Iñigo Bilbao Sagastiberri.
Leku-lekutan

Ar mexikarrarenak ez dira berriketak

2024ko martxoaren 3a
05:15
Entzun

Urriaren 1ean emakumezkoa izango da Mexikon presidentea, nahi eta nahi ez. Hiru dira hautagaiak, horietako bi emakume dira, eta haien artean dago lehia. Gizonezko bakarraren aukerak hutsalak baino hutsalagoak dira. Baten batek uste badu horrekin beirazko sabaia hautsi, eta emakume mexikarrek egiazko berdintasuna erdietsi dutenik, horrek bai egin duela huts.

Ar mexikarraren ingurukoak ez dira berriketak, eta emakumeenganako indarkeriak ez dira txantxa Mexikon. Talde feministek salatu ohi dutenez, egunero hamar emakume hiltzen dituzte herrialdean. Ez dago argi horiek guztiak emakume izateagatik erailtzen dituztenik, baina egia da, datu ofizialen arabera, 1,4 feminizidio gertatzen direla Mexikon ehun mila emakumeko.

Oraindik okerrago, inpunitatea erabatekoa da. Iazko datuen arabera, aurreko hamar urteetan 7.246 hilketa feminizida izan ziren, eta gaur egun oraindik libre daude hiltzaile gehienak, hamarretik zazpi. Urte berean jakin genuen 15 urtetik gorako emakumeen %41,8k nolabaiteko sexu gehiegikeriak pairatuak zituztela haurtzaroan.

Hilero milaka eraildako izaten dituen herrialde honetan, zoritxarrez, Justiziaren azken katebegia da generoarena. Forbes aldizkariak joan den urrian argitaratu bezala, gora egin du zigorgabekeriak Mexikon, ehun delitutik lau baino ez baitira ikertzen, eta inpunitatearen atzaparrak harrapatuak ditu, batez ere, familia barruan jazotako indarkeria, desagertu diren emakume eta gizonen auziak, eta sexu abusuak. Alegia, Justiziak gizonei gutxi erreparatzen badie, emakumeei are gutxiago.

Mexiko eta feminizidio berbak elkarrekin dakarzkigunean, Ciudad Juarez datorkigu gehienoi burura. Bai, milioi eta erdi biztanle dituen muga inguruko hiri horretan 2.400 emakume hil dituzte azken hiru hamarkadetan eta, larriagoa dena, ehunka dira arrastorik utzi gabe desagertu direnak. Larriagoa da, bai, neskatoak eta nerabeak desagertzen direnean, batez ere hirigune handietan, etxekoen izua izan ohi delako sexu-esplotaziorako atzeman dituztela. Hildako eta desagertutako emakume horien guztien harrabots dira hiri guztietan ipini dituzten milaka eta milaka gurutze arrosak. 1996an Ciudad Juarezen zortzi emakumeren gorpuak aurkitu zituzten tokian ipini zituzten lehen gurutzeak; gaur, tamalez, herrialde osoan ikus daitezke.

Ciudad Juarezek merezitako sona duen arren, badira emakume bizitzeko hori baino toki askoz arriskutsuagoak herrialdean, hiriburua inguratzen duen Mexiko Eskualdea kasu. Lurralderik populatuena izanik, hura da emakumeen hilketa tasarik handiena duen eskualdea Mexikon. Iaz, abuztuaren 31ra arte, 19.245 feminizidio auzi ireki zituzten bertako epaitegietan, aurreko urtean epe berean baino 824 gehiago.

Pentsatzekoa da datorren ostiralean, berriro ere, Mexikoko hiri handi guztietako kaleak lepo beteta izango direla, erail dituzten emakume guztien oihartzun.

Orain hiru aste, otsailaren 2an, emakume baten gorpua aurkitu zuten Ecatepec hirian, ur zikinen ubidean. Ohikoa da Mexiko Eskualdean gorpuak aurkitzea kanalak drainatzen dituztenean. Talde kriminalek ur zikinetara botatzen dituzte hiltzen dituztenen gorpuak, eta ar hiltzaileek ere bai. 2015ean horixe gertatu zen, arestian aipatu ubidea garbitzen hasi zirenean, 21 gorpu atzeman zituzten, eta horietatik 16 emakumezkoenak ziren.

Desagertuta dauden emakume gazteen gurasoek salatu dutenez, 2011. urteaz geroztik, Peña Nieto presidente izan aurretik, bertako gobernadore zenean, eskualdean genero-alerta indarrean jartzea galarazi zuten agintariek. Ondorioz, desagerpen salaketak jaso edo gorpuak atzematen dituztenean, ez dituzte kontuan hartzen genero-protokoloak, eta horrek badu eraginik.

Peña Nietok gaur Madrilen hartu du aterpe, badaezpada ere, eta agintean txanda hartu zion Andres Manuel Lopez Obradorrek ez du aurretik presidentetzan izan direnek baino atarramentu hobeagorik izan feminizidioen auzian. Egia osoa esanda, egungo presidenteak zintzoki aitortu izan du, publikoki, berak ez duela ulertzen zer esan nahi duen «patriarkatuaren aurkako borroka feministak».

Izan ere, Julio Astillero La Jornada egunkarikoak ondo azaldu bezala, Lopez Obradorren pentsamendu ideologikoak badu alde bat oso kontserbadorea, ingurumenari eta generoari dagozkion gaietan atzematen dena, batez ere. «Feminismoa gutxiesteak eta behin eta berriro borroka honen oihartzunari entzungor egiteak agintearen jardute erabat kontserbadorea adierazten du. Ea Mexikoko presidenteak laster aldatzen duen jarrera», idatzi izan du Astillerok.

Lagun eta gogaideek hori esaten badiote, imajina nolakoak izan daitezkeen arerioen purrustadak. Bitxia, Lopez Obradorrek lortu du, hori bai, eskuineko alderdi, hedabide, enpresari eta eragile guztiek generoaz, patriarkatuaz, eta feminismoaz barra-barra aritzea. Iazko martxoaren 8aren atarian, zera zioen PAN alderdiko Kenia Lopez eskuineko senatariak, alegia: «Lopez Obrador presidentea buru duen Morena alderdiko gobernuak agerian utzi du berau dela emakumeen etsairik handiena Mexikon».

Gauzak horrela, pentsatzekoa da datorren ostiralean, berriro ere, Mexikoko hiri handi guztietako kaleak lepo beteta izango direla, erail dituzten emakume guztien oihartzun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.