urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Espainiarena baino lehen, infernua izoztu

2016ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Subiranotasuna partekatzea eta herritarrek naziotasun bikoitza izateko aukera. Horixe herenegun Espainiako gobernuak egindako eskaintza. Zehazki, Jose Manuel Garcia-Margallo atzerri ministroak egin zuen proposamena, aukera historikoa zela nabarmenduz.

Joan zen asteburuan egun nazionala ospatu zuen Iberiar Penintsulako lurralde batera zuzendutako mezua zen. Ez Kataluniara, alabaina; Gibraltar zuen ministroak buruan. Proposamena egin aurretik bazuten espainiarrek erantzuna, Fabian Picardo Gibraltargo lehen ministroaren ahotik: «Brexit-aren ondorioz ziurgabetasun aldi baten bagaude ere, zenbait gauza ez dira aldatuko. Esan dut infernua izoztu egingo dela Gibraltar espainiar izan aurretik, baina antza batzuek ez dira jabetu, proposamen ergel horrekin eta mehatxuekin segitzen baitute». Londresen bermea ere nabarmendu zuen Picardok, aurreko gobernuek bezala «Boris Johnson atzerri idazkariak argi utzi du Gibraltartarren subiranotasuna inoiz ez dela gibraltartarren borondatearen aurka transferituko, ez eta negoziatuko ere, Gibraltargo herriak eskatu ezean».

Garcia Margalloren ustez, Erresuma Batuak Europako Batasuna uzteak indartu egiten du Espainiaren aldarrikapena, eta Gibraltar umezurtz antzera gelditzeak espainiarren posiziorantz hurbilduko du. Ez dut oso argi jabetzen ote den, zer nolako astindua duten bere hitzek gibraltartarren artean. Hiru hamarkada dira Espainia Europako Batasunean sartu zela, eta mespretxua baino ez du erakutsi Madrilek tarte horretan, argi utziz Londresekin baino ez duela negoziatuko, eta bost axola diola «bere» nahi duen lurraldeko herritarrek esaten dutena. Erresuma Batuan berriz, XX. mende osoa eman dute behinolako inperioa zutena desegiten, eta eraberritzen neurri baten, hau da, galdutako lurralde horiekiko harreman berriak lantzen, neokolonialismoz askotan, egia da, baina era berean nazioartean askoz eragin handiagoa izaten. Besteak beste, Commonwealth-eko lotura horrek Nazio Batuetan dozenaka estatuk sarritan antzeko iritzia izatea baitakar.

Espainiak sekula ez du horrelako lanketarik egin. Inperioa galtzen lehena izan zen -independentziaren 195. urteurrena ospatu dute asteon Amerika Erdialdeko herrialdeek, 206.a Mexikok-, eta eutsi zion azkenaren deskolonizazioa ere ez zen kudeatzeko gai izan: Sahara Mendebaldea. Horren aurrean, britainiarrek munduan dauzkaten dozenaka kolonia ohiek badakite erabat libre direla nahi dutenean independentzia lortzeko. Karibeko Aingira uharteak ez darabil britainiar libera, eta badaki nahi duenean estatu independente izango dela. Pixka bat iparralderago dauden Turks eta Caicos uharteetan eztabaida egon da tarteka,Londresekin baino ez ote zaien komenigarriago Kanadarekin izatea lotura, hango probintzia bihurtzea. Gibraltarrek, bereiztekotan, ez da inorekin batzeko izango, mini-estatu bat eratzeko baizik.

Gakoa subiranotasuna da. Ez dira independente, baina bai burujabe. Eta askatasun horri eutsiko diote, kosta ahala kosta. Munduko potentzia indartsuenetako bateko herritar dira, NBEko Segurtasun Kontseiluko beto eskubidea duten bost kideetako bat da, eta parez pare ondo itxi gabeko diktadura baten zantzuak agerian dituen herrialde bateko eremu pobreena daukate. Horixe baita Andaluziako eskualde horrek ageri duena, mendetako utzikeriaren, latifundismoaren eta azken hamarkadetako bezerokeriaren ondorio.

Ondo dakite subiranotasuna partekatzea eskaintzen diola Espainiak, eskuratu ezin duen lurraldeari. Aldiz, subiranotasuna eskatzen duten nazioei, ezetz irmoa behin eta berriz. Zornatutako zauri bat da Iberiar penintsulako zati handiena betetzen duen estatua, eta Kataluniak behingoan bereiztea lortuko balu, erraz irudika liteke estatuaren beraren desagerpena, Sobietar Batasunaren antzera. Erresuma Batuak koloniak eta are Eskozia galduko balitu ere, Ingalaterra sendo bat geldituko litzateke. Katalunia bereizteak berriz, Espainiako ideiaren hondamendia dakar, egungo estatuaren -eta bere monarkiaren- desagerpena, eta ate guztiak libre uzten ditu demokratizazio berri baterako bertan egon nahi dutenentzat. Gaztela Handitu bat litzateke agian penintsularen erdian, Euskal Herririk gabe ziur aski, eta nork asma Galiziak, Asturiesek, Kanariar Uharteek, Valentziak eta beste hainbatek zein bide hartuko luketen, atea parez pare zabalik balego. Gibraltar behintzat, hor egongo da, eta Espainiak altxatutako hesien ordez, baliteke zubien alde egiten duen Andaluzia libre bat aurkitzea aurrez aurre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.