Gipuzkoarrak aharien apustuen zale itsuak zirela zioen Ignacio de Iztuetak bere Guipuzkoako Condaira lanean, duela 150 urte. Bertan utzi zuen idatzia ikusia zuela «elkarren aurkako kolpe bortitz eta ugarien eraginez adarretatik kea darien aharirik. Halaber, ikusi izan dut —gaineratuko zuen— lehen kolpean bestea baino ahulagoa denaz jabetu eta ez hurreratu nahi izana». Horiek horrela, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ez ote duen, aharien antzera, bere burua talkarako ipini begitandu zait egunotan. Edo hori, edo benetan dabil barrabilen tamainaren inguruko lehian sartuta. Auskalo.
Mexikotik eta Kanadatik sartzen zaizkien produktuei muga zergak ipintzeko erabakia hilabetez pausatuko zuela iragarri zuenetik, argi geratu da, ikusi nahi izan duenarentzat, migratzaileak eta fentaniloa aitzakia hutsa zirela Trumpentzat. Hilabeteko su etena agortuta, aurreko astelehenean, gauerdian, indarrean sartu zituen aipatu muga zergak. Claudia Sheinbaum presidente mexikarrak hasieratik esan zuen Trumpen esanak ahaztu, eta eginak hartu behar zirela kontuan. Eta horixe egin du berak ere, hitz egin gutxi, eta egin beharrekoak egin. Emakume delako, beharbada, ez da aipatu norgehiagokan sartu.
Eta bada bitxia Sheinbaumen portaera, agerian utzi duelako beste zenbait agintarirena. Ekuadorko presidente Daniel Noboarenak, esaterako. Trumpek muga zergen ezarpena atzeratzen zuela jakin genuen egun berean, Noboak %27ko zerga ezarri zien Mexikotik Ekuadorrera sartzen ziren gai guztiei, bereak bai handiak zirela erakusteko. Handik egun gutxira, Trumpek Mexikoko narkoaren talde kriminalak terroristatzat jo zituela ikusi eta, biharamunean, horixe bera egin zuen Kanadako lehen ministro Justin Trudeauk, harenak ere tamainakoak direla adieraziz.
Asteartean, Ameriketako Estatu Batuen muga zergek bete-betean harrapatuko zutela ikusi zuenean, bestalde, berak ere, Trudeauk, %25eko zerga ezartzea erabaki zuen, etxean jasoko dituzten Ameriketako Estatu Batuetako produktuei, koskabiloen tamainan ez zaiola Trump nagusituko iradokiz. Usteak erdia ustel, baina: estatubatuarrak hordagoari eutsi, eta kanadarrak hori eginez gero, hastapeneko %25eko zergari, beste 25 gehituko zizkiola egin zuen mehatxu. Aharien talka bete-betean.
Norgehiagoka horretatik ihesi, agintari mexikarra denbora irabazten aritu da, muga zergek Mexikoko ekonomiari eta, batez ere, mexikarren ongizateari eragingo dizkieten kalteez jabetuta. Orain hilabete, hamar mila soldatu bidali zituen muga aldera, Trumpen apetak asetzeko. Hilabete bat irabazi zuen. Lau aste horietan saiatu dira txukun jokatzen, AEBetako agintariek beraiek onartu duten bezala: muga legez kanpo zeharkatzen zutenen kopurua izugarri gutxitu da; elkarrekin aritu dira herrialde biak Mexiko barruan narkoa zelatatzen; inoizko polizia operaziorik handienak izan dira droga laborategiak desegin, eta narkoaren buruak atxilotzeko; eta, esanguratsuena, talde kriminaletako 29 buru AEBetako Justiziaren esku utzi dituzte. Ostegunera arte alferrik ziren horiek guztiak, Trumpen aburuz egindakoa ez omen zen-eta nahikoa izan muga zergen mehatxua uxatzeko.
Eta horixe egin du berak ere, hitz egin gutxi, eta egin beharrekoak egin. Emakume delako, beharbada, Sheinbaum ez da aipatu norgehiagokan sartu
Izan da bestelakorik hilabete honetan. Mexikoko Gobernuak asteartean lortu zuen Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak armagintzako enpresen kontra sartu zuen salaketa aztertzea. Ekimenak ez du atarramentu onik izango, baina agerian utzi du, berriro ere, migratzaileez eta drogez gain, armek ere muga zeharkatzen dutela legez kanpo, mexikarren zorigaitzerako.

Trudeauk ez bezala, Sheinbaumek ez zion berehalakoan erantzun astearteko muga zergen ezarpenari. Presidenteak zuhurtzia eskatu zien mexikarrei, pazientzia eta buru hotza ere bai. Eta horixe bera eskaini zien. Presidente biek ostegunean zuten telefonoz hitz egiteko hitzordua, eta ordura arte beltza zen panorama, ezin ilunagoa, zuritu eta argitu egin zen, muga zergen gaineko su etena hilabetez luzatu zuen eta Etxe Zurikoak. Solaskidearen aldartea zein aldakorra den jakinik, Sheinbaumek badaezpada Zocalo plazara deitu zituen herritarrak, gaur bertan, ordu gutxi barru egingo den batzarrera. Bertan emango zituen jakitera presidenteak zeintzuk neurri eta eraso prestatu zituen bere gobernuak Trumpen oldarraldiaren kontra. Atakari elkarrekin eta bat eginik erantzutea zen bere asmoa, beti ere gaurko egunerako zeri erantzun balego. Izan ere, bost egun irabazi zituen Sheinbaumek gaurko batzarrarekin, jakin bazekielako deia egin zuenean, asteartean bertan AEBtako burtsak egundoko galera izan zuela, eta ia seguru kolpea hurrengo egunetan errepikatu egingo zela. Zuhurtziaz jokatuz, asmatu zuen. Gaurkoa festa eguna izango dute Zocalo plazan.
Gogoeta honi forma ematen ari natzaiola, ezin jakin zertan izango diren agintari estatubatuarraren beroaldiak esku artean duzun egunkaria kaleratu den egunean. Badakiguna da presidente biek ostegunean hitz egin zutela telefonoz, eta mexikarrak argi utzi ziola Trumpi heldu dela garaia segurtasuna eta droga kontsumoa bezalako auzietan herrialde bakoitzak bere gain dagokion ardura eta erantzukizuna hartzeko. Bestela esanda, balizko mahaiaren gainean Sheinbaumek arrazoiak ipini zizkion solaskideari, ez potroak.