Ikusmin handia dago gaur arratsaldean Kataluniako Parlamentuan gertatuko denaren gainean, Kataluniako Errepublikaren deklarazioa egingo ote duen, deklarazioa barik aldarrikapena egiteraino iritsiko ote den...
«Egitera etorri garena egingo dugu», esan zuen atzo Puigdemont presidenteak TV3ko saio batean, sortu diren dudak argitu nahian edo. Beraz, azken orduan Espainiako Gobernuaren aldetik inork espero ez duen erabaki bat hartzen ez badu, bere kabuz edo bitartekaritzetan dabiltzanen lanaren ondorioz, gaur parlamentuak erabaki historikoa hartuko du, beste urrats bat egingo du estatua eratzeko egutegian. Erreferenduma onartu eta baldintzak negoziatzeko prest dagoela esanda bakarrik lor dezake Espainiako Gobernuak gaurko erabakia atzeratzea.
Kataluniako prozesuak erakutsi du Espainiako Gobernuari gertatu zaiola dibortzioa sekula iritsiko ez dela uste duen bikotekideari gertatzen zaiona, ez dituela ikusi (nahi) beste aldeak bidali dizkion etengabeko mezuak, eta maleta egiten ari dela ikusitakoan ohartzen dela benetan badoala etxetik.
Aurreranzko urratsak akordio proposamenekin txirikordatu dituzte Kataluniako independentziazaleek azken urteotan, baina Rajoyk ez du ezer ikusi nahi izan. Orain, asko jota, bakarrik geratuko dela ikusten duen bikotekideak egin ohi duen bezala, bidaia bat eskainiko die Disneyland Parisera independentziazaleei; baina horiek ez daude Disneyren panpinak ikusteko.
Europako diplomazia eraginkorrak gogoan, era guztietara erakutsi nahi izan dute orain arte eman dituzten eta aurrerantzean emango dituzten alde bakarreko pausoak Espainiako Gobernuarekin prozesu bat adostu nahi eta ezezkoa jasotzearen ondorioz izan direla. Saiatu direla, baina ezinezkoa izan dela. Balio handiko argudioa da hori etorkizunerako: beti argudiatu ahal izango dute diplomazia horien aurrean bide estandarra erabili nahi izan dutela. Urriaren 1eko argazki gogorrekin batera jarriko dute argudio hori mahai gainean independentziazaleek.
Eman dezagun, futurismo ariketa bat eginda, Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatzen duela, eta oso epe laburrean estatu gutxi batzuek onartu egiten dutela aldarrikapen hori eta estatu ezagutza ematen hasten direla Kataluniari, zalaparta handirik gabe, baina era efektiboan, dagozkien urratsak eginez. Zer jarrera hartuko lukete jokaleku horretan, derrigorrean urruti ez dagoena, euskal erakundeek? Gobernuek, aldundiek, hiriburuetako udalek... Estatu bati eta estatu buru bati dagokiona? Autonomia batena...?

Kataluniako erreferenduma. Deklarazioa. ANALISIA
Ez horren urruti
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu