ANC Biltzar Nazional Katalanaren Marina kaleko egoitzan, egutegi handi bat dago paretan itsatsita. Urriko egun guztiek gurutze bat daramate, azaroko lehenbizikoek ere bai. 9a gorriz markatuta dago, eta 10ean galdera ikur handi bat ageri da.
Dagoeneko, garrantzi txikia du gaurko bozketaren emaitzak: ia inork ez du zalantzan jartzen independentziaren aldeko aukerak irabaziko duela, aurkakoek eta axolagabeek ziurrenik ez dutelako parte hartu ere egingo. Biharamunari buruz galdetzen dietenean zimurtzen dute askok kopeta.
Mugimendu independentistak sortutako orea haziz eta zabalduz joan da azken urte, hilabete eta asteotan. Orain, galdera da noraino gehiago puztu ote daitekeen, noiz lehertu edo hustuko den. Alderdi politikoen arteko tentsioa nabarmena da, eta mugimendu independentista ere zalantzaz zulatuta dago. Hauteskundeak heltzen badira, ohiko alderdikeriek orain arteko fronte komuna suntsitzeko arriskua dago, eta bada boz plebiszitarioen promesa bera zalantzan jartzen duenik ere. Espainiako Gobernuaren azken egunotako isiltasunak ere errezeloa eragiten du, nonbait amarruren batek egon behar balu bezala.
Garai zailena aurretik du oraindik Kataluniak. Orain arte eskatzea izan da dena, protesta egitea eta erreklamatzea. Aldarrikapen oinarrizkoenetatik abiatuta, masak atera dituzte kalera, etsai garbi bat identifikatuta eta eskaera garbi batekin. Aurkari hori —Madril— tinko mantendu da bere posizioan, eta, beraz, 2006an kalera ateratako oinarrizko mezu hark baliagarri izaten jarraitu du gaurdaino: «Nazio bat gara, erabakitzeko eskubidea daukagu».
Baina eltzea sutan frogatzen omen da, eta hemen inork ez du benetako sakrifiziorik egin oraindik. Orain arte, botoa emateko helburuak batu ditu mila etxetako independentistak eta sekula independentismoan pentsatu ez zutenak: maila sinbolikoenean bada ere, lortuko dute gaur orain arteko helburua. Eta gero?
Madrilen jarrera nekez aldatuko da gaurko bozketaren ondorioz: kataluniarren anbizio demokratikoaren gainerako adierazpenek bezain gutxi mugiaraziko dute milioika bai-bai txartelek Espainiako Gobernua. Beraz, «independentzia» (praktikoa, ez ofiziala) helduko bada, katalanek euren kabuz bilatu dutelako izango da. Horretarako erabakiak hartu beharko dituzte, mezuak gehiago zehaztu eta posizioak argitu, Espainiari argi eta garbi adierazteko gai direla bera gabe bizitzeko. Eta horrek ezinbestean eskatuko ditu sakrifizioak: alderdiak prest egongo ote dira hauteskundeetako portzentajeei uko egiteko, naziogintza prozesuan dagokien rola hartzearen truke? Herritarrak eta enpresak prest egongo al dira zergak Espainiari ez, baizik eta Generalitateari ordaintzeko? Fidatuko ote dira pentsiodunak poltsa horrekin, edo badaezpada orain artekoari eutsiko diote?
Azaroaren 9ak zertxobait gehiago luzatuko du prozesua; hauteskundeek, gehiago. Baina ailegatu beharko du haustura guztiek -baita osasungarrienek ere- eskatzen duten ausardia eta sakrifizio garaiak.

Katalunia. A-9ko prozesu parte hartzailea. ANALISIA
Azaroaren 10aren itzala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu