Mario Benedettik Roque Daltonen heriotzan idatzitako bertso hori oso goitik dabil hegan, inoiz baino gorago hegan, Pepe Mujicaren itzulerarik gabeko azken bidaian. Uruguaiko idazle beraren beste poema batek ere —Erremediorik gabeko kasua— ezin hobeto bat egingo luke Mujicak utzi digun, eta oraindik erabat barneratu ez dugun, herentzia unibertsalarekin. Horrenbeste neutraltasun kriminalen eta horrenbeste neutroi zinikoren kontra, Mujicari buruz ari balitz bezala, poetak esan zuen:
azkenean kritikari argi batek jakinarazi zuen
(banekien nik ohartuko zirela)
partziala naizela nire ipuinetan
(...)
uste dut zuzen dagoela
partziala naiz
dudarik ez horretaz
areago esanen nuke partzial berreskuraezina naizela
erremediorik gabeko kasua azken buruan
ahalegindu arren
inoiz ez bainaiz iritsiko neutral izatera
Izan ere, menderatu ezin zen erreferentzia etiko bat joan zaigu, iraganaren eta etorkizunaren arteko, desioaren eta errealitatearen arteko, kontraesanaren eta ekintzaren arteko katebegi sendoena. Erresistente intimoa, kapitalismo doilorraren desmasia globalen kontzientzia argiena eta menderaezinena. Eta gure Latinoamerika maitean mundu osoarentzat geneukan eredu onaren mehatxu onena. Porrotarekin eta galtzearekin, frustrazioarekin eta hamarkada batez lurpeko isolamenduarekin beste inor ez bezala elkarrizketan aritu zen norbait. Eta behar beste alditan beste hainbeste aldiz zutitu zena. Erdi filosofoa, erdi erizaina, eta esperantza osoa —eta gerrillaria eta lorezaina eta presidentea eta ziklista—. Eta Euskal Herriaren laguna. Eta itsasargia. Eta iparrorratza.
ezen egia esan altzairuzko adorea behar baita
neutral irauteko gertaera batzuk ikusita adibidez
giron
tlatelolco
trelew
pando
la moneda
(...)
argi dago bat
eta agian hori izanen da kritikariak esan nahi zidana
partziala izan liteke bizitza pribatuan
eta neutrala arte ederretan
esan dezagun haserretu pinocheten kontra
insomnioa bitartean
eta eguneko ipuinak idatzi
atlantidari buruz
Ezkerraren ezkerretik —ezker tradizionalak ez du ezer egiten, horregatik da tradizionala, esan dezakegu umore porteñoz— dena irauli beharko da, beti aholkatzen zuen bezala. Ikuspegi horretatik, Pepe ez da joan, hemen dago. Eta betirako. Funtsezkoena: fronte zabalaren arima, kentzeko zatitzearen bizioaren kontra, biderkatzeko gehitzearen bertutearen alde egin ohi duena. Luzeena: ibiliz soilik egin litekeen bide bat argitzen dizkiguten hausnarketa infinituak. Tupamaroen gisara. Falta sentituko dugu, eta bagenekien.
ez da ideia txarra
baina
nire burua ikusten dut ohartzen edo irudikatzen
kontinente urperatuan
badirela zanpatuak eta zanpatzaileak
partzialak eta neutralak
torturatzaileak eta borreroak
hau da demanda bera
kubari bai yankiei ez
urperatu gabeko kontinenteetan bezala
Zirimiriak bezala, Pepek bustita utzi gaitu, eta aterpe eta su bilakatu zaigu, etxe bakoitzaren sukaldean balego bezala. Etxe bilakatu zaigu. Horregatik, Peperen eta Luciaren bizitza eta borroka logika askatzaile berari jarraituta, hazi, sustrai eta bide bihurtu beharko da ezinezko agur hori. Zeren eta albistea ez baita Pepe Mujica hil dela —jaiotzen garenetik dakigun zera hori, beti behin-behinekoak izango garela—. Miraria, ospatu beharreko festa nagusia, azalerako albistea, da Pepe Mujica bizitu egin dela. Egun bakoitza bizitu duela lehena balitz bezala, eta gau bakoitza bizitu duela azkena balitz bezala. Eta lehendik bagenekien beti dagoela hasiera bat eta bukaera bat, baina orain berretsi behar da Pepe Mujica deitutako bitarte infinitu hori, zeinak eman baitizkigu, herentzia gisa, orainaldirako eta etorkizunerako, bizitza, bizitzeko gogoa, eta borrokatzeko gogoa.