Igor Susaeta.

ERC, JxC eta Cohenen esaldia

2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Paradoxikoa da. Pedro Sanchez ez dute ozta-ozta izendatu Espainiako Gobernuko presidente. Ez, ez. Lehen bozketan izan da; beraz, gehiengo osoarekin. Eta gertatutakoak, edo, nahi bada, lorpenak, esangura handiagoa dauka, oro har, haien artean zerikusi gutxi duten zazpi alderdiren babesa eduki baitu. Hala eta guztiz ere, edo, hain zuzen horregatik, hurrengo legegintzaldiak oso-oso ezegonkorra izango den itxura du, eta ez bakarrik eskuinak eta eskuin muturrak egingo duten zaratarengatik eta jarriko dituzten trabengatik. Horretara mugatzen badira, gaitz erdi.

Ezegonkorra izango da, hasteko, ikusteko baitago zer bide ibiliko duen Podemosek, PSOEk eta Sumarrek koalizio gobernutik kanpo uzten badute. Gero, Sanchezek konpromiso ugari eta askotarikoak hartu ditu; inbestidurarako botoak eman dizkion blokea transbertsala izateak hori dauka. Bat aipatzearren, eta modu batean edo bestean EH Bilduk eta EAJk egin dizkioten eskaerei erantzuten dienez, 2018az geroztik Espainiako Gobernuko presidentea denak, PSOEren idazkari nagusiak, Mertxe Aizpuruari (EH Bildu) atzo adierazi zion lurralde auziari buruzko debateari dagokionean «egungo espirituaren arabera» interpretatu behar dela Espainiako Konstituzioa.

Euskal Herriko bi indar politiko nagusiak, baina, ez zaizkio askorik tematu Sanchezi, ez dute gehiegi estutu; oraingoz ez, behintzat, urtebete baino gutxiago falta den arren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko. Dirudienez, Kataluniako bi alderdi subiranista nagusiek, ERC Esquerra Republicanak eta JxC Junts Per Catalunyak, eragingo dizkiote buruko minik gogaikarrienak. Inbestidurarako botoen truke, amnistia lege bat eskatu zioten Kataluniako prozesu subiranistarekikoak kitatzeko, eta Sanchezek horretarako bidea eman du, sena, abaguneetara egokitzeko iaiotasuna, baita ausardia ere erakutsiz. Behin hori lortuta, eta batetik ERCrekin eta bestetik JxCrekin adostutakoak aintzat hartuta, PSOEri dagokio independentzia erreferendum adostu baterako bidean aurrerapausoak ematea. «Ez galdu daukazuna», ohartarazi zion ERCren buruzagi Gabriel Rufianek asteazkenean Sanchezi, jakitun errepublikanoen botoak ezinbestekoak direla PSOE-Sumarrek aldarrikatutako agenda soziala ezartzeko. Miriam Noguerasek (JxC) ere antzeko zerbait adierazi zion gobernuburuari: «Gurekin ez ibili zoriarekin jolasean».

Sanchezek erantzun zion Noguerasi ez arduratzeko, bai berak, baita PSOEk ere bi indarren arteko itunean jasotakoa betetzeko konpromisoa dutela. Nolanahi ere, bizirik irauteko gaitasun apartekoa edukitzeagatik nabarmentzen da PSOEko idazkari nagusia, eta trebea da, hortaz, bai beste aldera begiratzen, baita bete-betean eragiten dioten arte arazoen aurrean ezikusiarena egiten ere. Kataluniarrek horregatik jakinarazi diote ez direla fio harekin.

