Joan den astelehenen, Bilbon Venezuelak daukan kontsuletxeak gonbidatuta, hauteskundeei buruzko mahai-inguru batean hartu nuen parte. Euforia handia ikusi nuen mahaikide eta entzuleen artean. Esan nien emaitza estuak izango zirela, Maduro ez delako Chavez, nahiz Chavezen heriotza gertatu berriak lagun ziezaioken Madurori. Estuak bai, baina ez horren estuak. Madurok botoen %50,66 lortu du, eta Caprilesek %49,07.
Lehenagotik ere gori gori zegoen Venezuelako politikaren labeari ikatza botako dio atzoko emaitza larriak. Oso polarizatuta dago politika Venezuelan, biziki hartzen dutelako herritarrek politika. Ahal izanez gero, chavistek krokodiloetara botako zuten Capriles, eta Caprilesen aldekoek Maduro piranetara.
Nabarmena da chavismoaren jaitsiera azken hiru hauteskunde presidentzialetan: %62 2006an, %55 iaz eta 50,66 atzo. Amildegiaren mugan geratu zen atzo Maduro, eta berarekin batera Venezuelako chavismoa eta Ameriketako herri askotakoa: Kuba, Nikaragua, Peru, Ekuador, Bolivia...
Nekea dago Venezuelan, neke handia, atzoko emaitzetan isladatu zena; eta hobe du, norabidea eta gauzak egiteko estiloa aldatu nahi badu, ez bilatzea chavismoak errua nazioarteko konfabulazio batean. Barruari begiratu behar dio, klase ertainen nekeari, gobernuan hamalau urte egon eta gero segurtasunaren arazoa ez konpontzeari... etxeko kontuei begiratu behar die.
Venezuelan Chavezek, hasieran, eduki zuen arrakastak bultzatu zituen Ameriketako klase popularrak sinestera posiblea zela gobernua eskuratzea baldin eta kontzientzia hori hartzen zuten. Alderantzizkoa gerta ez dadin ardura dauka hurrengo sei urteetan Venezuelako chavismoak, ez dadila Venezuela izan kontrako domino partida baten lehen fitxa.