Antoni Batista.
Katalunia. A-9ko prozesu parte hartzailea. ANALISIA

'Dividere et vinces'

2014ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Kataluniaren A-9ko prozesu parte hartzailea debekaturik, lehenik, argi eta garbi, hura eragotzi egin nahi dute konstituzioaren bitartez. Eta, bigarrenik, badute beste asmo estrategiko bat: Kataluniako politika eta gizartea zatitzea, independentzia mamitzea eragoztearren.

Igandeko kontsulta, eratua dagoen moduan, Auzitegi Konstituzionalaren lehenengo debekuari —kontsulta berme juridikoekin egiteari jarritako debekuari— men egiteak ekarri du. Presioa zela bide, Mas presidentea uzkurtu egin zen, eta, promes bat betetzearren, beste bat egin zuen: A-9an bozak izango dira. Borroka, tentsio eta arriskuen dinamika horretan eskuin neoliberala ahul agertu izanak, berriz, arrakalak eragin zituen Erabakitzeko Eskubideari Buruzko Itun Nazionalean. Eta ezkerrak eutsi egin zion desobedientzia zibilerako proposamenari.

PPk uste osoa izan zuen CiUren erro kontserbadoreetan, bai baitzekien haiek legez kanpo utziz gero Duranek arazoak sortuko zituela eta ezkerrak aurrerantz bultza egingo zuela. Mas bakar-barrik geratuko zen. Baina Estatua, terminator bat antzo, trinko jokatzen ari zen bere indar guztiarekin: hiru botereak batera—betearazlea, errekurtsoak jarriz; judiziala, debekatuz; eta legegilea, berretsiz—, eta PSOE, haien alde, gaia Espainia baldin bada. Espainia batua, eta Katalunia, aldiz, zatitua.

Baina arrakala ez zen haustura bihurtu. Ezkerrek asko sakrifikatu dute kontsultaren aldeko batasunean, eta makina bat zapo irentsi behar izan dute, batik bat ERCk, CiUri legegintzan egonkortasuna bermaturik eta aurrekontu austerizida bat —baina ez bi— onarturik. Orain, ezkerraren munduaren ustez, CiUri dagokio sakrifikatzea batasun nahitaezko horren izenean, baldin eta aurrera atera nahi bada erabakitzeko eskubidearen prozesua. Oraingoz, A-9ari eusteko pausoa eman dute. Baina hurrengo pauso erraldoia hauteskundeak aurreratzea izango da, Independentziaren Aldarrikapen Unilateral bat egin ahal izateko. Masen think tank-ekoek zerrenda bakarra nahi dute, berriro hautatua izatea bermatuko baitio; baina ERCk bere protagonismoa kapitalizatu nahi du borroka independentistan, eta Junqueras izendatu presidente.

Ezkerrek nahiago dituzte zerrenda bakarrekoak ez diren boz plebiszitarioak, eta alderdi subiranista guztiek partekatzea Independentziaren Aldarrikapen Unilateralaren gaia programan, baina bereiz izanik politiketan. Horrek, bestalde, zabaltasun handiagoa emango lieke hauteskundeei, herritarrek ez bailukete bozkatuko bakarrik ea independentzia nahi duten, baizik eta nola nahi duten gobernuak administratzea diru publikoa, lanpostuen sorrera, osasun eta hezkuntza alorrak, pentsioak… Eta, hartara, zigortu egingo lukete ustelkeria, zeinak CiU erabat hartua baitauka haren padre padrone-k sortu zuenez geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.