Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Europako Batasunaren orbitak

2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Alemaniak eta Frantziak eskatuta, aditu talde batek Europako Batasunak (EB) zortzi estatu gehiago hartzeko egin beharreko erreformen bide orria kaleratu du. Hain zuzen, Ukraina eta beste zazpi herrialde kide egin ahal izateko, 2030erako batasunak aldaketa sakonak egitea proposatzen du. EBren funtzionamendua hobetzeko azkenaldian entzun diren proposamen ia guztiak bildu ditu dokumentu horrek. Txosten hori asmo handikoa dela esatea motz geratzea da.

Hasteko, epe oso laburrean egin nahi dituzte erreforma horiek; dokumentuaren 47 orrialdeetan jasotzen diren proposamenak eztabaidatu eta adosteko zazpi urte beharko direla aurreikusten dute. EBren datozen zazpi urteetarako agenda gainezka dago; tartean, aurreikusi baino gatazkatsuagoa izaten ari den trantsizio ekologikoa. 2030erako, agenda berdearen urrats nagusiak lortzeko lan nahikoa ez, eta orain batasuneko instituzioak eraldatzeko prozesuari ekin nahi diote Alemaniak eta Frantziak.

Bigarrenik, txostenak EBren antolaketa instituzionalean gomendatzen dituen aldaketak iraultzaileak izango lirateke; besteak beste, erabaki gehienak aho batez hartzeko prozesua bertan behera uztea; estatu txikien pisua handitzea; beste herrialde batzuek bat egiten dutenean Europako Parlamentuko eurodiputatuen kopurua ez aldatzea; Europako Batzordean komisarioen kopurua murriztea; EuropakoBatasunaren aurrekontua handitzea; funts europarren banaketa zuzenbide estatuarekin lotzea; batasunak zor komuna izatea; eta EBn lau integrazio maila ezberdin egotea.

Ukraina EBn noiz eta nola sartuko den aztertzen ari diren honetan, integrazio maila ezberdinek izan dute oihartzun gehien komunikabideetan. Kontzeptua azaltzeko, dokumentuak zirkulu kontzentrikoak erabiltzen ditu, astronomiako eguzki sistemaren tankerakoak. Horrela, Europako Batasuneko 27 herrialdeak eguzkia izango lirateke. Horren orbitarik gertuenean euroguneko eta Schengen eremuko kide bakarrik izango liratekeen estatuak egongo lirateke. Hurrengo orbita, merkatu bakarrean soilik egongo liratekeen estatuek osatuko lukete. Azkenik, urrunen, batasunenarekin akordio politikoak bakarrik izango lituzketen herrialdeak egongo lirateke; hain zuzen, egungo Europako Komunitate Politikoan daudenak —Europako estatu guztiak, Errusia eta Bielorrusia izan ezik—. Horrekin batera, txostenak dio orbitan edo zirkuluetan estatu baten kokapena ez litzatekeela behin betikoa izango; hau da, orbita batetik bestera mugituko lirateke kide berriak Europako Batasunean integratzen doazen heinean. Horrekin batera, dagoeneko EBko kide diren 27ek ere batetik bestera salto egiteko aukera izango lukete. Kontzeptuak beste konplexutasun maila bat ematen die EBrekin existitzen diren harreman ezberdinei. Zenbat eta konplexutasun handiagoa, orduan eta itunak aldatzeko behar handiagoa; eta horrekin batera, kideen artean gatazkak sortzeko arrisku handiagoa.

Abiapuntu moduan, EB hedatzea nahitaezko eginbehar geopolitikoa dela dio txostenak. Ezin ukatu mundua aldatu egin dela Ukrainako gerrarekin, eta EB egokitu egin behar dela aldaketa horietara. Horrekin batera, argi dago erreformarik gabe Europako Batasunak ezin izango dituela kide gehiago hartu. Kide berriak hartu ala ez, erreformak egin, egin behar dira. Ordea, ez denak batera. Eraikinaren oinarriak, teilatua, eta paretak batera konpontzen hasita, eraikin osoa bertan behera jausi liteke eta.

Txostenean, adituek —hamabi dira, bandera zuri-urdinaren izarrak bezala— ez dituzte aipatzen nazioarteko faktoreek erreforma prozesu horretan izan lezaketen eragina. Esan gabe doa Europako Batasunaren hedapenaren prozesua oso gertutik jarraitzen dutela munduko estatu boteretsuenek. Eguzki sisteman maiz agertzen diren meteoroideen arriskuak ere aztertu beharko lirateke proposamenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.