eman.

Krimenaren ustezko egilearen nortasuna jakinarazi eta bi egunera, Amriren familiak ezin du sinetsi, eta espero du nahastu egin direla. «Joan den igandean hitz egin nuen azkenekoz Anisekin telefonoz,atentatuaren bezperan, eta ez nuen ezer arrarorik sumatu. Familiagatik galdetu zidan, eta horrelako gauzak.Askotan hitz egiten genuen», azaldu du bere ama Nour Hudak. 60 urteren bueltan izango ditu.

Orduztik alferrik saiatu da berarekin hitz egiten. Sakelekoa itzalia du, eta Facebooken ere ez du ezer berririk jarri.

«Bera izan baldin bada, lotsa ekarri du familiara, eta herrialde osora», aipatu du Walidek. Ia hutsik dagoen egongelan dago eserita. Hormetan ez dago Koranaren pasarte bat daukan koadro bat besterik. «Asko sentitzen dugu gertatu dena. Gure doluminak eman nahi dizkiegu biktimen senideei, eta Alemaniako herriari». Hainbat alditan, negarrez hasieta elkarrizketa eten dute egongelan dauden Amriren amak eta seme-alabetako bostek —lau seme eta bost alaba ditu—,

Senideak sekulako amesgaiztoa bizitzen ari dira, poztekoa behar zuen egunean. Izan ere, atzo 24 urte betetzekoa zen Amri, eta atzerrian azken urtea izatea nahi zuen. «Tunisiar asko bezala, Italiara joan zen klandestinoki, 2011ko martxoan, hemen ez dagoelako ezertarako aukerarik. Dirua aurrezten ari zen, datorren urtean hemen negozio bat jarri ahal izateko», Gaur egun, ama—dibortziatua dago—, bi alabarekin bizi da. «Alemanian ez zegoen gustura. Alemaniera ikasten saiatu zen, baina ez zuen lortu. Legez kanpo zegoenez, lantxoak soilik topatzen zituen».

Amriren biografian zulo beltz bat dago. 2011n kamioi bat lapurtzeagatik egindako epaiketara ez zen agertu. Tunisiako hainbat komunikabidek ziurtatu dute, hori dela arrazoia Italiara alde egiteko. Senideek, ordea, ziurtatu dute errugabea dela, eta Italiako immigranteen harrera zentroan zegoenean izan zuela akusazioaren berri.«Ekintzan nahastu zuen mutilak eta kamioiaren jabeak azkeneanesan zuten ez zela erasotzaileen taldeko parte», ziurtatu du amak, gertaeren bertsioa baieztatzen duen paper judiziala eusten duen bitartean. Amrik ziurtatu zien injustuki epaitu zutela Italian ere, eta senideek sinisten diote.

Ueslati ez da islamismoaren bastioia, baina handik dozenaka gazte atera dira Siriara edo Libiara, jihadismoarekin bat egitera. «Imam salafista batek errekrutatu zituen. Iraultzaren ondoren heldu zen herriko meskita nagusira. Gero atxilotu egin zuten, eta Poliziak tenplua itxi zuen behin-behinean», dio Hamidak. Zapia eramaten ez duen alabetan bakarra da bera.Nazio Batuen Erakundearen arabera, 4.000 boluntario atera dira Tunisiatik Libiara eta Ekialde Hurbilera. Jihadisten esportatzaile nagusia bilakatu da. Hain justu, bidaia europearrean porrot egindako tunisiar bat izan zen kamioi bat hiltzeko arma bilakatu zuena, Nizan, joan den udan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.