Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Europako Batasuna Nigerren

2023ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburua, turbante urdina, praka kakiak eta EBk Sahel eskualdean duen misioaren txalekoa soinean, Nigerian eta Nigerren ibili zen orain dela 20 egun. Twitterren txantxak egin dituzte Borrellen itxurarekin eta bertako tribuetako buruekin izandako hartu harreman diplomatiko «exotikoengatik».

Nigerren militarrek jo berri duten estatu kolpeak, txantxak isilarazi eta alarmak piztu ditu Bruselan: Sahel lurraldea da Europako Batasunarentzat Afrikako lurralderik garrantzitsuena eta egoerak okerrera egin du, beste behin. Azken urteotan, Sahelen, inbertsio geoestrategikoa egin du EBak, bi helburu nagusirekin: muturreko islamismoan oinarritutako terrorismoa eta migrazioa Europatik aldentzea. Hori egiteko bide nagusia, Saheleko gobernuak estatu kolpeetatik babesteaizan da, laguntza ekonomikoa eta militarra emanez. Helburu hori porrotean amaitu da Burkina Fason, Malin eta orain Nigerren. Kolpea eman duten militarrek Europako Batasunak otsailean martxan jarri zuen misio militarraren trebakuntza eta diru laguntza jaso dituzte. Nigerreko herritarrek, ordea, laguntza horien apurrak besterik ez dituzte jaso; miseria gorrian jarraitzen dute. Europako Batasunak eta Frantziak Sahelen euren politikak koordinatzen dituzte, baina Europako Batasunak beti erakutsi nahi du bere politika propioa duela; hau da, ez dela Frantzia (kolonizatzailea). Bertakoentzat, ordea, guztiak berdinak dira; europarrak (kolonizatzaileak).

Nigerrera hil honetan egindako bisitan, Borrellek Gouro Bandako planta fotovoltaikoa inauguratu zuen kolpistek atxilotu duten Mohamed Bazoum presidentearekin batera. «Europako Batasunak hitzak ekintza bilakatzen dituela erakusten duen azpiegitura enblematikoa da», adierazi zuen EBko diplomaziaburuak. Planta horri esker, miloi erdi lagunek argindarra edukiko dute eta lehen energia iturri berriztagarria izango da Nigerren. Bazen garaia.

Nigerko miseria politiko eta ekonomikoak errudun ugari ditu; Europako Batasunak Afrikarekiko erakusten duen axolagabekeria, Frantziaren jarrera kolonialista historikoa eta garaikidea, ustelkeria, tentsio etnikoak, EBren, Txinaren eta Errusiaren helburu geoestrategikoak...Nigerko Gobernuaren aurrekontuaren %45 Europako Batasunak, Nazio Batuen Erakundeak, eta Munduko Bankuak zein Afrikako Garapenerako Bankuak ematen duten dirutik dator. Estatu kolpea dela eta, landatu berri zuten demokraziaren hazia suntsitzeaz gain, nazioarteko diru laguntza asko izoztu egingo dituzte, goseteak eraginez; gainera, terrorismoaren eta giza trafikoaren aurkako borroka ahuldu egingo da, eta Nigerko gazte gehiagok Libiako eta Mediterraneoko bide arriskutsua hartuko dute, EBra iristeko helburuarekin. Burkina Fasoko eta Maliko estatu kolpeetan gertatu zen moduan, Moskuk Errusiako banderak banatu ditu, kolpistei babesa erakusteko kalera irten diren herritarren artean. Horrekin batera, Putinek Afrikako agintariekin San Petersburgon egindako goi bileran, 23.000 miloi dolarreko ustezko zor sobietarra barkatuko diela iragarri die estatu afrikarrei.

2020ko Maliko estatu kolpearen ondoren, herrialde horretan Europako Batasunak zeukan misio militarrak alde egin behar izan zuen, eta Wagnerren mertzenarioak iritsi ziren. Orduan egindako akatsak zuzendu nahian, 2021. urtean Bruselak Sahelerako estrategia berria onartu zuen: bertako gobernuen gobernantza indartzea eta garapenerako laguntza handitzea. Nigerren estatu kolpeak zein garapen izango duen ikusteko dago oraindik, baina argi dago jada EBren estrategia berriak ez dituela eman Bruselatik espero zituen emaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.