Protestak herrialde arabiarretan. George Ishak. Kifaja mugimenduko buruzagia

«Anaia Musulmanek berez ez dute babes zabala, baina antolatutako bakarrak dira»

Mubaraken diktaduraren kontrako erresistentziaren ikurra da aspalditik Ishak; Tahrik plazan martiriak omentzeko gaur elkarretaratuko diren milioi bat lagunen artean egongo dela dio.

KRISTINA BERASAIN.
Kristina Berasain Tristan.
Kairo
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Hosni Mubaraken diktaduraren kontra orain artean irmoen borrokatu den mugimendua da Kifaja (Nahikoa da). Sei lagunek eratu zuten, 2004ko abenduaren 10ean, giza eskubideen egunean. Laster izan zuen oihartzuna, eta ezustean harrapatu zituen. «Erregimenaren kontrako lehen ekitaldia zen, eta mila lagunek egin zuten bat». George Ishak (Port Said, 1939) mugimenduko buruzagia da —hezkuntzan aritu zen 1956an politikara salto egin aurretik—, eta erresistentziaren ikur bihurtu da; horregatik kartzelatu dute hirutan, denbora laburrez izan bada ere. Gizon xarmangarria da, zehatza erantzunetan eta adeitsua tratuan; eta mintzaldi interesgarri bezain umoretsua harilkatu du. Indiako mapa zergatik duen zintzilik bulegoan galdetuta, horrela erantzun du: «Guk baino geroago eskuratu zuten independentzia, eta begira nola dauden; begira nola gu». Duela hiru urte izan zen han, eta hunkituta etorri zen. Kairon egunotan ere hunkitu egin dela dio.

Kifaja mugimenduak egunotan gertatu denerako bidea egin al du azken urteotan?

Bai, eta pozik gaude horregatik. Elkartu ginen lehen aldian zeinen makurtuta bizi ginen ari zen esaten kide bat, eta beste batek horixe esan zuen: «Kifaja» (Nahikoa da). Salbuespen Legea indarrean zela aritu gara lanean; manifestatzeko eskubidea ukatzen duena. Auzitegi Gorenaren aurrean egin genuen lehen protesta; uste genuen ez zela inor etorriko, ehun lagun elkartzea arrakastatzat jotzen genuen, eta mila lagun elkartu ginen. Ez genuen oihurik egin. Isilik egon ginen, ahoa estalita. Beldurraren harresia hautsi genuen, manifestatzeko eskubidea eskuratu genuen, eta giza eskubideen errespetua aldarrikatzeari ekin genion.

Eta Mubarak erori egin da...

Iruzurrak, ustelkeriak, injustiziak eta jazarpenak eraman du porrotera. Berak jarri ditu herritarrak bere kontra, berak amaitu du bere buruarekin; herriak duintasuna eskuratu du. Herria altxa zedin eremua ongarritu du urteotan. Alderdiek ez dute bozetara aurkezteko aukerarik izan, eta horrekin hautsi behar dugu orain; gobernu teknokrata behar dugu, eta iraultza honetatik aurpegi ugari aterako da, horregatik, hauteskundeak egiteko itxaron egin behar da.

(Elkarrizketa eten du. Petrolioi ministroak egindako ustezko ustelkeria jasotzen duen dokumentua jaso du. Aurki argitara emango dutela dio).

Astebeteko epean hainbat urrats egin ditu Armadaren Kontseilu Gorenak. Konfiantza al duzu prozesu horrekiko?

Beldur naiz gauza bakar batekin: Anaia Musulmanen beldur dela batzorde hori. Anaia Musulmanek berez ez dute sostengu handia, baina bozak orain egingo balira, nagusituko lirateke, antolatuta dauden oposizioko alderdi bakarra direlako, gizartean eragin handia ez badute ere, berez ez dugu presarik izan behar bozak egiteko. Mendebaldea ere ez da haien beldur izan behar, ez baitira asko, eta ez da orain arte erregimenak haien inguruan zabaldu duten beldurra aintzat hartu behar; estrategia bat izan da, segurtasunaren izenean, babesa izateko.

Horren sakabanatuta dagoen oposizioa eratzea al da orain erronka?

Bide horretan ari gara. Oposizioko hainbat eragilek koalizio bat eratuko dugu, asko baitira partekatzen ditugun ezaugarriak eta helburuak; kolore askotariko taldea izango gara. Independente batek bere zerrendarekin lehiatu ahal izatea bermatu nahi dugu. Aldaketarako Batzar Nazionalak ere talde horrekin bat egin du, eta gazteen ordezkariak ere horretara bildu dira.

Zein izango da koalizio horren burua?

Oraindik ez dago erabakita. Iraultza honek aurpegi berriak ekarriko ditu. Mila sinadura bildu eta programa bat aurkezten duen edozein pertsona aurkeztu ahal izango da bozetara.

Zeure burua aurkeztuko al duzu?

Ez. Nik ez dut ezeren eta inoren buru izan nahi; neure burua zuzentzearekin aski dut.

Nola laburbilduko zenuke diktadura?

Mubarak kriminal bat izan da; diktadore ustel eta txotxoloa. Ez dakit nola jasan dugun 30 urtez horrelako erregimena.

Nazioartearen babesa izan du, hala ere...

Bai. Ameriketako Estatu Batuen eta Europako Batasunaren jarrera zitala izan da. Agintari ustel bat babestu dute. EBko hamahiru enbaxadore egon ziren behin bulego honetan, eta presidentea babesteari uzteko eskatu nien. Handik astebetera akordio bat egin zuten harekin. Kairora itzuli zirenean eta nirekin elkartzea eskatu zutenean, ez nien harreratik egin. Condoleezza Ricek esan zuena ere gogoratu behar da: egonkortasuna demokraziaren gainetik dagoela esan zuen, eta horrekin dena esan zuen. Hortik aurrera soilik herri egiptoarra hartu dut aintzakotzat.

Boikoterako deia egin izan duzue beti orain arteko bozetan. Zergatik?

Iruzurra handia izan delako beti. Erroldetan hildakoen izen ugari agertzen ziren; beraz, baldintza horietan ez dugu parte hartzera deitu eta abstentzioa %90ekoa izan da beti; arazoa da horretaz ez dela hitz egiten.

Tahrir plazako protestetan izan zara egunotan. Bihar [gaur] ere joango al zara?

Bai, musulmanen errezoa zuzentzera joango naiz [kristau koptoa da bera]; imama izango naiz, kar-kar. Hiru gauza egingo ditugu: iraultza ospatu, martiriak omendu eta aldarrikapenei eutsi. Nik hiru egun eta hiru gau egin nituen, baina otsailaren 2an joan egin nintzen; egoera gaiztotzen ari zen. Gameluen gerra deitzen diogu egun horri; Mubaraken aldekoak eta polizia sekretuak gameluetan sartu zirelako plazara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.