urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

'Brexit'-aren mugak

2017ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Luxua izan dira egunotan Ipar Irlandaren berri zuzenean izatea uhartetik bertatik, Samara Velteren kroniketan. Newrytik idatzitakoa, esaterako: Europako lekurik militarizatuenetakoa izan zena, mugaldeko dozenaka bide eta bidexka berariaz zartatuta, gaur egun uharte bakarra dela nabarmentzen duen lekua da, Dublin eta Belfast artean.

Brexit-a inon igarriko bada, South Armaghetik Donegalgo mugaraino doan eskualdean izango da. Hasi berri dugun martxo honek abiarazi beharko luke Erresuma Batua EBtik bereizteko prozesua, eta hasiera batean aldaketa handirik ez egoteko borondatea nabari bazen Bruselan eta Londresen, denbora igaro ahala horren aurkako irudipena ari da nagusitzen: brexit-ak ondorio asko eta herritarrengan zuzenak izango dituela.

1998ko Ostiral Santuko Akordioak politikaren ikuspegi sektarioa gainditzea zuen oinarri: identitate esklusiboak baztertzetik nortasun irlandar, britainiar, protestante zein katoliko izan, bizikidetzarako egitasmoa eraikitzea. Londres ala Dublin ezinbestean hautatu beharra gainditzen zuen. Ipar Irlandako herritar guztiek dute irlandar herritartasunerako eskubidea, britainiarra galdu gabe. Estatu batek, lurraldetasunari eragiten dion auzi politiko baten aurrean dagoenean, hura desaktibatzeko hainbat era ditu. Errepresioa eta isilarazten saiatzea da horietako bat, bistan da, historikoki sarritan landu izan da. Beste muturrean, auzi politikoa planteatzen duen lurraldearekin eta haren ordezkari eta buruzagi politikoekin negoziatzea, eta estatuan eroso egoteko bidea adostea. Irlanda batua irlandar errepublikanoen ametsa zen, noski, baina mugarik gabeko Europa integratu eta batu baten, statu quo-a aldatzeko motibo gutxiago zeuzkaten herritarrek, parez pare duten egoerarekin alderatuta. Brexit-ak Irlanda berriz ere zatitzea dakar; ondorioz, hura batzeko perspektiba ere indartzen du, beharrezko bihurtuz.

Baina Erresuma Batuak badu beste muga fisiko bat Europako Batasunarekin: Gibraltar. Iberiar penintsulako lehen lurraldea izan zen Europako Batasunean sartzen, 1973an. EBko zati zen Gibraltar, baina Europatik bakartuta zeukan Francoren Espainiak, lau urtez itxita baitzeraman mugak. Franco hil zen, baina muga zabaldu ez. Espainiak Europako Batasunean sartzeko bezperan—eta sartzeko betebehar bezala— ireki zuen guztiz muga. Ipar Irlandan muga militarizatuaren memoria oso presente dute. Egin kontu zer den lurrez mugitzerik ez daukazun 32.000 biztanleko hiri batean jaio eta haztea, Durango eta Errenteriaren arteko zerbait; 35 eta 55 urte bitartekoek airez edo itsasoz baizik irteterik ez zuten setiatutako hiri baten memoria dute. Gazteagoek etxean jasotako sasoi horren arriskua ikusten dute Espainiak mugaldea zorroztu eta sekulako auto-ilarak eragiten dituen bakoitzean. Irlandako mugaldea Londresek militarizatu zuen; Gibraltargo muga Espainiak itxi zuen.

Eta Espainia horrek berak brexit-ak sekulako aukera ekarri diola sinisten du. Bost axola dio berriki arte Gibraltargo herritarren aurka baliatu dituen zigor kolektiboak, herritarrek hautatutako agintarien aurkako gutxiespenak, herritarren borondatearekiko mespretxua, zuzenean Londresekin negoziatu guran gibraltardarrek diotenaz ezaxola; horrek guztiak bost axola, Gibraltar Europako Batasunetik kanpo gelditzean berriz ere setiatu dezakeela baizik ez du buruan. Ez du horren argi esaten, baina ez dabil urrun ere: Esteban Gonzalez Pons PPko eurodiputatuak halaxe gaztigatu zion Fabian Picardo Gibraltargo lehen ministroari berari Bruselan: «Ez da europar konponbiderik egongo Gibraltarrentzat. Brexit-a brexit-a da. Erresuma Batua EBtik irteten bada, bere lurralde guztiak ere badoaz, eta biharamunean Gibraltar hirugarren herrialde batek administratutako kolonia izango da». Bideoa dago Youtuben, Ganberako buruaren deserosotasuna agerian, haiek gonbidatutako lagunekin espainiarrak zerabilen zakarkeriagatik.

Badu alternatiba Espainiak, horratik: subiranotasuna partekatzea Gibraltarrek, gibraltardarrak espainiar eta britainiar izatea, eta hainbat onura politiko eskaini ditu Madrilek. Gibraltar- darrak burugogor, horratik, galdetu zaien bakoitzean ehuneko ehunetik oso hurbil ibili da Espainiarekiko ezetza. Madrilek ez daukan lurraldeari eskaintzen baitio subiranotasuna partekatzea. Dagoeneko bere menpe denean lurraldea, eta lurralde hori subiranotasunez jokatzera ausartzen denean, bere estatu-tresneria osoa abiarazten du, behar den guztia egiteko, eskualdeko presidentea auzipetu, Ganberako burua kargugabetzen saiatu, eta gogorrago jo behar bada, jo. Baina Gibraltarretik Bartzelona ere ikusten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.