Igor Susaeta.

56.000 hildako ez dira nahikoa

2025eko ekainaren 27a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zenbait ikerketa zientifikok diotenez, enpresetako nagusi batzuek psikopaten ezaugarriak eduki ditzakete. Estatu bat ere enpresa batekin pareka daiteke neurri batean, eta atzo Bruselan bildu ziren, hain zuzen, EB Europako Batasuneko estatuburuak eta gobernuburuak. Klubeko zerbitzu diplomatikoak aste honetan entregatutako txosten bat makulu hartuta, talde komunitarioko liderrek aukera ezin hobea zuten Israeli belarrietatik tira egiteko, eta, baliabide erretorikoak alboratuta, argi esateko sarraski bat egiten ari dela, giza eskubideak urratzen ari dela Gazan. Ez zuten halakorik egin, ordea. «Kontuan hartuko dugu txostenak dioena».

EBko hamazazpi estatuk eskatu zuten txosten hori, egiaztatzeko ea Israel betetzen ari den EBrekin sinatua duen lankidetza politikorako eta ekonomikorako itunaren bigarren artikulua. Horrek esaten du giza eskubideak errespetatzea akordioaren «ezinbesteko elementua» dela. Txostenak hainbat erakunde independente aipatzen ditu iturri gisa, eta ondorioztatu du «zantzuak» daudela esateko Israel giza eskubideak urratzen ari dela zerrendan. 56.000 hildako azkeneko 21 hilabeteotan, eta «zantzuak» daudela diote...

Zinismo eta arduragabekeria ariketa muturreraino eramanda, liderrek ohar bateratuan esan zuten uztailean «eztabaidatzen» jarraitzekoak direla, Gazako «egoeraren garapena» aintzat hartuta. Kaja Kallas diplomaziaburuaren esanetan, Israelekin hitz egin nahi du aurrena, beste edozein erabaki bultzatu aurretik. Ez dago garbi Israelek zer gehiago egin behar duen arma enbargoa ezar diezaioten, edo, Errusiari bezala, zigor ekonomikoak ezar diezazkioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.