Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

BRICSen hedapena eta hegoaldearen itxaropena

2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
BRICS taldeko herrialdeek beste sei estatu kide izatera gonbidatu dituzten honetan, G20koek orain dela hamabost urte egindako lehen goi bilera burura etorri zait. Orduan bezala, hegoaldeko herrialdeen artean itxaropena piztu da; garabidean dauden herrialdeek eserleku gehiago izango dituzte nazioarteko erabakien mahaian.

2008. urtean, mundua krisi ekonomikoan murgilduta zegoela, G20 taldea osatzen duten herrialdeetako gobernuburuek lehen goi bilera egin zuten Washingtonen. Bilera haren berri ematera joan ginen kazetarion artean sortu zen sentsazio bat ondo gogoratzen dut; finantza krisiaren panikoak behartuta, hegoaldekoak, azkenean, gobernuburuen goi bilerara gonbidatu zituzten. George W. Bush presidenteak burutu zuen bilera hura ez zen hegoaldekoei zeresan handiagoa emateko antolatutako bilera izan. Dena dela, aurrerapauso bat izan zen; orduko G8a baino pluralagoa eta zabalagoa izan baitzen hura; lehenengo aldiz Txinako, Hegoafrikako, Indiako, Indonesiako eta Mexikoko agintariak ere eseri ziren G8ko gobernuburuen mahaiaren inguruan.

Hala ere, Hu Jintao, Luiz Inacio da Silva Lula, Dmitri Medvedev eta Manmoham Singhek laster ikusi zuten hura ez zela haien foroa; azken finean, G8ko herrialdeek erabaki zuten G20a osatuko zuten herrialdeen zerrenda eta agenda. Washingtongo goi bilera egin eta urtebetera, Txinak, Indiak, Brasilek, eta Errusiak BRIC taldea sortu zuten; 2010ean Hegoafrika gonbidatu zuten aliantza ekonomiko eta politikoaren bosgarren kide izatera, eta taldearen izenari Hegoafrikaren S letra gehitu zioten.

BRICSekoek Iran, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak,Argentina, Egipto eta Etiopia gonbidatu ondoren, nazioarteko botere oreka irauli egingo dela, eta ondorioz, hegoaldeak, azkenean, mundu mailan bere agenda bultzatuko duela aurreikusi nahi dute batzuek. BRICS indartuak G7ari kontrapisua egingo dio ekonomikoki. Politikoki, alabaina, ikusteko dago taldearen batasunean Indiaren eta Txinaren arteko lehia itzelak eta Errusiaren ahultzeak izango duten eragina.

Hegoaldeko herrialdeen garapenaren agendari dagokionez, BRICSekoen alternatibaren zain gaude oraindik iparraldearen eskutik hegoaldeko herrialdeen lehengaien eta aberastasunen esplotazioari dagokionez; hegoaldeko herrialderik boteretsuenek hegoaldea esplotatzen jarraitzen baitute. Esaterako, BRICSekoen kide berria izango den Etiopiak Txinarekin eta Indiarekin dituen harreman komertzialak ikaragarri hazi dira. Oreka komertziala,noski, BRICSekoen aldekoa da. Gogoratu behar da India joan den mendeko 1960ko hamarkadan hasi zela Etiopian nekazaritza lurrak alokatzen eta erosten. Horretarako, Indiako enpresek nekazaritzan egindako inbertsioen helburua ez da Etiopiako biztanleak elikatzea edo bertan garapen ekonomikoa bultzatzea, Indiako ekonomiak behar dituen kotoia eta azukrea ekoiztea baizik. Txinari dagokionez, beste hainbeste; Etiopiak Pekinen maileguak jaso ditu eta azpiegitura ugari eraiki dituzte bertan. Azpiegitura horiek ezinbestekoak dira Afrikatik Txinara lehengaiak esportatzeko.

G8ak G20aren sorrera bultzatu zuenean, aukeratutako herrialdeen zerrendatik kanpo geratu ziren Etiopia, Argentina eta Egipto, mundu mailan garrantzitsuak ez direla argudiatuta. BRICSekoek, ordea, ateak ireki dizkiete orain. Bestalde, azpimarratzekoa da Washingtongo lehen goi bilera haren adierazpen bateratuak Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankua erreformatzeko eta bere politika kaltegarriak amaitzeko konpromisoa jaso zutela. Bete ez den konpromiso haren ondorioz, BRICSekoek Garapenerako Banku Berria sortu zuten. Oro har, BRICSek itxaropena piztu du hegoaldean, eta bere hedapenak itxaropen hori handitu egin du; bereziki, Afrikan. Hedapen hori bultzatu duten Txina eta Errusiak euren agenda propioa daukate, herrialde guztiek bezala, eta ez dirudi, beste behin, hegoaldearen beharrak agendaren zerrendaren lehentasunen artean daudenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.