Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Errusia israeldarren eta palestinarren arteko gerran

2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Errusiak su etena eskatu du Israelen eta Hamasen arteko gerran. Gatazkaren bi aldeekin dituen harreman onei kalterik ez egiteko, eta egoerari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko, gatazkaren erantzukizuna hirugarren bati egotzi dio: Ameriketako Estatu Batuei (AEB). Beste behin. Hain zuzen, Putinen arabera, Washington da gerraren erantzule; palestinarren eta israeldarren arteko bake negoziazioak ez bultzatzeagatik, eta itsu-itsuan Israelen alde egiteagatik. Salaketa ez da oraingo kontua, eta badu oinarria. Hala ere, Errusiaren ahotsa sekula baino ahulago entzuten da nazioartean; pisu diplomatikoa eta prestigioa galdu baititu Ukrainaren inbasioaren ondorioz.

Bitartekariak eta su etenak inoiz baino beharrezkoagoak diren honetan, nazioartean bakartuta, Putin negoziazio mahaian eserleku baten bila dabil. Moskuk esan du bi aldeekin hitz egiten ari dela eta bitartekari lanak egin nahi dituela, Errusia prest dagoela indarkeria eteteko ahaleginak egin nahi dituzten herrialdeekin koordinatzeko. Dena den, oraingoz, Irakeko lehen ministroa izan da —joan den astean Putin bisitatu zuen— Errusiari bitartekari moduan aritzeko eskatu dion bakarra. Arabiar Ligak, esaterako, ez dio oraindik halakorik eskatu Errusiari. Hain justu, Arabiar Ligako idazkari nagusiarekin batzartu eta gero, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak salatu zuen estatubatuarrak palestinarren eta israeldarren arteko bake negoziazioak «monopolizatu» nahian dabiltzala.

Ukrainako inbasioarekiko herrialdeek duten jarreraren arabera, «lagunen»eta «etsaien» zerrenda bat egin du Moskuk. Zerrenda horretan, Israel lagunen taldean dago; hots, ez du armarik bidali Ukrainara eta Errusiari ez dio zigorrik ezarri. Israelek zerrenda horretan jarraitzea da Errusiaren asmoa, Ukrainako inbasioaz geroztik Tel Aviven eta Moskuren arteko harremanak nabarmen hoztu diren arren. Harremanen okertzearen arrazoi nagusia da Moskuk, Ukrainako gerraren ondorioz, Iranekin harremanak sendotu dituela. Tentsio diplomatiko horren erakusle, azken urtean asko murriztu dira Putin eta Netanyahuren arteko hartu-emanak, lehen oso gertukoak zirenak. Gainera, Errusian gora egin du antisemitismoak.

Bestalde, Errusia estatu palestinarraren sorreraren babesle nagusietako bat izan da, Sobietar Batasunaren politikari jarraituz. Moskuk harreman sakonak ditu bai PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin, baita Hamasekin ere. Adibidez, joan den urtean Lavrovek Qatarren bizi den Ismail Haniyeh Hamaseko adar politikoko burua hartu zuen Moskun. Are, Hamaseko ordezkariek, Talibanen gobernuko kideek eta Mendebaldeak zigortutako guztiei ongietorri ofiziala egiten zaie Moskun.

Larunbateko erasoaldiaren ondoren, Hamas Errusiaren esku hartzearen bila hasi da. Oraingoz, ez da esku hartze horren frogarik, baina argi dago une honetan mundua Israelera begira dagoela. Ondorioz, komunikabideetan jada bigarren mailan geratzen ari da Ukrainako gerra, eta halaxe espero du Putinen gobernuak, hau da, nazioartearen agendan duen lehentasuna galtzea. Dena den, oraindik ikusteko dago hori horrela izango den. Izan ere, Ukrainarekiko babesaren maila ez da Ekialde Hubilean erabakiko, Washingtonen eta Bruselan baizik, datorren urterakoaurreikusita dauden hauteskundeetan.

Moskuk zuhurtzia adierazi du gatazkaren lehen egunetan. Ia astebete itxaron du gertaeren inguruko balorazioak egiteko. Batetik, Putinek adierazi du aurrez inoiz izan gabeko erasoa jaso ondoren, Israelek eskubidea duela bere burua defendatzeko. Bestetik, Gazan Israel egiten ari den bonbardaketak eta setioa gaitzetsi ditu, eta bat egin du NBE Nazio Batuen Erakundearekin, korridore humanitarioak eskatu eta miloi bat palestinarri Israelek emandako ultimatuma kritikatzean. Gazaren inbasioak«zibilen biktima kopuru onartezin bat» eragingo lukeela esan du. Nahiz eta 1999. urtean Groznyko biztanle musulmanakirismen handiko misilekin bonbardatzea agindu zuen Putinek.

Bi aldeek egindako hilketak salatuz, Errusiak «neutraltasun» taktikoa mantentzeaz gain, tentsioa baretzea nahi du. Mendebaldeari bezalaxe, Errusiari ez zaio komeni palestinarren eta israeldarren arteko gerra zabaltzerik, horrek Ekialde Hurbilean indarren berrantolaketa ekarriko lukeelako. Sirian 2015ean esku hartze militarra egin zuenetik, Errusiak bere posizioa indartu du Ekialde Hurbilean, eta oreka mesedegarria lortu du lagunen eta lagunen etsaiak direnen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.