Leku-lekutan

Erretorika

Kristina Berasain Tristan.
2011ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Orotara 5.400 hitz zituen ele parrastak. Ian Black The Guardian egunkariko kazetariak zenbatu ditu letrak irudikatzeko esaldi bakar batean jarri dela arreta; Israel eta Palestinako mugak 1967aren aurreko lerroetan oinarritu behar direla aldarrikatzean. Barack Obamak Estatu Departamenduaren aurrean ostegunean egin zuen solasaldia hizpide hartuta, analista guztiek esaldi horri egin diotela erreferentzia salatu du Blackek. Zer eta agerian uzteko presidenteak horretan ere ez duela ekarpenik egin, nahiz eta baden esan duenik beste ezein presidente ez zela horren urrun iritsi. Bill Clinton, Ehud Barak eta Jasser Arafatek Camp Davideko negoziazioetarako hori ezinbesteko baldintza gisa ezarri zutela gogorarazi du, baina, kazetariak, eta ordutik egin diren bakerako ahalegin guztietan ere urte hartako gerran okupatutako lurrak itzultzea eskatu izan zaiola Israeli; George Bush, Ariel Sharon eta Ehud Olmert bakeaz aritu direnean barne. Denboran atzerago ere egin du Blackek. Eta Segurtasun Kontseiluak 1967ko azaroan—alegia, gerra amaitu eta bost hilabetera—, onartutako 242 ebazpenak ere horixe eskatzen zuela dio kazetariak bete tesia indartzeko.

Obamaren hitzaldia, beraz, erretorikoa izan da.Hizlari aparta dela aitortu behar zaio presidenteari, baina, hitzetatik haratago, beste behin, apenas esan duen ezer, hitzaldia «historikoa» izango zela iragarrita ikusmina handia bazen ere. Batzuk eta besteak kontentatu nahi zituen, baina, berak ere jakin badaki bat horretan saiatzen denean porrota saihetsezina izaten dela, azala eta mamia ez direlako gauza bera.

Obamaren hitzek edukiagatik baino gehiago uneagatik izan dira esanguratsuak. Benjamin Netanyahuri egindako ongietorria izan baitziren, lehen ministroari harrera egin eta bezperan esandakoak. Aliatu historikoaren aurrean irmo zegoela irudikatu nahi izan zuen presidenteak. Etxe Zurian, lehen ministroa alboan zuela, prentsaren aurrean egindako agerraldiko argazkiak ikusi besterik ez daude ohartzeko muturtuta zegoenaren itxura eman nahi zuela Obamak.

Netanyahuk, hala ere, erronka jo zion, munduan beste ezein agintarik egingo ez zuena eginez: haren aurrean eta denen aurrean bota zion ez zuela bere bake proposamena onartuko. Biziki gaitzituta zegoela agerian utzi nahi izan zuen lehen ministroak ere, baina, argi dago, bata eta bestearen jarrera artifiziala zela, elkarri eskua eman ziotenean bestelakoa erakutsi nahi bazuten ere, eta bi ordu luzeko bileraren ostean bake prozesuaren inguruan desadostasunak dituztela jakinarazi bazuten ere. Obamak, aurreikus daitekeenez, ez zuen ezustekoa hartu, ezen berehala esan zuen «lagunen artean normala» zela ikuspuntu ezberdinak izatea.

Espektakuluaren ondoren elkarri esan diotena da plazaratu ez dena, behin kazetariak eta argazkilariak alde eginda, jarri zituzten aurpegiak ikusi ez ditugun bezala. The New York Times-ek jakinarazi duenez, presidenteak bere gertukoei aitortu die badakiela bere aliatuak ez duela amore emango, baina, hori ondorioztatzeko lerro artean irakurri eta diskurtsoaren pasarte garrantzitsuenari erreparatu baino ez zaio egin behar, ezen solasaldia erabat hutsala izan da oharkabean pasatu den esaldi bakar batengatik ez bada. NBEk estatu palestinarra aitortzeko proposamena «ekimen sinbolikoa» izango dela esan baitzuen Obamak; alegia, beto eskubidea baliatuko duela. Alegia, erretorika gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.