Eta noski, ERCk eta JxCk ez dute konfiantzarik elkarrengan, eta hori, haien arteko ezinikusia, aldagai erabakigarri bat izan daiteke legegintzaldiaren ezegonkortasunean. Azken asteak emankorrak izan dira norgehiagoka hori elikatzerakoan: nor negoziatzaileago, eta, aldi berean, PSOEren aurrean irmoago agertu. Argi asko ikusi zen amnistia legearen lege proposamena erregistratzeko egunean, lehengo astelehenean. Jordi Turull JxCren idazkari nagusiak adierazi zuen legeak beren «espektatiba guztiak» betetzen dituela, eta testuaren «erdia baino gehiago» beraiek idatzi zutela. JxC, hortaz, negoziatzaile. ERC, aldiz, zuhurraren rolean, zenbait hedabidek iturri parlamentarioak aipatuz kaleratu zutenez, legea PSOEk soilik sinatu baitzuen, ERCk «terrorismoaz» dioenaren harira «detaile tekniko batzuengatik» ez zuelako izenpetu nahi izan. Orduan, PSOEk eskatu zien besteei ez zezatela sinatu, ez zela txukunena izango.

ERCren eta JxCren arteko harremanak ia egunero eragiten ditu gisa horretako batzuetan erabakiak, bestetzuetan keinu sinbolikoak. JxCk esana dauka, adibidez, lege proposamenari ez diola zuzenketarik jarriko; Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidente eta ERCko koordinatzaile nazionalak hori egiteari atea ireki dio gaur.

Amnistia hizpide, Carles Puigdemont JxCren liderrak Kataluniara itzuli ahal izango du hori indarrean sartzean. Hiruzpalau hilabete beharko dira; gehiago, agian, PPren filibusterismoagatik. Espainiako Auzitegi Gorenak inskonstituzionalitate helegite bat jarrita ere, Auzitegi Konstituzionalak horri buruz ebatzi bitartean ezin izango dute atxilotu; hala dago jasota legean. Horren harira, hipotesi bati lotzen zaion galdera bat; beranduenez, 2025eko otsailerako deitu beharko dituzte Kataluniako Parlamenturako bozak: Aragones ausartuko litzateke parlamentua desegitera eta bozak deitzera Puigdemontek itzultzeko aukera eduki baino lehen, ezin izan dituelako, demagun, PSCrekin eta En Comu Podemekin 2024ko aurrekontuak onartu? Keinu itsusia litzateke, inondik ere. Beste galdera bat: Puigdemontek nahiko luke, berriro, Generalitateko presidente izan?

Gehiengoa galduta...

2017ko urriaren 1eko erreferendumaren ondoren Espainiako Estatuak ezarritako errepresioaren beroan egindako bozetan izan ezik, ordutik aukera, nolabait, posibilistagoek, Moncloarekin hitz egitea (negoziatzea?) bilatzen dutenek, konfrontazioaren eta aldebakarraren bidea bultzatzen dutenek baino boto gehiago bildu dituzte. ANC Biltzar Nazional Katalanak aldebakarreko erreferendum bat nahi du, baina antolatzen duen Diadako mobilizaziora gero eta jende gutxiago eramaten du mezu horrek. JxC berak ere atea itxi ez, hori esaten du, baina hilaren 9an ez zuen babestu erreferendum berri baterako legea egiteko CUPek Kataluniako Parlamentuan aurkeztutako ebazpena.

PSOErekin partekatzekoa den mahaian, JxCk akordioak negoziatu nahi ditu, «Kataluniako Parlamentuaren gehiengoaren eskaerei» erantzunez. Hala dago jasota itunean. Adi, ordea: CEO Centre d'Estudis d'Opinio Generalitatearen organoak urteko hirugarren barometroa kaleratu du gaur, eta, horren arabera, PSC nagusituko litzateke balizko boz batzuetan (39-45 diputatu), eta Kataluniako independentismoak ez luke gehiengorik lortuko ganbera horretan 68 diputatu. ERC (29-34), JxC (19-24) eta CUP (4-8). Horrek ere goitik behera zeharkatuko luke jokaleku politikoa.

Gerta liteke, bestetik, JxCk, Foment Kataluniako patronalak akuilatuta, EAJrekin bat egin nahi izatea auzi ekonomikoetan. Horrek ere Sanchezen legegintzaldiari eragingo lioke, baina hori beste upel bateko sagardoa da. Horiek horrela, Sanchezekin fidatzen ez diren arren, ERCk eta JxCk gogoan har dezakete Leonard Cohenek esandakoa: «Noren alboan jarri jakiteko, batzuetan nahikoa da ikustea nortzuk dauden beste aldean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.