Pontidako belazeetan milaka lagun elkartuko dira gaur,3.230 biztanle dituen herrixkaren lasaitasuna urratuz.Lombardiako Bergamo hiriko iparraldean urtero egiten du festa Lega Nordek. Eta aurtengo ekitaldia ez da oharkabean pasako —litekeena da lehen ministroa bera ere adi egotea bere etorkizuna iragarri ahal izateko—. Umberto Bossik esango duena entzuteko irrikaz daude alderdiko baseak, eta baseek erantzungo dutena arretaz jarraituko du ere eskuin muturreko buruzagiak, ezen asteari begirako estrategia bideratzeko ezinbesteko izango zaio jarraitzaileen iritziak ondo neurtzea. Silvio Berlusconirekiko konfiantza galdu dute legakoek, eta lehen ministroak izan berri dituen bi porroten ostean —udal hauteskundeetan eta erreferendumetan—, gobernu koalizioa hausteko mehatxua egin dute, agerian uzteraino une honetan agintzen duena ez dela lehen ministroaren alderdia, baizik eta alderdi xenofoboa.
Ministroen kontseiluak aste honetan bertan hartu duen neurriari erreparatu baino ez da egin behar horretaz ohartzeko; Italiara iristen diren immigranteak hemezortzi hilabetez eduki ahal izango dituzte aurrerantzean Identifikazio eta Kanporatze Zentroetan —orain artekoaren hirukoitza—. Bossi laguna kontentatzeko egin du keinu xenofobo hori lehen ministroak, eta ez da bakarra izan; «arriskutsuak» diren paperik gabekoak «berehalakoan» kanporatuko dituztela esan du, eta zergen erreforma iragarri du, hala nola gastu militarren murrizketa —Libiako gerran dagoeneko mila milioi euro gastatu izana leporatu diote aliatuek—. Hauteskunde legearen erreforma ere aldarrikatzen dute, jakinda gehien bozkatutako zerrenda lehenesten duen legeari esker dagoela agintean Berlusconi —Mussoliniren garaitik dago indarrean—.
Lega Norden eskaera nagusiak, beraz, bere egin ditu lehen ministroak botereari eutsi ahal izateko, ezen hamaikagarren zentzura mozioari egin beharko dio aurre asteazkenean. Berlusconik17 urte daramatza agintean, eta iraganean ere oraingoan bezain une malkarrak pasatakoa bada ere, egun inoiz baino ozenagoak dira berlusconismoarenak egin duela diotenen ahotsak, tartean alderdiaren barruko zatiketa ere agerikoa delako. Inkestek diotenez, inoizko sostengu maila txikiena du —%29— eta egun hauteskundeak egingo balira hiru punturen aldearekin irabaziko luke zentro ezkerreko koalizioak.
Bi urteko agintaldia du aurretik lehen ministroak, eta aste honetako azterketa gaindituko duela aurreratu badaiteke ere, argi dago aro politiko bat amaitzear dela Italian. Nekez iritsiko da agintaldiaren amaierara, eta iritsita ere, epe horretan legakoen xantaia noraino beteko duen da kezka, eskuin muturraren tesiak noraino gauzatuko dituen, botereari eusteko noraino dagoen prest amore emateko; Bossik, izan ere, beste adats bat beharko du datorren urtean ere militanteen aurrean erakusteko, eta asteazkenean aliatua babestearren baldintza gehiago ezarriko dituen ikusteke dagoen arren, litekeena da hemendik aurrera zerrenda luzatuz joatea; Roberto Maroni Barne ministroak berak ohartarazi du adorea behar duten erabakiak hartzeko unea iritsi dela.
Lega Nordeko kidea, baina, ez da lehen ministroari mezua igorri dion bakarra. Alderdiko hainbat kidek norabidea aldatzea eskatu diote, alegia, zentrora gerturatzeko, eta sarean, berriz, barra-barra zabaldu da agur esaten dion mezua; Ciao, ciao.
Leku-lekutan
'Ciao, ciao'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu