Antoni Segura i Mas.
Katalunia. A-9ko prozesu parte hartzailea. ANALISIA

Dena prest

2014ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Hiru egun barru izango da A-9 berria izendaturikoa, eta Artur Mas presidenteari ez dio dardararik egiten eskuak. Auzitegi Konstituzionalaren bigarren debekuaz geroztik —parte hartzeko prozesuari jarritako debekuaz geroztik— jendaurrean bigarrengoz agertu zelarik, lasaitasuna eskatu zuen, dena aurrera zihoala baieztatu, eta parte hartzera animatu zituen herritarrak; halaber, nagusikeria leporatu zion Mariano Rajoyren gobernuari, eta hau adierazi, irmo: «Espainiar askoren espirituak konkistatu ahal izango ditugu, baldin eta irmo ikusten bagaituzte gure eskubide oinarrizkoak —adierazpen, parte hartze eta ideologia askatasuna— baliatzeko asmoan, haien eskubide berberak baitira». Eta, azkenik, iragarri zuen gutun bat bidaliko diola Rajoyri, eskatzeko ekin diezaiola elkarrizketa prozesu bati, «azken buruan erreferendum bat» egin ahal izateko.

Masek apustu doblea egin du, pilota Espainiako Gobernuaren teilatura jaurtita eta ERC gogaitarazita, zeina beldur baita Mas ez ote den ahaleginduko legegintzaldiko denborak mantsotzen, hain zuzen, ikusteko ea Madrilen aldaketarik gertatzen den. Ez dut uste halako asmorik duenik. Eta, ez hori bakarrik, aritmetika parlamentarioak ez dio ematen horretarako biderik. Baina, aurrez gertatua kontuan izanik, horrexen beldur dira ERC, ICV-EUiA eta CUP; izan ere, Auzitegi Konstituzionalaren lehenengo sententziaren ondoren, Masek A-9 berria proposatu zuen, eta amaitutzat jo kontsulta. Baina arazo doble bat ere badago: bata, agindu judizial batek Mossos d'Esquadrako kideak behartu litzake parte hartze prozesua galaraztera; bestea, gizarte zibilaren mobilizazioa ez da luzarorako.

Lehenengo kasuan, egoera arriskutsu bat sortuko litzateke, eta Rajoyk ezin du halakorik eragin, beldur baita nazioarteko iritzi publikoaren —Rajoyren geldikeria kritikatzen hasiak dira hainbat hedabide anglosaxoi— eta Europako hainbat kideren arbuioa erakarriko diola. Jokorako tarte gutxi geratzen zaio, Eskoziakoaren ondoren Europako hainbat hedabideri gero eta ulergaitzagoa zaielako konstituzioaren aginduz «ezin bozkatu izatea». Bigarren kasuan, gizarte zibil mobilizatuak prozesuan parte hartu nahi du igandean. Hain zuzen ere, hari esker izango da zilegi igandeko jarduna, instituzioen arriskuei mugak jarrita. Gaur-gaurkoz, horretarako beharrezko boluntarioak espero halako bi baino gehiago direlarik, dena prest dago, eta mundu guztiak badaki igandean nora jo dezakeen parte hartzera. Eta, bide batez, manifestu bateratu bat sinatzera, zeinak nazioarteko instituzio nagusiak izango baititu hartzaile eta zeinean Espainia salatzen baita erabakitzeko eskubidea urratzeaz. Eta, nonahi eta nolanahi sumatzen denez, herritar gehien-gehienak prest daude A-9 berri horretan modu librean, baketsuan eta demokratikoan parte hartzeko, erreferendum bat egin ahal izateko beren borondatea berrestearren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.