UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren jarduerak debekatu ditu Israelek Gazan, Zisjordanian eta Jerusalem Ekialdean, eta AEBetako Gobernuak ez du iazko urrian onartu eta aurtengo urtarrilean indarrean sartutako erabaki horren aurka egoteko arrazoirik; are, uste du Tel Avivek ez duela NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horren laguntza ahalbidetzeko obligaziorik. Hori adierazi du Washingtonen ordezkari Josh Simmonsek gaur Hagan, Nazioarteko Justizia Auzitegian, Palestinan okupatutako lurretan Israelek dituen obligazio juridikoei buruz aste honetan han egiten ari diren saioetan.
Ez dira ezustean iritsi haren azalpenak, modu batean edo bestean bada ere, AEBak ari baitira Israel Palestinako gatazkan hartzen ari den erabakiak justifikatzen. NBEk Israeli ohartarazi dio palestinarrekiko obligazioak dituela «potentzia okupatzailea» den neurrian, eta, orduan, hara laguntza humanitarioa bidaltzea onartu behar duela, baita hori erraztea ere. Simmonsek nabarmendu duenez, ordea, nazioarteko zuzenbideak ez dizkio NBErekiko, nazioarteko erakundeekiko eta hirugarren estatuekiko «obligazio absolutuak» ezartzen potentzia okupatzaileari. «Okupazio zuzenbidean, interes militarrek eta humanitarioek bat egiten dute... [...]; indar okupatzaileak ez du galtzen bere segurtasuna bermatzeko eskubidea», arrazoitu du.

Genevako Laugarren Hitzarmenaren 59. artikuluan dioenez —hori aipatu du Simmonsek—, okupatutako lurraldeko herritarrak «nahikoa hornituta» ez daudenean, potentzia okupatzaileak onartu egin beharko ditu herritarrentzako laguntza planak, eta horiek aurrera eramateko modua emango du. Baina AEBen ordezkariak interpretatu duenez, Israelek badu «aukera» zer plan baimendu ditzakeen erabakitzeko, eta «zibilekiko obligazio humanitarioak bete ditzake, bere interes militarren eta segurtasunezkoen alde egiten jarraitzen duen bitartean».
Bide batez, zalantzan jarri du UNRWAren «inpartzialtasuna». Astelehenean hasi ziren saioak Hagan, NBEk berak eskatuta, eta ostiralera bitartean, berrogei bat herrialdek eta nazioarteko hainbat erakundek emango dituzte auziari buruzko beren argudioak. Simmonsen esanetan, orain arte behintzat «gutxi» hitz egin da «Israelen segurtasun kezkez». Tel Aviven esanetan, Hamas ari da UNRWAren instalazioak erabiltzen, eta modu desegokian baliatzen du laguntza humanitarioa. AEBetako ordezkariaren hitzetan, kezka hori «serioa eta fidagarria» da.
100Zenbat egun pasatu diren Israelek Jeninen operazio militar bat hasi zuenetik. Urtarrilaren 21ean, Israelek operazio militar bat hasi zuen Jeningo errefuxiatu gunean, Bigarren Intifadaz geroztik (2000-2005) izandako handiena da, eta Zisjordanian egindako handiena. Azken operazioari ekin zionetik ehun egun bete ziren atzo. Jeningo Udaleko bozeramaileak albiste agentziei esan dienez, Israelek seiehun etxe eraitsi ditu gutxienez, eta «bizitzeko modurik ematen ez duen leku» bihurtu du Jenin.
Hungariako ordezkari diplomatiko bat ere mintzatu da gaur Hagan, eta, nahiz eta ez duen Israelen jarrera zuzenean justifikatu, Gergo Kocsisek esan du «nazioarteko justizia foroak politizatzen» ari direla: «Esaterako, kasu hau aztertzea erabakita». Hain zuzen, Israelek berak ere adierazi ohi du NBEren justizia auzitegi gorenak —bai Nazioarteko Justizia Auzitegia, bai NZA Nazioarteko Zigor Auzitegia— politizatuta daudela. Horren harira, apiril hasieran Viktor Orban Hungariako lehen ministroak jakinarazi zuen herrialdea NZAren jurisdikziopetik aterako zuela. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Budapestera egindako bisita bat baliatuta esan zituen Orbanek hitz horiek. Aintzat hartu behar da NZAk emanda daukala Netanyahu atxilotzeko agindua, gerra krimenak leporatuta.
Hagan saioak egiten ari dira egunotan, NBEren Batzar Nagusiak hala eskatuta. Ebazpen bat onartu zuen abenduan, eta, hartan, Israeli eskatzen dio bete ditzala palestinarrekin dituen obligazioak. Dena den, Israelek urteak daramatza NBEren ebazpenei kasurik ez egiten. Behin berrogei herrialderi eta hainbat erakunderi entzun ondoren, saioetan parte hartzen ari diren hamabost epaileek iritzi bat plazaratuko dute Israelek dituen obligazioen inguruan; ez dute zehaztu noiz, baina, NBEren iturriak aipatuz hainbat hedabidek kaleratu dutenez, zenbait hilabete beharko dituzte horretarako. Dena den, iritzi hori ez da loteslea izango.