urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Anna Politkovskaia: hamar urte

2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Durangon harrapatu ninduen albisteak, larunbat ilunabarrean:Anna Politkovskaia etxeko igogailutik irtetean tiroz hil zutela entzun genuen. Ez nuen pertsonalki ezagutu, baina oso hurbileko sentitzen dut. Izan liteke Kaukasora lehen bidaia egin nuenetik zerbaitek lotu ninduelako eskualdera. Izan liteke harekin egondako jende asko benetan estimatzen ditudan adiskideak direlako, katalanak bereziki. Gehien behar genuenean, euskarazko egunkari bakarraren itxiera ekintza antiterrorista bezala aurkeztu gura zutenen aurrean lagundu ziguten katalan haiek Txetxenian gertatzen ziren gerra-krimenen berri ere bazekarten.

2004an Bartzelonan mundu osoko idazleen berrehun idazle baino gehiago bildu ziren, Hitzaren balioa izenburupean, idazle jazarri eta espetxeratuen nazioarteko konferentzian. Salman Rushdie eta Martxelo Otamendi elkarren ondoan ziren. Antiterrorismoa, idazleak eta adierazpen askatasuna izeneko txostena argitaratu zen, 2001eko irailaren 11z geroztik mundu osoan zehar hitzaren aurkako erasoak borroka antiterroristaren aitzakian egiten zirela agerian utziz. Euskaldunok bagenekien zerbait horretaz. Anna Politkovskaiak ere bai: «Bush-Blair-en terrorearen aurkako gerra oso lagungarri zaio Putini». Ez zen isilik egongo, baina bazekien: «Hitzaren prezioa Txetxenian heriotza da». Carles Torner katalanak, PEN Internationaleko idazkari nagusiak, gogoan du bi urte lehenago, lehen aldiz Kataluniara gonbidatu zutenean, nola amaitu zuen Politkovskaiak hitzaldia, Vicent Partalek aurkeztutako saioan: «Putin arrazista patologikoa da. Putin hiltzailea da».

Ez zuten erbestera joan nahi. Txetxeniako lehen gerra (1994-96) neurri handi batean kazetariek askatasunez informatu zutelako bukatu zela sinetsita zegoen, eta horregatik bihurtu zituela Putinek etsai bigarrenean. Zorretan sentitzen zen Txetxeniarekiko, Bartzelonan PEN Kataluniako lagunei esan bezala: «Atxilotu zutenean gauez aldameneko herriraino joan ziren txetxeniar haiek, telefonoz Novaia Gazeta-ra deitzeko, eta hari esker salbatu zen. Biharamunean Annari bizia salbatu zioten txetxeniar haiek exekutatu egin zituzten». Dubrovka antzokiko bahiketan (2002) bitartekari izan zen, eta 2004an Beslango eskolakoa gertatzean, asmo berarekin abiatu zen, baina hegazkinean pozoitu zuten eta ospitalean amaitu zuen.

Politkovskaia hil eta hurrengo urtean joan nintzen lehen aldiz Kaukasora. Urte bi eta erdira, Txetxenian nintzen, kazetari ausart haren testimonio ugari bildu zituen Memorial elkarteko egoitzan. Groznyk aurpegi berria zeukan, txukun-txukun garbituta, baina nongura ziren gerrako zauriak fatxada haren azpian. Konbikzioz zein indar armatuekiko beldurrez, «mendira» jotzen zuten gazteen senideak umiliatu eta torturatzen zituzten. Larunbat goiz batez Groznyko bulegoan nengoela adineko gizon bat iritsi zen, aztoratuta. Ilobaren gorpu torturatua ekarri zieten egun batzuk lehenago, «borrokalariekin» bat egin ei zuelako. Eta aski ez, eta aita ere jipoitu zuten. «Zein erru zuen nire anaiak bada?». Hura, gerra amaitu zela iragartzen zuen Ramzan Kadiroven Txetxeniak ageri zuen aurpegia. «Nataliarekin hitz egin behar duzu», esan zidan Danimarkan bizi zen errusiar kazetari batek. Deitu nionean Moskun zen, hurrengo baterako utzi genuen. Hiru aste beranduago Groznyko kaleetan bahitu eta tiroz hil zuten Natalia Estemirova. «Amak Memorial elkartean egiten zuen lan, Estatuaren gehiegikerien ebidentziak jasoz, eta behar zutenei botikak ematen. Elkarrekin, super-taldea osatzen zuten, gerrak jotako Txetxeniako kasu lazgarri eta arriskutsuenak ikertzeko», idatzi du asteon Natalia Estemirovaren alaba Lanak.

Uztailean beste kazetari batek idatzi zidan, Fatima Tlis zirkasiarrak. Washingtonen ziren euskaldunekin egongo ote nintzen. Hara erbesteratu zen duela ia hamar urte Kaukasotik. Ordurako behin baino gehiagotan atxilotu zuten, zigarroekin torturatu ere bai, baina Anna Politkovskaiaren hilketaren biharamunean 16 urteko semea etxera itzuli ez eta atxilotuta zegoela jakin zuen. Desagertutako askoren senideek antzeko istorioak kontatzen zituzten, eta semea askatu eta gutxira erbesteko bidea hartu zuen Fatimak.

Omenaldia egin zioten ostegunean Bartzelonan. PENeko lagunek, Vicent Partalek, Anna Gabrielek, David Fernandezek gogoan izan zuten ostiralean, hilketaren hamargarren urteurrenean. Horregatik are mingarriagoa egiten da bazterrotan isiltasuna. Anna Politkovskaiak iragarri bezala, Putinek irabazi duela ematen du, ukiezin bihurtu dela Euskal Herriko ezkertiar askorentzat, geopolitikak aginduta zapaltzaileak eta zapalduak bereiztea ahaztu balitzaigu legez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.