Leku-lekutan

Ezgauza

arantxa elizegi egilegor
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Elkarrizketarako plataforma gisa sortu zuten NBE Nazio Batuen Erakundea duela 65 urte. Sei helburu nagusi ere ezarri zituzten: nazioarteko legedia errespetaraztea, segurtasuna bermatzea, garapen ekonomikoa bultzatzea, gizarte garapenari laguntzea, giza eskubideak bermatzea eta bakea sustatzea. Handinahiko asmo eta ametsekin jaio zen, eta mundua leku hobea bilakatuko zuela sinetsarazi zien herritarrei; baina urteek erakutsi dute NBE ezgauza dela sei helburu horietatik bakar bat ere betetzeko. Elkarrizketarako gune izatetik, bakarrizketarako plataforma izatera igaro da; legea betearaztetik, potentzia handien interesak defendatzera; segurtasuna bermatzetik, gerrak laguntzera; nazioartearen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzetik, aberatsenen poltsikoak gizentzera; eta giza eskubideak eta bakea sustatzetik, milioika dolar xahutzeko bestetarako balio ez duten ustezko bake misioak finantzatzera.

Ezintasun horren froga dira bai Kongoko Errepublika Demokratikoan gertatutakoa eta baita Milurtekoaren Garapenerako Helburuen porrota ere. Lehenengoan, egungo bake misio handi -17.000 kasko urdin-, eta garestiena du NBEk -963,5 milioi euro urtean-. Eta, hala ere, ez da ezer egiteko gai izan miliziek eta desertatutako soldaduek uztailaren 30a eta abuztuaren 2a bitartean 300dik gora herritar bortxatzen zituzten bitartean. Nahiz eta kasko urdinen basea handik 32 kilometro eskasera egon, eta miliziak handik oso gertu zeudela jakin, hamar egun geroago arte ez ziren erasoa gertatutako eremura azaldu. Tarte horretan gerrillariek ihes egiteko denbora izan zuten. Eta sarraski horren guztiaren inguruan, «huts» egin zuela aitortzera eta biktimak zenbatzera mugatu da NBE. Izan ere, Segurtasun Kontseilua da inoren aurkako zigorrak ebazteko ahalmena duen bakarra, eta bertako bost kide egonkorrek -AEBak, Txina, Errusia, Frantzia eta Erresuma Batua- badituzte kezka garrantzitsuagoak, antza.

Milurtekoaren Helburuei dagokionez, berriz, epemuga heltzeko bost urte falta arren, ia ziurra da NBEren enegarren porrota izango direla. Egia da, eta aitortu beharrekoa, egitasmoak arrakasta txikiak izan dituela non edo han, baina erakundeko elikadura eskubiderako ordezkari bereziak, Olivier de Schuterrek onartu duen gisan, nazioartea karitatezko ekintzak egitera mugatu da, pobrezia eta garapen ezaren benetako arrazoien kontra egin beharrean. Ondorioz, gaur egun duela hamar urte baino ehun milioi lagun gehiago bizi dira gosez, eta bost segundoan behin 10 urte baino gutxiagoko haur bat hiltzen da, eta mila milioi pertsona egunean dolar bat baino gutxiagorekin bizi dira. Hori nahikoa ez, eta krisiaren aitzakian ia erdira murriztu dituzte Munduko Elikadura Programarako laguntzak, kontuan izan gabe, hain zuzen, lehendik pobreak direnak direla krisiak gogorren jotzen dituenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.